Automobilismo denboraldia etzi hasiko da Olaberrian, Karting Serieko lehen lasterketekin
Euskal Herriko automobilismo denboraldia ernetzen ari da, neguko lozorrotik pixkanaka aterata. Karting modalitatea izango da motoreak berotzen hasiko den lehenbizikoa, Olaberriko zirkuituan. Aurreko urteetako esperientziari segiko diote Olaberriko Zirkuituaren arduradun berriek, Gipzkoa Motorsporten barruan, eta Olaberriko Karting Serieak jokatuko dituzte, bost igandetan. Aurreneko lasterketak etzi, 11:00etatik aurrera dira. Lehiaketari «indar gehiago» eman nahi diotela aurreratu du Gipuzkoa Motorsporteko Ibon Arregik. «Asteburu osoan egongo da zirkuituan lehiaketako giroa, pilotu gehienak larunbatean entrenatzera etorriko baitira». Karting Serieetako proba bakoitzean bi final jokatuko dituzte, kategoriak horietan bereiziz. Euskal Herriko kart gidari orok har dezake parte, haurretatik helduetara. «8-10 urteko haurrak izan ohi dira gazteenak. Maila gorena, berriz, KZ2 da. Ibilgailu horiek 140 kilometro orduko abiadura har dezakete», dio Arregik. Beste edozein kiroletan bezala, kimu edo alebin mailatik hasten da kartingeko kategoria-banaketa ere. Kimu, kadete, gazte, heldu eta KZ2 mailetan jokatuko da. Denboraldirako itxaropentsu Automobilismorako afizioan ere krisiaren eragina nabaritu den arren, Olaberriko zirkuituan ez dute etsi nahi. Motor zaletasunari eta kart munduari lotutako «giro ezin hobea» izango dela iragarri dute, eta goierritar guztiak gonbidatu dituzte. Sarrera doan da. Denboraldiaren hastepen honetan, eta taldeak mekanikoki azken doikuntzak egiten ari direla jakinda, bihar ikusiko da zer-nolako partaidetza egongo den igandeko serieko lasterketetan. «Gure asmoa [...]
Euskal Herriko automobilismo denboraldia ernetzen ari da, neguko lozorrotik pixkanaka aterata. Karting modalitatea izango da motoreak berotzen hasiko den lehenbizikoa, Olaberriko zirkuituan. Aurreko urteetako esperientziari segiko diote Olaberriko Zirkuituaren arduradun berriek, Gipzkoa Motorsporten barruan, eta Olaberriko Karting Serieak jokatuko dituzte, bost igandetan.
Aurreneko lasterketak etzi, 11:00etatik aurrera dira. Lehiaketari «indar gehiago» eman nahi diotela aurreratu du Gipuzkoa Motorsporteko Ibon Arregik. «Asteburu osoan egongo da zirkuituan lehiaketako giroa, pilotu gehienak larunbatean entrenatzera etorriko baitira».
Karting Serieetako proba bakoitzean bi final jokatuko dituzte, kategoriak horietan bereiziz. Euskal Herriko kart gidari orok har dezake parte, haurretatik helduetara. «8-10 urteko haurrak izan ohi dira gazteenak. Maila gorena, berriz, KZ2 da. Ibilgailu horiek 140 kilometro orduko abiadura har dezakete», dio Arregik.
Beste edozein kiroletan bezala, kimu edo alebin mailatik hasten da kartingeko kategoria-banaketa ere. Kimu, kadete, gazte, heldu eta KZ2 mailetan jokatuko da.
Denboraldirako itxaropentsu
Automobilismorako afizioan ere krisiaren eragina nabaritu den arren, Olaberriko zirkuituan ez dute etsi nahi. Motor zaletasunari eta kart munduari lotutako «giro ezin hobea» izango dela iragarri dute, eta goierritar guztiak gonbidatu dituzte. Sarrera doan da.
Denboraldiaren hastepen honetan, eta taldeak mekanikoki azken doikuntzak egiten ari direla jakinda, bihar ikusiko da zer-nolako partaidetza egongo den igandeko serieko lasterketetan. «Gure asmoa da denboraldia aurrera doan adinean inskripzio kopurua handiagotzea».
Igandeko egitarauari dagokionez, partaideentzat 07:30ean irekiko dute zirkuituko paddock-a. Entrenamendu libreak bi txandatan egin ondoren, erlojupeko ofizialak 11:00etan hasiko dira. Lehen final puntuagarriak 12:15ean hasiko dira, eta bigarren txanda 13:30ean. Azken lasterketa 14:30erako dago iragarrita. Azkenik, sariak banatu aurretik car-cross motako ibilgailuen ikuskizuna egongo da.
Errepideko abiera, Gabirian
Goierrin auto lasterketak ikusteko aukera bakanetakoa Olaberriko zirkuituak jarraituko du izaten. Errepideko probei dagokienez, denboraldia hasteko klasiko bihurtu den Gabiriako Rallyesprintak fin eutsiko dio hitzorduari. Martxoaren 4an jokatuko da 14. rallyesprinta, igandearekin, 15:00etatik aurrera.
Gabiriako lasterketarako izen-emate epea zabalik dauka Lagun Artea eskuderia antolatzaileak. Otsailaren lehenetik 27ko 20:00ak arte apunta liteke. Izena emandako taldeen zerrenda hilaren 28an argitaratuko dute. Ibilbidearen berri azken astera arte ez dute jakinaraziko.
Oraingoz, baieztatuta dagoen eskualdeko auto lasterketa bakarra hori da. Zumarragan 2009tik jokatu izan den Antioko Igoera ere Euskal Automobilismo Federazioaren egutegian dago, baina egunik zehaztu gabe.
Egutegia
Olaberriko Karting Serieak
- Otsailak 19. 1 eta 2 karrerak.
- Martxoak 25. 3 eta 4 karrerak.
- Maiatzak 13. 5 eta 6 karrerak.
- Uztailak 7. 7 eta 8 karrerak.
- Urriak 14. 9 eta 10 karrerak.