Zubiko bisita gidatuei buruz balorazio “ona” egin dute Zegamako turismo bulegokoek
Abenduaren 9an eta 10ean San Adriango kobara egindako bisita gidatuen inguruan balorazio «ona» egin dute Zegamako turismo bulegokoek. Egun batean zein bestean 09:03ean irten ziren Zegamako turismo bulegotik, eta kotxez joan ziren Aldaolaraino. Egokit...
Abenduaren 9an eta 10ean San Adriango kobara egindako bisita gidatuen inguruan balorazio «ona» egin dute Zegamako turismo bulegokoek.
Egun batean zein bestean 09:03ean irten ziren Zegamako turismo bulegotik, eta kotxez joan ziren Aldaolaraino. Egokitu berri duten bidea erabiliz iritsi ziren San Adrianera. Hala, bidean Aldaolako ur kanalaren istorioak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
San Adrianen Aranzadi Zientzia elkartekoak egiten ari diren indusketei buruz hitz egin zieten turismo bulegokoek. Ermitaren aurrean ari dira lanean, eta brontze garaiko hainbat keramika pieza aurkitu dituzte. Beste indusketa kanpainetan aurkitutako gauzen berri ere eman zieten.
Ondoren, gotorlekuaren parte izan zen Omenaldi Torrera joan ziren. Bertan egin zuten hamaiketakoa. Segidan tunela zeharkatuz, duela gutxi markatu duten ordu erdiko ibilbidea eginez, Aizkorriko magalean dagoen pagadi batean sartu ziren. Bertan besteak beste, txondor plazak, pagomotzak eta bideak ikusi zituzten. Pagaditik irten eta Leizarrateko eskaileretatik barrena bueltatu ziren turismo bulegora.
Otsailean bisita gehiago
Zegamako turismo bulegokoek jakitera eman dutenez, otsailean indusketak bukatzen dituztenean beste zenbait bisita gidatu antolatuko dituzte aurkikuntzen berri emateko.












