Goizaldeko izotza baino nabariagoa izan da eguerdian hasitako elurra

Ardiak, atzo, Zumarragan

Siberiako hotza bazetorrela eta bazetorrela aritu dira azken egunetan agintariak eta meteorologia adituak, baina Goierrin askosaz ere nabarmenagoa izan da elurraren presentzia izotzarena baino. Goierri garaian izotz burruntzi batzuk ikusi ahal izan ziren atzo goizaldean, eta baita Goierri beheko zoko eta inguru laiotzetan ere, baina komeriak eguerdi partean hasi ziren, elurra mara-mara hasi zuenean. Goierri ekialdeari erasan zion batez ere elurrak, Tolosaldetik sartu baitzen fronte hotza. Herri barrenetako kaleak eta baserri bideak berehala zuritu zituen elurrak, eta nahiko lan zuten autoek zuzen ibiltzen. Errepide sare nagusian ez zen aparteko arazorik izan. Etxeragaten gogotik ari zuen elurra eguerdian, baina elurra kentzeko zazpi makina aritu ziren lanean, eta berehala garbitu zuten bidea. Deskargan ere lau makina aritu ziren goizean goizetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 gatz silo ditu prest egun hauetarako. Eguerdian komeriak Ordizian Goierri ez zen zuri esnatu atzo, eta hotza ere ez zen horretarainokoa izan. Gaintzan, Goierriko herririk garaienean, zeropetik bi gradu zeuden 06:30ean, eta elur usaina bazegoen ere, botatzea falta zitzaion. Lierni inguruan ere zeropetik gradu bat zegoen 08:00ak aldera. Elurra eguerdian hasi zuen, orduan hasi ziren bazterrak zuritzen. Ordizian, esaterako, komeriak izan ziren, eskola irteerarekin bat eginez. Filipinak kalean autobus bat ez atzera eta ez aurrera geratu zen, Montañitako maldatxoa igo ezinik ere ibili ziren autoak, eta N-1 autobidearen sarrera-irteerak blokatuta egon ziren ordu erdiz, auto ilarak sortuz. Oianguren institutuan aritzen diren Zaldibiako hainbat ikasle, esaterako, oinez itzuli ziren haien herrira, autobusak ezin izan baitzuen haien bila joan. Ordiziako kasuan, garbitzaileak eta suhiltzaileak aritu ziren goizean kaleak eta espaloiak garbitzen, eta arratsaldean babes zibilak hartu zuen ardura hori. Hiru gradu zeropetik Ordizia, ordea, ez zen arazoak izan zituen herri bakarra. Lazkaotik Ataunera bidean ere lanak zituzten autoek aurrera egiteko, eta bide bazterrean geratu zenik ere izan zen. Eta elurra hastearekin batera egin zuen behera tenperaturak. Beasainen zeropetik gradu bat egiten zuen 13:00ean, eta Zumarragan hiru gradu zero azpitik 15:00ak aldera. Tenperatura jaitsiera horrekin batera hasi ziren arazoak Goierri garaian. Urretxuko aldapan, esaterako, jendea irrist egiten hasi zen, eta autoek arazoak izan zituzten nahi zuten lekura iristeko. Eskola kirola bertan behera Astebururako iragarpenak aintzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak eskola kirola progamaren jarduerak bertan behera uzteko gomendioa egin du, herri batetik besterako autoen joan-etorriak saihesteko.  

Gaur eta bihar elurra botako du Goierrin, eta zero azpitik zazpi gradu egin ditzake

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo saileko meterologia zuzendaritzak alerta laranja deitu du izotzagatik gaurtik bihar gauera arte, eta horia elurragatik. Kostaldean tenperatura -4 ingurukoa izatea espero da gaur, eta Goierri partean -6 ingurukoa. Bihar, berriz, gehiago hoztuko duela iragarri dute, eta Goierrin zero azpitik zazpi graduraino jaits daiteke tenperatura. Elurra, berriz, itsas mailan ere egingo duela iragarri dute gaurko meteorologoek, eta goiz partean botako duela batez ere.  Biharko ere antzeko iragarpena egin dute. Elur-kota itsasmailan kokatu dute, baina arratsalde partean 400 metrora igoko dela. Mila metro inguruan 10 zentimetroko geruza izango du elurrak, eta 200 metro inguruko herrietan 8 zentimetro ingurukoa.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa