Laskarairen objektibotik
Paisaiak, hiria, kale giroa eta festak dira Patxi Laskarai argazkilariak (Lekunberri, Nafarroa Beherea, 1967) Ordizian jarria duen Argazkiak izeneko erakusketarekin landu nahi izan dituen gaiak. 1996. urtetik esku artean duen proiektu baten lagin bat da Barrenan jarri duena. Argazki handi eta txikiak tartekatzen ditu, batzuk errealismo kutsu handia dutenak, abstrakturako joera dutenak beste batzuk. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa. Zokoa, Hendaia eta Hondarribiko hondartzak ikus daitezke argazkitan, besteak beste. Begietan efektu berezia sorrarazten duten irudiak dira, zuri-beltzaren eta kolorearen mugan daudenak. Lekeitio, Donostia eta Zarautz ere ageri dira, ikuslea harriduratik gertu uzten duten argazki banarekin. Irudi horiek lanerako estetika jakin baten ondorio dira. «Ez nabil abstraktuaren bila. Zerbait iradokitzailea ikusten dudanean, beti da hobea beste ikuspegi batetik ikustea», esan du Laskaraik. Eibar, Gasteiz, Gares, Lasarte, Ortzaize, Irati, Barkoxe. Euskal lurraldeek ez dute mugarik argazkilariarentzat. Begiratu propioa du, eta iluntasunarekin jolas egiten du irudi horiek erretratatzerakoan. Argazkitik baino, pinturatik gertuagoa dauden irudiak dira. Maskaradak, kale txokoak… arreta pizten duten horiei erreparatzen die. Begia, landu beharrekoa Arte plastikoko batxilergoa egina da Laskarai, eta Artearen Historia ikasia gerora unibertsitatean. Haren ustez, begiratuarekin erreferentzia puntu bat izatea «ezinbestekoa eta erabakigarria» da argazkigintzan: «Dena dago pintura batean. Oso garrantzitsua iruditzen zait konposizioaren [...]
Paisaiak, hiria, kale giroa eta festak dira Patxi Laskarai argazkilariak (Lekunberri, Nafarroa Beherea, 1967) Ordizian jarria duen Argazkiak izeneko erakusketarekin landu nahi izan dituen gaiak. 1996. urtetik esku artean duen proiektu baten lagin bat da Barrenan jarri duena. Argazki handi eta txikiak tartekatzen ditu, batzuk errealismo kutsu handia dutenak, abstrakturako joera dutenak beste batzuk. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa.
Zokoa, Hendaia eta Hondarribiko hondartzak ikus daitezke argazkitan, besteak beste. Begietan efektu berezia sorrarazten duten irudiak dira, zuri-beltzaren eta kolorearen mugan daudenak. Lekeitio, Donostia eta Zarautz ere ageri dira, ikuslea harriduratik gertu uzten duten argazki banarekin. Irudi horiek lanerako estetika jakin baten ondorio dira. «Ez nabil abstraktuaren bila. Zerbait iradokitzailea ikusten dudanean, beti da hobea beste ikuspegi batetik ikustea», esan du Laskaraik.
Eibar, Gasteiz, Gares, Lasarte, Ortzaize, Irati, Barkoxe. Euskal lurraldeek ez dute mugarik argazkilariarentzat. Begiratu propioa du, eta iluntasunarekin jolas egiten du irudi horiek erretratatzerakoan. Argazkitik baino, pinturatik gertuagoa dauden irudiak dira. Maskaradak, kale txokoak… arreta pizten duten horiei erreparatzen die.
Begia, landu beharrekoa
Arte plastikoko batxilergoa egina da Laskarai, eta Artearen Historia ikasia gerora unibertsitatean. Haren ustez, begiratuarekin erreferentzia puntu bat izatea «ezinbestekoa eta erabakigarria» da argazkigintzan: «Dena dago pintura batean. Oso garrantzitsua iruditzen zait konposizioaren azterketa, marko baten muga. Nire paisaietarako pinturan hartu ohi diren erreferentziak hartzen ditut. Argazkilaritza garaikidean beti aipatzen da pintura. Begia landu beharrekoa organoa da».
Argazkilaritza komertzialarekin uztartzen du Laskaraik argazkilaritza artistikoa, Donibane Lohizunen (Lapurdi) duen dendan. «Dendan bezeroen mugak ditut, besteetan nik jarritakoak».














