Naturari lotutako ipuinekin irekiko dute mineralen asteburua gaur
[Jaitsi egitaraua .pdf formatuan]
Ipuin kontaketa saio batekin emango diote segida gaur Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia asteari. Lurretik sortutako ipuinak izena du saioak eta Izaskun Mujikak gidatuko du.
Lurreko «hazi berezietan» oinarrituko du Mujikak kontaketa: «lurrean landatuz, zainduz eta ureztatuz gero, ipuin eder eta bitxiak sortzen dituzten» hazi horietan. «Ipuin zaharrak» izango dira batzuk, «agian fosilak bezain zaharrak, aspaldikoak, agian lurrean dinosauroak bizi zirenekoak», baina guztiak ere «naturarekin harremana duten kultura desberdinetako istorioak» izango dira, «lurra errespetatzen eta zaintzen erakusten duten ipuinak». 17:00etan hasiko du saioa eta 4 urtetik gorako haurrentzako izango da. 50 minutu iraungo ditu eta euskaraz izango da.
Egunotan Mehatzaria naiz eta Mineralen erabilera bitxiak erakusketak ere ireki dituzte Juan de Lizarazu erakusgelan eta Urrelur museoan. Bigarren honetan bisita gidatuak ere egiten dihardute aste osoan zehar. Asteburuan hiru egingo dituzte: 12:30ean, 17:30ean eta 18:30ean. Urrelur museoaren atean elkartuko dira ordu horietan eta bisitak irekiak eta doakoak dira herritar guztientzako.
Ibilaldi geologikoa ere zapatuan egingo dute, 11:30ean kultur etxean. Bertan, harkaitzen azterketaren bidez, Urretxuk eta herriak hartzen duen lur eremuak jasan duen bilakaera ezagutaraziko dute. Ez soilik herria 1383. urtean sortu zutenetik; geruza geologikoen azterketarekin «orain dela milioika urte eremu honetan zer gertatu zen» ere ikusiko baitute. Asteburuan, bestetik, Mineralen, Fosilen eta Harribitxien XXIV. Urrelur feria eta haurrentzako jolas parkeak ere irekiko dituzte, azken hauek Gernikako Arbola eta Iparragirre plazetan.














