De Vlaemincken lehena
Otsailaren 27an 46 beteko dira Munduko Ziklo Kros Txapelketa Beasainen jokatu zenetik. Errekarte eta Igartza Oleta kaleak dauden belardietan izan zen, eta Eric De Vlaeminck belgikarrak munduko lehen txapela irabazi zuen.
Beasaingo Loinatz txirrindulari elkartea 1963. urtean sortu zen, nahiz eta Beasain Kirol Elkartearen barruan txirrindularitza sustatzen aritu aurretik. Bi helburu zituen elkarteak: txirrindularitza lasterketak antolatzea eta txirrindulari harrobia sortzea maila guztietako gazteekin lan eginez.
Antolatutako lehena Espainiako ziklo kros txapelketa izan zen, 1964an. Amelio Mendijur izan zen irabazlea. Bai Espainiako Federazioa eta baita Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa (UCI) ere txundituta geratu ziren txapelketa hartako antolakuntzarekin eta ibilbidearen egokitasunarekin, eta berehala eman zioten Loinatz elkarteari Munduko Txapelketa antolatzeko ardura. 1966 urtea zen.
Urte hartan Espainiakoa ere antolatu zuen Loinatzek, eta Alfredo Irustak jantzi zuen txapela. Baina aurrekoari meriturik kendu gabe, otsailaren 27an jokatzekoa zen Munduko Txapelketak piztu zuen zaleen eta hedabideen arreta.
Handia zen Beasainek txapelketa hori antolatzea, eta bezperatik mugimendua sumatzen zen herrian, aurkezpen eta harrera ofizialak zirela medio. Bederatzi herrialdetako 34 txirrindularik parte hartu zuten Errekarte eta Igartza Oleta kaleak dauden belardietan osatu zuten bi kilometroko zirkuituan, eta denetan onena Eric De Vlaeminck izan zen, gerora beste sei aldiz Munduko txapeldun izan zen txirrindulari belgikarra. Herman Gretener eta Rolf Wolfshohl sailkatu ziren hurrena . Garaiko argazkiek erakusten dute sekulako jendetza izan zela Beasainen, ziklo krosak lehen orain baino estimazio handiagoa duela argi utziz.