Atzeratu egin dute Agirre-Etxeberriko hitzarmenaren onarpena, kezkak argitzeko
Legazpiko Udalak atzeratu egingo du Agirre-Etxeberri eraikinaren hitzarmenaren onarpena. Hala erabaki zuten herenegungo Osko Bilkuran. Udal gobernuko taldeak hitzarmen proposamen bat eraman zuen Osoko Bilkurara. Hirigintza batzordetik igarotakoa zen. Hala ere, gainontzeko alderdiek euren kezkak agertu zituzten hitzarmenak udalari esleitzen zion jabego eskumenaren zehaztasunaren gainean, eta hori ikusirik, Kepa Urzelai alkateak gaia mahai gainean uztea proposatu zion udalbatzarrari, hurrengo batzordean eztabaidatzera begira. Aho batez onartu zen hau. Gainontzeko puntuek eztabaida gutxi ekarri zuten. Batetik, euskara biziberritzeko plan nagusia urtebetez luzatzeko proposamena onartu zuten. Legealdiro plan berria onartu ohi da, baina oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, urtebetez atzeratuko dute plan berria, herri guztietako euskara planetarako lanabes informatiko bat prestatu zain. Hala, Legazpiko udalak egun indarrean dagoen plana urtebetez luzatzea erabaki du. Kamioiak aparkatzeko gunea ere hizpide izan zuten bilkuran. Hemen erabaki zutenez, gune honetan egin ahalko diren eraikinek edo eskaini ahalko diren zerbitzuek kamioiei lotuta egon beharko dute. Hala, hotela eta ostatua aipatu zituzten, eta baita beste alorretako merkataritza jarduerak bertan garatzeko debekua ere. 4.500 metro koadroko eremua izango da eta hiri antolamendurako plan orokorraren baitan dago. Urtatza auzoko 27 zenbakiko etxebizitzen, garajeen eta trastelekuen lehen transmisioak ere onartu zituen herenegun udalak, eta baita Herrigintza sozietateak eskatutako 100.000 euroko kreditu [...]
Legazpiko Udalak atzeratu egingo du Agirre-Etxeberri eraikinaren hitzarmenaren onarpena. Hala erabaki zuten herenegungo Osko Bilkuran.
Udal gobernuko taldeak hitzarmen proposamen bat eraman zuen Osoko Bilkurara. Hirigintza batzordetik igarotakoa zen. Hala ere, gainontzeko alderdiek euren kezkak agertu zituzten hitzarmenak udalari esleitzen zion jabego eskumenaren zehaztasunaren gainean, eta hori ikusirik, Kepa Urzelai alkateak gaia mahai gainean uztea proposatu zion udalbatzarrari, hurrengo batzordean eztabaidatzera begira. Aho batez onartu zen hau.
Gainontzeko puntuek eztabaida gutxi ekarri zuten. Batetik, euskara biziberritzeko plan nagusia urtebetez luzatzeko proposamena onartu zuten. Legealdiro plan berria onartu ohi da, baina oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, urtebetez atzeratuko dute plan berria, herri guztietako euskara planetarako lanabes informatiko bat prestatu zain. Hala, Legazpiko udalak egun indarrean dagoen plana urtebetez luzatzea erabaki du.
Kamioiak aparkatzeko gunea ere hizpide izan zuten bilkuran. Hemen erabaki zutenez, gune honetan egin ahalko diren eraikinek edo eskaini ahalko diren zerbitzuek kamioiei lotuta egon beharko dute. Hala, hotela eta ostatua aipatu zituzten, eta baita beste alorretako merkataritza jarduerak bertan garatzeko debekua ere. 4.500 metro koadroko eremua izango da eta hiri antolamendurako plan orokorraren baitan dago.
Urtatza auzoko 27 zenbakiko etxebizitzen, garajeen eta trastelekuen lehen transmisioak ere onartu zituen herenegun udalak, eta baita Herrigintza sozietateak eskatutako 100.000 euroko kreditu kontuari abala ematea ere. Urtatza Zaharpen egingo diren bi eraikinetan 12 etxebizitza egin ordez 18 egitea ere adostu zuten zinegotziek batzarrean.
Azkenik, hiru mozio onartu zituzten. Lehena Bilduk proposatu zuen eta desadostasuna agertzen zien Itsasoko eta Dicastilloko azpiestazio elektrikoak lotuko dituen 400 kv-ko goi tentsioko lerroari. Bilduko zinegotzien aldeko botuekin eta gainontzekoen abstentzioarekin onartu zuten. Euskararen Egunaren gaineko beste bi mozio ere onartu zituzten bilkura amaitu aurretik. Bata Bilduk aurkeztu zuen. Urretxun pasa den astean onartu zutenaren ildotik doa. Bertan, udalak hainbat konpromiso hartzen ditu udal langileek euskara lehenetsi dezaten. Bilduko zinegotziek babestu zuten mozioa, PSE-EEkoek kontra bozkatu zuten eta EAJkoak eta H1ekoa abstenitu egin ziren. Bigarren mozioa EAJk aurkeztu zuen. Euskara indartzeko «neurri malguak eta politika egokiak bultzatzeko» konpromisoa esleitzen dio udalari. Alderdi guztien babesarekin onartu zen hau.
Bukatzeko, Urzelai alkateak jakitera eman zuenez, Igor Urratek utzi egingo du Ur Kontsorzioko ordezkaritza. Urzelai bera izango da udalaren ordezkaria. PSE-EEko Oskar Valbuenak aurrekontuen epeei buruz ere galdetu zuen, eta alkateak abendu erdialdera herritarren aurrean aurkeztuko dituztela jakinarazi zuen.