Segurarrek Santa Ageda eskea egingo dute bihar, 15:00etan hasita
Urteroko ohiturari eutsiz, segurarrek Santa Ageda eskea egingo dute bihar, otsailak 4, arratsaldeko hiruretan hasita. Ordu horretan Elorripe edaritegian bilduko dira, eta Nerea Elustondo eta Antton Fernandez koplariak zein herriko trikitilariak lagun ...
Urteroko ohiturari eutsiz, segurarrek Santa Ageda eskea egingo dute bihar, otsailak 4, arratsaldeko hiruretan hasita. Ordu horretan Elorripe edaritegian bilduko dira, eta Nerea Elustondo eta Antton Fernandez koplariak zein herriko trikitilariak lagun dituztela, kantu eskeari ekingo diote. Elorri elkarteko antolatzaileek jakitera eman dutenez, litekeena da eguraldiarengatik ibilbidea aldatzea, baina kantu eskea ez dute bertan behera utziko.
Arratsaldean, 19:30ean herriko koruko kideekin elkartuko dira Germanenean, eta kalez kale ibiliko dira kantuan. 21:30ean afaria egingo dute Elorri elkartean, eta orduan ere ez da faltako kanturik, koplarik eta musikarik.