San Blas eguneko herri bazkarirako paella prestatzen ari dira
San Blas jaien barruan urtero herri bazkaria egin ohi dute idiazabaldarrek. Menuan paella izaten dute, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Herriko plazan ari dira prestatzen, 700 lagunentzat. Arretxe elkarteko sei bazkide eta udaletxeko bi langile, Pello Unanue eta Lurdes Intxausti, ari dira lanean. Urteroko moduan, sukaldarien burua Javi Sanchez da, horrelakoetan eskarmentu handia baitu. Goizeko hamarretan ekin diote lanari sukaldariek. Jakiak prestatzen hasi aurretik, ordea, hainbat zeregin egin behar izan dute: paella prestatzeko ontzia ekarri, azpiegitura prestatu, sua piztu… Javi Sanchez antolatzaileak jakitera eman duenez, aurten Pello Unanue Idiazabalgo udaletxeko langileari esker “su hobea lortu dugu, eta beraz, azkarrago eta hobeto prestatu ahal izango dira jakiak”. Behin hasierako lanak eginda 12:30ak aldera hasi dira jana prestatzen. Guztira 70 kilo arroz, 110 kilo oilasko eta 40 kilo barazki (piper gorriak, piper berdeak, tipula, ilarrak eta tomatea) erabili dituzte. Sanchezek aipatu duenez aurten krisiarengatik osagai gutxiago erabiltzeko erabakia hartu zuten. “Hogei kilo oilasko gutxiago, prestatu ditugu. Bestalde, untxirik ez diogu bota arrozari eta ezta txerri giharrea ere”. Iaz bezala aurten ere Mujika frutadendak doan eman dizkie paella egiteko hainbat osagai (arroza barne). Mujika harategiak berriz, prezio berezian saldu die aurten oilaskoa, eta sukaldariei bost kilo txistorra eta hirugiharrea eman dizkie doan hamaiketakoa egiteko. Bi [...]
San Blas jaien barruan urtero herri bazkaria egin ohi dute idiazabaldarrek. Menuan paella izaten dute, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Herriko plazan ari dira prestatzen, 700 lagunentzat. Arretxe elkarteko sei bazkide eta udaletxeko bi langile, Pello Unanue eta Lurdes Intxausti, ari dira lanean. Urteroko moduan, sukaldarien burua Javi Sanchez da, horrelakoetan eskarmentu handia baitu.
Goizeko hamarretan ekin diote lanari sukaldariek. Jakiak prestatzen hasi aurretik, ordea, hainbat zeregin egin behar izan dute: paella prestatzeko ontzia ekarri, azpiegitura prestatu, sua piztu… Javi Sanchez antolatzaileak jakitera eman duenez, aurten Pello Unanue Idiazabalgo udaletxeko langileari esker “su hobea lortu dugu, eta beraz, azkarrago eta hobeto prestatu ahal izango dira jakiak”.
Behin hasierako lanak eginda 12:30ak aldera hasi dira jana prestatzen. Guztira 70 kilo arroz, 110 kilo oilasko eta 40 kilo barazki (piper gorriak, piper berdeak, tipula, ilarrak eta tomatea) erabili dituzte. Sanchezek aipatu duenez aurten krisiarengatik osagai gutxiago erabiltzeko erabakia hartu zuten. “Hogei kilo oilasko gutxiago, prestatu ditugu. Bestalde, untxirik ez diogu bota arrozari eta ezta txerri giharrea ere”.
Iaz bezala aurten ere Mujika frutadendak doan eman dizkie paella egiteko hainbat osagai (arroza barne). Mujika harategiak berriz, prezio berezian saldu die aurten oilaskoa, eta sukaldariei bost kilo txistorra eta hirugiharrea eman dizkie doan hamaiketakoa egiteko. Bi denda horiei eskerrak eman nahi dizkiete emandako laguntzarengatik.
Paella eta postrea
Paellaz gain, postrea jateko aukera ere badago: esne gainez eta txokolatez egindako natilla, hain zuzen. Paella eta postrea eskuratu ahal izateko txartelak erosi behar dira hiru euroan. Paella 14:15ak aldera hasiko dira zerbitzatzen.
Jada eguerdiko ordu biak baino lehen jendea esertzeko lekua hartzen hasita zegoen. Hotz egiten duenez, jende gehienak berogailuarengandik gertuen dauden mahaiak aukeratu dituzte.