‘Ataun of the dead’ zonbien filma aurkeztuko dute, Zumalakarregin
Beñat Iturrioz gazteak, Xabier Padin lagunarekin batera zuzendu duen Ataun of the dead laburmetraia aurkeztuko du larunbatean Zumalakarregi Museoan, iluntzeko zortzietatik aurrera. Ondoren, laburmetraia proiektatuko dute museoko tailerrean, eta gero filmari buruz eztabaidatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Sarrera doan izango da, eta plaza mugatuak daude. Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko arduradunak jakitera eman duenez, 100 lagunentzako lekua izango da. Interesatuek 943 88 99 00 telefono zenbakira deitu behar dute edota mzumalakarregi@gipuzkoa.net helbidera idatzi. Museora bertara ere joan daitezke erreserba egitera. Filma Ataunen girotuta dago, eta 20bat minutuko iraupena du. Euskal zonbien lehen pelikula euskalduna eta umoretsua da. Lehendakaritzara abertzalea ez den agintaria iritsi denez, bi zientzialari karlistek Zumalakarregi jenerala berpizteko saiakera egingo dute pelikulan «euskal politikan fundamentua» jarri dezan. Tartean Ataunera kutsatutako Idiazabal Gazta bat iritsiko da, eta ataundarrak zonbi bihurtuko dira. Arkeologoak lanbidez Ataunen, Jentilbaratzako indusketa arkeologikoan lanean ari zirela -arkeologoak dira lanbidez- bururatu zitzaien zonbiei buruzko filma egitea. Ideia sortu, garatu eta grabatu egin zuten. Filmaren erdia Ataunen dago grabatuta eta beste erdia Hernanin. «Txindokin ere hartu nahi izan genituen agerraldi batzuk, baina ezinezkoa izan zen, eta Adarra mendira jo genuen», dio Iturriozek. Grabazio lanetan ari zirela jendearen arreta piztu zuten eta batzuk ausartu ziren zer zen eta noiz [...]
Beñat Iturrioz gazteak, Xabier Padin lagunarekin batera zuzendu duen Ataun of the dead laburmetraia aurkeztuko du larunbatean Zumalakarregi Museoan, iluntzeko zortzietatik aurrera. Ondoren, laburmetraia proiektatuko dute museoko tailerrean, eta gero filmari buruz eztabaidatzeko aukera izango du bertaratzen denak.
Sarrera doan izango da, eta plaza mugatuak daude. Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko arduradunak jakitera eman duenez, 100 lagunentzako lekua izango da. Interesatuek 943 88 99 00 telefono zenbakira deitu behar dute edota mzumalakarregi@gipuzkoa.net helbidera idatzi. Museora bertara ere joan daitezke erreserba egitera.
Filma Ataunen girotuta dago, eta 20bat minutuko iraupena du. Euskal zonbien lehen pelikula euskalduna eta umoretsua da. Lehendakaritzara abertzalea ez den agintaria iritsi denez, bi zientzialari karlistek Zumalakarregi jenerala berpizteko saiakera egingo dute pelikulan «euskal politikan fundamentua» jarri dezan. Tartean Ataunera kutsatutako Idiazabal Gazta bat iritsiko da, eta ataundarrak zonbi bihurtuko dira.
Arkeologoak lanbidez
Ataunen, Jentilbaratzako indusketa arkeologikoan lanean ari zirela -arkeologoak dira lanbidez- bururatu zitzaien zonbiei buruzko filma egitea. Ideia sortu, garatu eta grabatu egin zuten. Filmaren erdia Ataunen dago grabatuta eta beste erdia Hernanin. «Txindokin ere hartu nahi izan genituen agerraldi batzuk, baina ezinezkoa izan zen, eta Adarra mendira jo genuen», dio Iturriozek. Grabazio lanetan ari zirela jendearen arreta piztu zuten eta batzuk ausartu ziren zer zen eta noiz eta non aurkeztuko zuten galdetzera.
Grabaketa hamar bat egunetan egin zuten, baina hasi zirenetik bukatu zuten arte guztira sei hilabete pasatu ziren. Lana amaitu eta Hernanin aurkeztu zuten filma, lagun artean. Orduz geroztik leku gehiagotan ere izan dira.
Lagun artean egindakoa
Filma lagun artean egin dute. Ez da, profesionala, beraz, amateurra baizik. Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek osatu zuten gidoia, eta zuzendu ere beraiek egin dute. Musika koadrilako David Larrañagaren, Harri Iturrioz anaiaren eta bere artean sortu dute. «Musika aldetik baditu bihurrikeriak. Esaterako, Batman filmako musika entzun liteke, baina panderoaz eta albokaz jota. Euskal mundua mundu friky horrekin nahasten duen gauza arraro batzuk baditu bai». Aktore lanetan berriz, lagun-taldeko beste hainbat kide aritu dira.
Filma batez ere ondo pasatzeko egin zuten, eta baita zinema munduko teknikaren nondik norakoak ikasteko ere. «Kamera erabiltzen, ideiak lantzen eta horrelakoak ikasi ditugu, antzezten ez dakit zerbait ikasi dugun», dio irribarrez Iturriozek.
Trilogiaren lehen atala
Ataun of the dead trilogia baten lehen atala da. Hasiera hasieratik garbi zuten, gainera, horrela izango zela. Lehendabiziko filmean Zumalakarregi berpizten dute zonbi moduan, bigarrenean Agirre lehendakaria berpiztuko dute banpiro moduan eta hirugarrenean Antxo Nagusia, momia moduan.
Hiru pertsonaia horiek zergatik aukeratu dituzten galdetuta, Iturriozek esan du Beldurrezko zinemaren astean Donostian zonbi naziei buruzko filma eman zutela, eta beraiek karlisten eta zonbien filma egitea pentsatu zutela. Beste biak Euskal Herriko pertsonaia mitikoak berpizten jarraitzeagatik aukeratu zituzten.
Bigarren filma 2012an zehar grabatuko dutela aurreikusten dute, eta espiritu berarekin egingo dute, hau da, lagun taldean eta diru laguntzak eskatu gabe.












