Beasaindik Ezkio-Itsasorako zatiari hasiera ematen dion tunelaren sarrera. Arg: G.Aranburu
Abiadura handiko trenaren lanetako lehen harria jarri dute goizean Ezkio-Itsason. Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Carlos Urkixo Espainiako Gobernuko ordezkariak parte hartu dute ekitaldian. zati horretan lanean hasita, hamalau dira guztira Gipuzkoan lanean ari diren zatiak.
Ezkio-Itsasoko zatiak 2,8 kilometro izango ditu, eta Arriolaren arabera, “puntu estrategikoa” izango da, Goierriko eta Tolosaldeko geltokia hartzeaz gain, Nafarroarekin eta Mediterraneoarekin lotura bertatik egingo baitute. Zati hori egiteko 56,5 milioiko aurrekontua du Eusko Jaurlaritzak, eta lanak egiteko epea bi urte eta erdikoa izago dela zehaztu du Arriolak. Aurrekontu eta epe horri geltokia egitea kostako dena gehitu beharko zaio.
Ezkio-Itsason hasi eta Zumarragatik igaroz Antzuolara (Gipuzkoa) doan zatiari eman diote gaur hasiera. Ezkio-Itsasoko zatian, guztira, lau zubi eraikiko dituzte: Santa Lutzi (200 metro), Zabalegi (180 metro), Errezti (150 metro) eta Jauregi (80 metro). Zatiaren gainerako 2.130 metroak aire zabalean izango dira. Zumarragan, berriz, 5.300 metroko tunela eraikitzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Tunela, herrigunetik igaroko da proiektuan zehazten denez, lur azpitik gutxienez 57 metroko sakontasunean eta gehienez 120 metroko sakontasunean. Deskarga zeharkatzeko 500 metroko zubia eraikitzea jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren proiektuan.