Lan munduan euskara bultzatzeko Lanean ekimena berriz abiarazi dute
Ordiziako Udalak berriro heldu dio enpresetan eta lan munduan euskara bultzatzeko Lanean egitasmoari. Herriko enpresetan euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzea da egitasmo horren helburu nagusia. Izan ere, ekimena bultzatu duen Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ustez, «lan handia dago egiteko oraindik lan munduan». Beste hainbat arlotan, azken urteetan euskararen normalizazioaren alde urrats esanguratsuak eman badira ere, lan arloa, euskararen normalizazio bidean, «lan arloa ez da behar bezainbeste kontuan hartu, nahiz eta sektore estrategikoa den». Hala, hutsune horri erantzutera datoz azken urteotan Euskal Herri mailan esparru horretan bideratu diren ekimenak, eta Ordizian, zehazki, gaur egun burutzen ari direnak. Lanean egitasmoa Ordiziara mugatzen da; herrira barrura begirakoa da, hortaz. Eta egitasmoaren helburu nagusietako bat, lehendik egitasmoan euskararen normalizaziorako neurriak hartu zituzten enpresekin harremana berreskuratzea eta hartuta zituzten konpromisoei bultzada berri bat ematea da. Horrekin batera ordea, enpresa berriak egitasmora gonbidatu nahi dituzte, eta bide batez, Ordiziako lan munduan eragile direnekin koordinazioa eta elkarlana sustatu. 15 enpresa eta erakunde Gaur egun, herriko bederatzi enpresa txiki dabiltza egitasmoan, izaera desberdinekoak, eta gehienak, lehendik aritutakoak: ACV Multimedia, Apain, Arbela, Goierri Aukera, Goietxe, Gruas Goiherri, Gureak, Ikena eta Mekalan. Bere garaian euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartu dituzten enpresak dira (ahozkoan, dokumentazioan, errotulazioan, aplikazio informatikoetan, etab.) eta horien [...]
Ordiziako Udalak berriro heldu dio enpresetan eta lan munduan euskara bultzatzeko Lanean egitasmoari. Herriko enpresetan euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzea da egitasmo horren helburu nagusia. Izan ere, ekimena bultzatu duen Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ustez, «lan handia dago egiteko oraindik lan munduan».
Beste hainbat arlotan, azken urteetan euskararen normalizazioaren alde urrats esanguratsuak eman badira ere, lan arloa, euskararen normalizazio bidean, «lan arloa ez da behar bezainbeste kontuan hartu, nahiz eta sektore estrategikoa den». Hala, hutsune horri erantzutera datoz azken urteotan Euskal Herri mailan esparru horretan bideratu diren ekimenak, eta Ordizian, zehazki, gaur egun burutzen ari direnak.
Lanean egitasmoa Ordiziara mugatzen da; herrira barrura begirakoa da, hortaz. Eta egitasmoaren helburu nagusietako bat, lehendik egitasmoan euskararen normalizaziorako neurriak hartu zituzten enpresekin harremana berreskuratzea eta hartuta zituzten konpromisoei bultzada berri bat ematea da. Horrekin batera ordea, enpresa berriak egitasmora gonbidatu nahi dituzte, eta bide batez, Ordiziako lan munduan eragile direnekin koordinazioa eta elkarlana sustatu.
15 enpresa eta erakunde
Gaur egun, herriko bederatzi enpresa txiki dabiltza egitasmoan, izaera desberdinekoak, eta gehienak, lehendik aritutakoak: ACV Multimedia, Apain, Arbela, Goierri Aukera, Goietxe, Gruas Goiherri, Gureak, Ikena eta Mekalan. Bere garaian euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartu dituzten enpresak dira (ahozkoan, dokumentazioan, errotulazioan, aplikazio informatikoetan, etab.) eta horien jarraipena egiten da urtean bitan. Egitasmoan parte hartzen ari diren enpresek, udaletik diru-laguntzak jasotzeko aukera ere badute.
Enpresa txiki horiez gain, parte hartzaileen artean daude Orkli eta Goieki garapen agentzia, beraien baitan euskara plan propioa dutenak. Hain zuzen ere, Orklik eta Goiekik, Eroski, Goierri Lanbide Eskola eta Ikaslanekin batera, Lanean egitasmoaren talde eragilea osatzen dute. Talde horren helburuen artean daude egitasmoa komunikatzea eta gizarteratzea, parte hartzaileen motibazioan eragitea, eta eragileen arteko koordinazioa eta jarraipena sustatzea.
Horiekin guztiekin batera, Ordizian Merkatari Elkartearekiko harremana ere sustatzen ari dira, elkarte horrek herrira begira bideratzen dituen ekintzetan euskara zaindu eta presente izan dezan.
Imanol Iturriotz (Ordiziako euskara zinegotzia):
«Enpresa txikiak izan ditugu oinarri»
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzutik ari dira Lanean ekimena bideratzen. Lan horretan buru belarri dabil Imanol Iturriotz zinegotzia.
Zer dela eta heldu diozue berriro egitasmo honi?
Lehendik bide bat eginda zegoela ikusi genuen: herriko hainbat enpresa eta dendekin harremanetan jarri ginen, egitasmoaren berri eman eta euren parte hartzea bultzatzeko. Emaitza txukunak jaso genituen eta, hortaz, etenaldi txiki baten ondoren, gaiari berriro heltzeko une egokia zela ikusi genuen. Are gehiago, Ordiziako lan munduan, euskararen arloan zer hobetua dagoela ikusita.
Batez ere enpresa txikiek parte hartzen dute egitasmoan.
Bai. Ordizian, oro har, enpresa txikiak ditugu, eta eurak izan ditugu oinarri. Harreman xumea dugu eurekin, adostuta dituzten konpromisoen zuzeneko jarraipena urtean bitan egiten dugu eta. Horretarako laguntza eskaintzen diegu, itzulpenak eginez, diru-
laguntzen berri emanez, etab.
Talde eragilea ere antolatu duzue aurten, lehenengoz.
Bai. Egitasmoaren inguruko proposamenak lantzeko gune baten beharra ikusten genuen, eta hortik sortu dugu talde eragilea. Gainera, enpresa handiagoetara hurbiltzeko bidea izan da. Orkli, Eroski, Goierri Lanbide Eskola, Ikaslan eta Goiekik osatzen dute talde eragilea, eta euskararen inguruan duten inplikazioagatik eta egiten ari diren lanagatik funtsezko eragileak dira egitasmoan.
Zer asmo dituzue aurrera begira?
Enpresa txikiekin adostutako ekintzen jarraipena egin eta urrats berriak eman nahi ditugu. Halaber, talde eragilea sendotu nahi dugu, ahal dela beste partaideren bat gehituz. Eta bereziki, egitasmoan modu batera edo bestera parte hartzen duten guztien arteko elkarlana sustatu nahi dugu, hala emaitzak eraginkorragoak izango dira eta.












