Arlo publikoan lau orduko lanuztea egiteko deia egin dute gaurko
Renfek eskaintzen duen tren zerbitzuari dagokionez, 11:00etatik 19:00etara bitartean ohiko tren kopuruaren %43 ibiliko da Brinkola eta Donostia arteko bidean.
Euskal Autonomia Erkidegoko 100.000 langilek gaur lanuzteak egiteko deialdia dute. LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuek egin dute deia, eta eguerdi partean manifestazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Mobilizazio honekin, sindikatuek Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n onartu zuen dekretuaren aurka protestatuko dute. Dekretuak, sektore publikoko langileei eragiten dieten murrizketa neurriak jasotzen ditu. Neurri horiekin, jaurlaritzak 95 milioi euro aurreztu nahi ditu.
Neurri horien artean, hautazko jubilazio kasuetako hobariak kendu egin dituzte, behin-behinerako, behintzat. Baita errelebokako kontratuenak ere. Ohiko gaixotasunengatiko soldata laguntzak ere jaitsi egingo dituzte, lehen hiru egunetan kopurua %100etik %50era murriztuz.