Legorretan udal tasak KPIri dagokion %3 igoko dira, eta hobari berria sortu dute
Legorretako Udalbatzak gaur zortzi onartu zuen 2012rako udal tasen eta zergen ordenantza. Orokorrean, KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen portzentajea —%3, abuztuko erreferentzia— igoko dira datorren urtean tasa gehienak. Zaborraren eta uraren kasuan altuagoa izango da igoera, %8koa eta %7,8koa, hurrenez hurren, Sasieta Mankomunitateak eta Gipuzkoako Urakek udalari ezarriko dion hazkundea adina. Krisi egoerarekin «kontziente» eta «beharrik handiena dutenak kontuan hartuta» igo ditu udalak zergak. «Erantzukizunetik aurre egin diogula baiezta genezake. Bi helburu bete nahi ditugu: 2012ko aurrekontuan gastu arruntei eta inbertsio batzuei ziurtasuna eta iraunkortasuna ematea, batetik; eta, bestetik, beharrik gehiena duten herritarrei elkartasuna adieraztea», dio udalak oharrean. Ordenantza fiskal «arduratsuak» hobari berria du. Familiako kide guztien artean lanbide arteko gutxieneko soldatara (hileko 641,40 euro) iristen ez direnei exentzioa aplikatuko zaie. Etxearen kontribuzioa, eta zaborraren eta uraren tasak ez zaizkie kobratuko horiei, «garai gogor hauetan okerren pasatzen ari direnei laguntza» emateko. Ura eta zaborra, gehiago hazi Udalak zerga gehienei jarri dien %3ko igoeratik aparte geratzen dira ura eta zaborra. Urarekin 2011n udalak 27.085,69 euroko defizita izango duela aurreratu du, Gipuzkoako Urakek metro kuboko udalari kobratzen dion kuotaren eta zergekin herritarrei kobratzen zaienaren arteko desfaseagatik. 2012an familiako 10,72 euro da igoera (%7,8). Zaborrarekin galera 25.852,56 euroan zenbatu du, «%51,28ko defizita». Datorren urteko [...]
Legorretako Udalbatzak gaur zortzi onartu zuen 2012rako udal tasen eta zergen ordenantza. Orokorrean, KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen portzentajea —%3, abuztuko erreferentzia— igoko dira datorren urtean tasa gehienak. Zaborraren eta uraren kasuan altuagoa izango da igoera, %8koa eta %7,8koa, hurrenez hurren, Sasieta Mankomunitateak eta Gipuzkoako Urakek udalari ezarriko dion hazkundea adina.
Krisi egoerarekin «kontziente» eta «beharrik handiena dutenak kontuan hartuta» igo ditu udalak zergak. «Erantzukizunetik aurre egin diogula baiezta genezake. Bi helburu bete nahi ditugu: 2012ko aurrekontuan gastu arruntei eta inbertsio batzuei ziurtasuna eta iraunkortasuna ematea, batetik; eta, bestetik, beharrik gehiena duten herritarrei elkartasuna adieraztea», dio udalak oharrean.
Ordenantza fiskal «arduratsuak» hobari berria du. Familiako kide guztien artean lanbide arteko gutxieneko soldatara (hileko 641,40 euro) iristen ez direnei exentzioa aplikatuko zaie. Etxearen kontribuzioa, eta zaborraren eta uraren tasak ez zaizkie kobratuko horiei, «garai gogor hauetan okerren pasatzen ari direnei laguntza» emateko.
Ura eta zaborra, gehiago hazi
Udalak zerga gehienei jarri dien %3ko igoeratik aparte geratzen dira ura eta zaborra. Urarekin 2011n udalak 27.085,69 euroko defizita izango duela aurreratu du, Gipuzkoako Urakek metro kuboko udalari kobratzen dion kuotaren eta zergekin herritarrei kobratzen zaienaren arteko desfaseagatik. 2012an familiako 10,72 euro da igoera (%7,8).
Zaborrarekin galera 25.852,56 euroan zenbatu du, «%51,28ko defizita». Datorren urteko zabor tasa 5,60 euro gehiago da (%8 igo).












