Marc Vignolo: "Inauterietan mozorrotuta atera eta herriko jendea ezagutzen hasi ginen"
Zer moduz bizi zara Seguran? Integratzea erraza egin al zaizu?
Oso gustura bizi naiz Seguran. Hasieran inor ez genuen ezagutzen, baina inauterietan mozorrotuta atera ginen. Bazkarira ere joan ginen eta pixkanaka jendea ezagutzen hasi ginen.
Eskalatzen ere ibiltzen naiz eta rokodromoan jende asko ezagutu dut. Poteoan hasi nintzen beraiekin, mendira joaten… Mendira joateko, eskalatzeko, eta bizikletan ibiltzeko leku egokia da Goierri. Polita da gainera! Barakaldon bizi izan nintzen denboralditxo batean eta ez dauka zerikusirik. Hemengo bizimodua hobea da. Hau gehiago gustatzen zait.
Aizkorri aldean ibiliko zinen.
Bai, asko gustatzen zait.
Zein da zure ogibidea?
Frantzian Heziketa Fisikoko irakasle ikasketak egin nituen. Baina hemen, lan bertikaletako enpresa batean lan egiten dut. Eraikuntzan ari naiz lanean, baina sokekin.
Irakasle lanean aritzeko aukerarik izan al duzu?
Ez, ez naiz asko mugitu baina hasteko EGA beharko nuke. Bestela, pribatura, monjetara joan beharko nuke eta ez dut horrelakorik nahi. Horretaz gain, titulua konbalidatu beharko nuke. Berez, nire tituluak Europako moduluak baditu baina hemen ez dit balio. Ministerioan diru bat ordaindu beharko nuke eta itzulpena ere ordaindu beharko nuke. Diru asko da. Gainera ez zait oso ondo iruditzen, ez nago ados. Irakaskuntzako proiekturik ez daukat momentuz. Zahartzen naizenean beharbada gogo handiagoa edukiko dut eta ikusiko dut orduan zer egin.
Tarbesko eta Segurako bizimoduan ezberdintasunik aurkitu al duzu?
Ez gaude oso urruti, muga hortxe dago, baina oso ezberdina da hango eta hemengo bizimodua. Hemen jendea gehiago ibiltzen da tabernetan. Frantzian, jendea gehiago gelditzen da etxean.
Beste berdintasun bat ere bada. Irratia asko entzuten dut. Orain bajan nago eta Frantziako irratiak entzuten ditut. Hango irratietan ez dute hainbeste hitz egiten futbolari edo kirolari buruz. Hemen, asko hitz egiten da kirolaz. Jakina, gehiena futbolaz. Frantzian beste saio mota batzuk daude.
Janariaren kontuan ere badago ezberdintasunik, baina hemengo gastronomia ere oso goxoa da.
Kaleko bizimodua gustatzen al zaizu?
Ondo dago, gustatzen zait, baina batzuetan etxean lasai gelditzea ere gustatzen zait, liburu bat irakurtzen-edo. Frantses ikutu hori badaukat eta etxean gustura gelditzen naiz.
Frantziarra da, Tarbeskoa, Marc Vignolo. 32 urte beteko ditu aurten. Ikasketaz, Heziketa Fisikoko irakaslea da, baina lan bertikaletako enpresa batean lan egiten du.
Duela bi urte iritsi ziren Marc Vignolo eta bere bikotea Goierrira, Segurara. Aurretik Oñatin (Gipuzkoa) ere bizi izan ziren pare bat urtetan.