Energia kontsumoa murrizteko ideiak gabon garaian ere
Urretxuko udalak energia kontsumorik gabeko gabonetako apaingarriak jarri ditu aurten. Urteroko argi sistema ordezkatuko dute hauek.
Udaletik aditzera eman dutenez, argiztapena «oinezkoei gerturatu asmoz», herriko gune desberdinetako zuhaitzak kontsumo «oso baxuko» argiz apaindu dituzte. Bestetik, «berrikuntza garrantzitsutzat» jo dutena, energia kontsumorik eskatzen ez duten apaingarriak jarri izana da.
Kimu bat lorazaintza enpresaren laguntzaz diseinatu eta jarri dituzte apaingarri hauek. Zuhaitz kimaketetako soberakinekin egin dituzte.
Proposamen berritu honekin, udalak «gabonetako paisaia berria» irudikatu nahi izan du. Horretarako, «herritarren gogoan» dauden irudietan oinarrituko dira: kriseiluetan, zuhaitz azaletan, suaren presentzian, elur motetan…
Egunez apaingarri «ikusgarriak» direla esan dute, eta gauez, «kale argien argia isladatzen» dutela. Hala, udalak «material berrerabilgarrien presentzia aldarrikatu» nahi izan du, «gaurdaino izan dugun jarrera kontsumista lineala zirkular bihurtuz, hau da, birziklatuz eta gure natur baliabideei bizi luzeagoa eskainiz» esan dute. Argiak urtarrilaren 8ra arte piztuko dituzte.
Gabon girotzearen kostua, aurreko urteetako baino baxuagoa izango dela ere jakinarazi dute: 10.000 euro ingurukoa. Bi Tartean merkatari elkartearen laguntzaz ordainduko dute kopuru hau.













