Pertsona bat atxilotu dute Urretxun, lapurreta egitea leporatuta
Bart gauean pertsona bat atxilotu dute Urretxun lapurreta egitea egotzita. Ustez denda bateko erakusleihoa apurtu eta erlojuak lapurtu izana leporatzen diote.
Goizeko lehen orduan atxilotu dute ertzainek 21 urteko gaztea. Indarra erabiliz lapurreta egitea leporatu diote. Herrizaingo sailak jakitera eman duenez, gaztea estolderietako burdinazko tapa bat lurrean uzten ari zela ikusi dute ertzainek, eta erakusleihoa apurtuta. Esan dutenez, gazteak «ahal izan dituen objektuak hartu ditu» eta «ihesari eman dio». Beranduago Gernikako Arbola plazaren inguruetan atzeman dute ustezko lapurra.
Lapurtutako bost erloju ere inguru horietan aurkitu dituzte, sastraka batzuen atzean ezkutatuta, dendak markatutako prezioaren etiketa eta guzti. Atxilotuak aurrekariak ditu.












