Goierrik zuriz jantzita agurtuko du gaurko eguna
Trafikoa.net webgunearen arabera, Idiazabalen, Irunera bidean, auto batek matxura izan du, eta zirkulazioari eragiten ari da. Legorretan ere, elurraren eta izotzaren erruz trafikoa motel dabil. Legazpin ere, 16:00ak aldera kamioi bat gurutzatuta gelditu da Udanako portuan. Ordu erdi bat inguru tardau dute bertatik kentzen, trafikoa Olaberriko industrialdetik bideratu dute bitartean.
12:30ak aldera, Ordizian trafiko arazo ugari izan dituzte. Autobideko sarrera-irteerak kolapsatuta zeuden Ordizia parean, kilometro erdiko auto ilarekin. Ordiziako Filipinak kalea itxita zegoen, autobus bat gurutzatu egin delako, eta Montañita inguruan ere arazoak izaten ari dira, autoak aldapan igo ezinik daudelako.
Gaintzan, traktorearekin
Gaintza inguruetan traktorearekin aritu dira errepidetik elurra kentzen. Gidariak esandakoaren arabera, bere eskumenetako errepideetatik Gipuzkoako Foru Aldundiko kamioiak igaro dira goizean goiz, eta bera baserri bideak garbitzen ibili da, 6:00etatik. Ordu horretan, Ordizian zero azpitik gradu bat zegoen. 6:30ak aldera, Gaintzan zero azpitik bi gradukoa zen tenperatura. Errepidean izotz pixka bat ere aurkitu du gidariak.
Aurreikuspena
Gaurko aurreikuspenaren arabera, zerua hodeiez beteta egongo da. Prezipitazio txikia egingo du eta trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra egiteko aukera txikia dago. Elur kota itsas mailan kokatuko da. Ipar osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperaturek ere behera egingo dute eta izotz txiki-handia egingo du. Elur-kota itsasmailan egongo da eta aurreikusitako lodierak 1 eta 7 zentimetro artekoak izango dira, edozein kotatara.
Bihar
Elurrari dagokion abisu horia. Noizbehinka zaparrada txikiak botatzeko probabilitatea handia da, bereziki kantauri isurialdearen mendebaldean. Elur-kota itsasmailan egongo da.
Izotza eta muturreko tenperatura baxuei dagokion alerta laranja izango da. Tenperaturek behera egingo dute: Kostaldean tenperatura minimoa -4 gradu ingurukoa izango da ekialdean eta -2 gradu ingurukoa mendebaldean. Tenperatura maximoa 3 gradu ingurukoa izango da. Kantauri zonaldeko barnealdean tenperatura minimoa -6 gradu ingurukoa izango da ekialdean eta -4 gradu ingurukoa mendebaldean. Maximoa 2 gradu ingurukoa izango da.
Larunbatean elur kotak gora egingo du, 200 eta 300 metro artera.I zotza eta muturreko tenperatura baxuei dagokion alertak laranja izaten jarraituko du, beti ere Euskalmeten arabera.
[19:30] Gaurko muturreko tenperatura baxuen alerta laranja, eta elur eta izotz alerta horiak zituzten iragarrita. Hau da, Goierrin izotza, hotza eta elurra egingo zituela: iragarpena, bete-betean asmatu dute. Alerta laranja larunbatera arte luzatu dute, gainera. Gipuzkoako Foru Aldundiak ehiza egitea debekatu du bihartik aurrera, eta eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uztea ere gomendatu du. Goiz partean kosta egin bazaio ere, eguna aurrera joan ahala, elurra geroz eta gogo gehiagorekin erori da Goierrin. Inguruak zuritzetik haratago, errepideetan arazoak ere sortu ditu. Urretxun eta Zumarragan, esaterako, Urretxuko aldapan hainbat autok buelta eman behar izan dute, aldapa igo ezinik. Leku berean hainbat pertsona ere lurrera erori dira, lurra irristakor baitago.