Amiantoaren ondorioz hildako lankideak omendu dituzte
CAFeko enpresa batzordeak, azken aste eta hilabeteetan hildako bi lankide omendu ditu gaur, ordubeteko lanuztearekin. Amiantoak eragindako kalteak salatzeko bilkura izan da, eta minutuko isilunea eta lore eskaintza ere egin dituzte. Abenduan hil zen Pa...
CAFeko enpresa batzordeak, azken aste eta hilabeteetan hildako bi lankide omendu ditu gaur, ordubeteko lanuztearekin. Amiantoak eragindako kalteak salatzeko bilkura izan da, eta minutuko isilunea eta lore eskaintza ere egin dituzte. Abenduan hil zen Paco Gonzalez eta aste honetan joan den Antton Irizar lankideak gogoratuko dituzte horrela. 10:00etatik 11:00etara egin dute elkarretaratzea, CAFeko Beasaingo sarrera nagusiaren ondoan, amiantoaren biktimen omenez jarrita dagoen monumentuan.
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, “Beasaingo lantegian dagoeneko 19 langile dira beraien lanpostuetan amiantoa arnasteagatik hildakoak, eta beraien heriotza amiantoa manipulatzeak eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak”.
Gai horretan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu dute, “gaixotasun profesionalak onartzeko zein indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko garaian, afektatuei eragozpenak jartzen dizkietelako”.
Administrazioaren jarrera itxia ere salatu dute langileek. “Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari ezezkoa” eman diotelako. “Bide hauek ireki eta garrantzia emango balitzaie, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango”.