Goierritarrak dira Euskal Herriko gaztagile onenak
Idiazabal gaztaren jatorriko gaztagileek goi mailan eusten diote esnekiaren ospeari. Euskal Herriko gazta txapelketa da lekuko. Gasteizen jokatu zen, larunbatean, eta lehendabiziko bi postuetan goierritarrak sailkatu dira. Txapela Eli Gorrotxategi beas...
Idiazabal gaztaren jatorriko gaztagileek goi mailan eusten diote esnekiaren ospeari. Euskal Herriko gazta txapelketa da lekuko. Gasteizen jokatu zen, larunbatean, eta lehendabiziko bi postuetan goierritarrak sailkatu dira.
Txapela Eli Gorrotxategi beasaindar eta Joxemari Jauregi lazkaotar senar-emazteek eskuratu dute, (434 puntu), lehiaketa horretan aurreneko aldiz. Ilarduian (Araba) bizi dira, eta han daukate Leze gaztandegia, Aizkorriren hegoaldera. Zurezko kaikua, urteko artzain bati bereizgarri ematen dioten ikurra, Gorrotxategik berak jaso zuen.
Bigarren postua ere Goierrira etorri da. Olaberriko Aizpea gaztandegiak lortu du txapeldunorde izatea. Olaberritarrek 387 puntu eskuratu zituzten. Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta senar-emazteek jaso zuten saria.
Euskal Herriko txapelketan 40 artzainek aurkeztu zituzten gaztak, Hegoaldeko lau herrialdeetatik hamarna, bakoitzeko lehiaketetan sailkatutakoak, hain zuzen. Gasteizko Foruen Plazan antolatu zuten feria.
Arabakoak lautik hiru
Lehenengo lau postuetan hiru gaztagile arabar sartu ziren, Lezekoak barne. Hirugarren Araiako Unai Lekuonak egin du (366 puntu), laugarren Larreako Olabe Beitiak (358,5) eta bosgarren Durangoko (Bizkaia) Itxaso Barrenetxeak (355,5).













