
Kutxabanken -Kutxa, BBK eta Caja Vital kutxen bateratzetik sortu den erakundearen- sorrerak hautsak harrotu ditu. Hori horrela, azken astean Goierrin egin diren zenbait udalbatzarretan gaiak eztabaida sortu du bi puntuei dagokionez: Kutxako gobernu organoaren osaketa eta Kutxabankeko Administrazio Kontseiluaren eraketa.
Kutxaren Gobernu Organoa, besteak beste, herrietako ordezkariek ere osatzen dute. Herri bakoitzean ordezkaria izendatzeko irizpide ezberdinak daude Kutxak herri horretan duen sukurtsal kopuruaren arabera.
Sukurtsal bat baino gehiago dituen herriak ordezkari propioa izateko aukera du. Gainontzeko herriek aldiz, beste batzuekin taldea osatu behar dute ordezkaria adosteko. Taldeen eraketa herri bakoitzeko udalbatzarrean aurkeztu eta onartu behar da.
Bestetik, Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren eraketaren afera ere zer esana ematen ari da. Bildu eta Euskal Sozialistak gai honen inguruan Batzar Nagusietan adostutako mozio bat aurkezten ari dira herriz-herri.
Batzar Nagusietan adostutako ebazpenak Kutxabankeko Admnistrazio Kontseiluaren eraketa eta osaketa arbuiatzen ditu, «bi indar politikoren -EAJ eta PP- interes alderdikoietan oinarritu delako eta gizartearen eta euskal erakundeen ordezkaritza anitzaren parte hartzea alde batera» uzten duelako.
Era berean, ebazpenak oraingo Kutxabankeko kudeatzaileek Kutxa erakunde sortzailearentzako erabaki zen ordezkaritza errespeta dezala eskatu du. Kutxak arautzeko euskal legedi bat ere beharrezkoa dela nabarmendu dute mozioa sinatu duten bi alderdiek.
Herriz-herri
Ordizian, pasa den asteko udalbatzan landu zen, besteak beste, Kutxabank gaia. Batetik, Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren osaketaren aurka Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu zen. EAJk aurka bozkatu zuen. Jose Miguel Santamaria EAJko bozeramaleak Kutxabankeko izendapenarekin bat egiten duen testua irakurri zuen eta kontseiluaren profesionaltasuna nabarmendu zuen.
Bestetik, Kutxaren ordezkarien inguruko taldekatze akordioa ere onartu zuen udalbatzak Bilduren aldeko botoekin. Ordiziak udalerri hauekin egingo du bat: Hernani, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Villabona, Lizartza, Zumaia, Mutriku, Zaldibia, Ataun eta Ibarra.
Beasainen Kutxaren taldekako osaketaren aurka atera zen udalbatza EAJren eta PPren aurkako botoekin. EAJko Aitor Aldasoro proposamena gehiago lantzearen alde agertu zen. PPko Julio Herrerosek taldearen eraketa ez zuela ulertzen argudiatu zuen. Beasainek Soraluzerekin, Lasarterekin, Andoiainekin eta Pasaiarekin osatu beharko luke taldea.
Ormaiztegin ere landu dute gaia. Kasu honetan Kutxaren taldekako antolaketa onartu zen Bilduren aldeko botoekin. Ondorioz Ormaiztegik Urretxurekin, Azkoitiarekin, Oriorekin, Oreretarekin eta Zarautzekin partekatu beharko du ordezkaria. OHT eta Orbel alderdietako kideak abstenitu egin ziren. Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren eraketaren aurkako mozioa ere onartu zen bozketan emaitza berarekin.
Urretxuko udaletxean ere bi puntuak landu zituzten pasa den astean. Kutxako Gobernu Organoan taldea osatzeari baiezkoa eman zitzaion. Bilduren aldeko bozekin. EAJk kontra bozkatu zuen eta PSE-EE eta H1! abestenitu egin ziren. Honez gain, Kutxabank erakundeko administrazio kontseiluaren eraketan eta osaketan «interes guztiak ordezkatuta ez daudela» dioen mozioa ere onartu zen, bozka emaitza berarekin. Eztabaida luzea sortu zuen puntu honek.
Bestetik, Legazpiko Udalak baiezkoa eman zion Kutxako Gobernu Organoan ordezkaria izateko beste herri batzuekin biltzeari. Beste hamabi herrirekin osatuko du taldea Legazpik, tartean Segurarekin eta Lazkaorekin.