Hamaika gehiagoren zain
San Martin egunaren biharamunean ospatu da aurten Sustraiez Blai musika jaialdia Ordizian, eta sanmartinetako udatxoa bete-betean egokitu dela zalantzan jartzerik ez dago. Hego haizea hara eta hona ibili zen egun osoan, eta horren ondorioz, asko izan ziren arratsalde pasa joan eta gauean festari jarraipena eman ziotenak. Sustraiez Blai munduko kulturen topaketak 11 urte bete ditu aurten, eta antolatzaileen aurreikuspenak beteta, beste hamaika urtetarako oinarriak jarri dituztelakoan daude. Zeregin horretan jarraituko dute jaialdia posible egiten duen lantaldeak eta kolaboratzaileek. Ordiziako herrigunean antolatu dute bigarren urtez segidan Sustraiez Blai, eta erabaki horrekin asmatu dutelakoan daude antolatzaileak. Etorkizunean ere hala izatea nahi dute. Aurten, gainera, artisautza azoka jarri dute aurrenekoz plazaren bueltan, eta horrek jende dezente erakarri zuen goizean goizetik: bitxi saltzaileak, landare saltzaileak, gozogileak… Bestelako itxura eman zion horrek jaialdiari, publiko gehiagorengana ailegatzeko bidea zabalik utziz. Garagartza plazan ziren lehen emanaldiak, 18:00etan. Hasiera batean jende handirik sumatzen ez bazen ere, La Trocamba Manatusca taldea Balkanetako doinuak jotzen hasi, eta haren erritmoan Dilshad taldekoak sabel-dantzarekin hasi zirenean, adin guztietako jendea inguratu zen emanaldiarekin gozatzera. Jaialdiaren unerik politena Jendea afaltzeko zela hasi zuen emanaldia Adabegi talde zestoarrak. Ikus-entzule ugari harrituta utzi zuen taldeak, ez baita eguneroko aditzen den saioa. Omara Moctar Bombino eta haren [...]
San Martin egunaren biharamunean ospatu da aurten Sustraiez Blai musika jaialdia Ordizian, eta sanmartinetako udatxoa bete-betean egokitu dela zalantzan jartzerik ez dago. Hego haizea hara eta hona ibili zen egun osoan, eta horren ondorioz, asko izan ziren arratsalde pasa joan eta gauean festari jarraipena eman ziotenak. Sustraiez Blai munduko kulturen topaketak 11 urte bete ditu aurten, eta antolatzaileen aurreikuspenak beteta, beste hamaika urtetarako oinarriak jarri dituztelakoan daude. Zeregin horretan jarraituko dute jaialdia posible egiten duen lantaldeak eta kolaboratzaileek.
Ordiziako herrigunean antolatu dute bigarren urtez segidan Sustraiez Blai, eta erabaki horrekin asmatu dutelakoan daude antolatzaileak. Etorkizunean ere hala izatea nahi dute. Aurten, gainera, artisautza azoka jarri dute aurrenekoz plazaren bueltan, eta horrek jende dezente erakarri zuen goizean goizetik: bitxi saltzaileak, landare saltzaileak, gozogileak… Bestelako itxura eman zion horrek jaialdiari, publiko gehiagorengana ailegatzeko bidea zabalik utziz.
Garagartza plazan ziren lehen emanaldiak, 18:00etan. Hasiera batean jende handirik sumatzen ez bazen ere, La Trocamba Manatusca taldea Balkanetako doinuak jotzen hasi, eta haren erritmoan Dilshad taldekoak sabel-dantzarekin hasi zirenean, adin guztietako jendea inguratu zen emanaldiarekin gozatzera.
Jaialdiaren unerik politena
Jendea afaltzeko zela hasi zuen emanaldia Adabegi talde zestoarrak. Ikus-entzule ugari harrituta utzi zuen taldeak, ez baita eguneroko aditzen den saioa. Omara Moctar Bombino eta haren taldearen txanda zen hurrena. Haren doinuek Nigerreko basamortura eraman zituen Ordizian bildutakoak, hainbat une magiko sortuz. Jaialdiaren unerik politena Adabegiko dantzari afrikarra dantzara igo zitzaienekoa izan zen, izugarrizko giroa sortuz. Samueliko y los Guailers kataluniarrek runba, ska eta reggae doinuak jo zituzten, plazako jaialdiari bukaera dantzagarria emanez. Talo DJak jarri zuen festa goizaldera arte, Sugaar tabernan jarri zuen diskoteka etnikoaren bidez.













