Udal gobernuak eta H1!-ek aurrera atera dituzte aurrekontuak, EAJren abstentzioarekin
Beasaingo udal gobernuak aurrera atera ditu 2012. urteko aurrekontuak. Bilduko eta Aralarreko zinegotzien aldeko botoez gain, H1!-eko Joxi Intsaustik ere alde bozkatu zuen; EAJk berriz, abstentziora jo zuen, “aurrekontuak ez blokeatzeko”. Hala, udalak 17,7 milioi euroko aurrekontu osoa izango du; horietatik 13,5 dira udalaren berezko aurrekontua, eta 3,6 milioi, Beasain Lantzenena. Luze jo zuen atzo iluntzeko osoko bilkurak. Gai zerrendan zeuden hamabi gaien artean, ordea, aurrekontuek hartu zuten garrantziarik handiena. Koldo Agirre alkateak, aurrekontu horiek egiteko prozesua azaldu zuen aurrena. “Herritarrekin egin ditugun bilkuretan jasotako ekarpenak” jaso dituztela esan zuen, nahiz eta parte hartze hori ez den izan beraiek nahi zuten adinakoa. Horrez gain, “alderdiekin bilera erronda bat egin dugu, eta proposamenen %80 jaso ditugu”. Gainontzeko alderdiek ere, eskertu egin zuten bilera horiek egin izana eta beraien zenbait proposamen aurrekontuetan jaso izana”. Agirrek, udala “egoera ekonomiko onean” dagoela azaldu zuen, zorpetzerik gabe, nahiz eta fondo foralari itzuli beharreko diru kopuruaren eragina nabarituko duten. Hala ere, aurten udal tasak igo ez dituztenez, sarrerak ere ozta-ozta mantenduko ditu udalak. Zentzu horretan, aurtengo helburu nagusiak, dituzten baliabideei “ahalik eta etekin handiena” ateratzea eta “gastua kontrolatzea” direla azaldu zuen. Emendakinak Aurrekontuei egindako emendakinen artean, Aitor Aldasorok (EAJ) aurkeztutako sei aldaketetatik bi onartu zituen udalbatzak. [...]
Beasaingo udal gobernuak aurrera atera ditu 2012. urteko aurrekontuak. Bilduko eta Aralarreko zinegotzien aldeko botoez gain, H1!-eko Joxi Intsaustik ere alde bozkatu zuen; EAJk berriz, abstentziora jo zuen, “aurrekontuak ez blokeatzeko”. Hala, udalak 17,7 milioi euroko aurrekontu osoa izango du; horietatik 13,5 dira udalaren berezko aurrekontua, eta 3,6 milioi, Beasain Lantzenena.
Luze jo zuen atzo iluntzeko osoko bilkurak. Gai zerrendan zeuden hamabi gaien artean, ordea, aurrekontuek hartu zuten garrantziarik handiena. Koldo Agirre alkateak, aurrekontu horiek egiteko prozesua azaldu zuen aurrena. “Herritarrekin egin ditugun bilkuretan jasotako ekarpenak” jaso dituztela esan zuen, nahiz eta parte hartze hori ez den izan beraiek nahi zuten adinakoa. Horrez gain, “alderdiekin bilera erronda bat egin dugu, eta proposamenen %80 jaso ditugu”. Gainontzeko alderdiek ere, eskertu egin zuten bilera horiek egin izana eta beraien zenbait proposamen aurrekontuetan jaso izana”.
Agirrek, udala “egoera ekonomiko onean” dagoela azaldu zuen, zorpetzerik gabe, nahiz eta fondo foralari itzuli beharreko diru kopuruaren eragina nabarituko duten. Hala ere, aurten udal tasak igo ez dituztenez, sarrerak ere ozta-ozta mantenduko ditu udalak. Zentzu horretan, aurtengo helburu nagusiak, dituzten baliabideei “ahalik eta etekin handiena” ateratzea eta “gastua kontrolatzea” direla azaldu zuen.
Emendakinak
Aurrekontuei egindako emendakinen artean, Aitor Aldasorok (EAJ) aurkeztutako sei aldaketetatik bi onartu zituen udalbatzak. Aurrenekoa, Ezkiaga auzoan komun publiko bat egiteko proposamena izan zen, eta aho batez onartu zuten. Bigarrena, Lodosako ikastolari dirulaguntza emateko eskatzen zuena zen; aldeko 14 boto (EAJ, Bildu, Aralar eta H1!) jaso zituen, kontrako 2 (PSE-EE) eta abstentzio bat (PP). Murumendiko bidean sortzen diren ur putzuen inguruko emendakina erretiratu egin zuen, udal gobernuaren partetik arazoari konponbidea emateko konpromisoa dagoela ikusita.
Behin emendakinak aztertu eta gero, bozketaren garaia iritsi zen. PPko Julio Herrerosek, ezezko botoa iragarri zuen. Inbertsioetan “jaitsiera handia” izan dela eta “proiektu askoren falta” sumatu duela esan zuen. Udalbiltzari eta presoen senideei laguntza ematea ere kritikatu zuen. Bere aldetik, PSE-EEko Alfonso Segadek, “ezkerreko gobernu batengandik gehiago espero” zuela esan zuen, eta aurtengo aurrekontua iazkoaren “kopia bat” dela.
EAJren izenean, Aitor Aldasorok “eskerrak” eman zizkion udal gobernuari, “elkarlana bultzatu duelako eta proposamenak aurkezteko aukera eman digulako”. Beraiek egindako proposamen batzuk eta osoko bilkuran aurkeztutako emendakinetako bi onartu izana ere eskertu zuen. Hala ere, zenbait arlotan “kezkak” badituztela azaldu zuen. “Lan arloan adibidez, ez dago proposamenik, eta bizi dugun egoeran, aurrekontuetan bakearen arloko ekimenik ez egotea ere ez dugu ondo ikusten”. Etxebizitzaren arloan ere ekimen gehiagoren falta sumatu du Aldasorok, eta Errekarte eta Oldaran hor daudela eta babeseko etxeak egiteko aukera ona dela gogorarazi zuen. Gainera, aurrekontu hauek aurrekoen “kopia bat” izanda, ea hauteskunde kanpainan iragarri zuten aldaketa non gelditu den galdetu zien udal gobernuko kideei. Hori guztia ikusita, “hutsuneak egon arren, gure lana ez da zuena oztopatzea, horregatik abstenitu” egingo zirela iragarri zuen.
Azkenik, Koldo Agirre alkateak, alderdi bakoitzarekin lauzpabost bilera egin dituztela gogorarazi zuen; “zuetako batzuk onartu duzue inoiz baino bilera gehiago egin direla”. Zentzu horretan, aurrera begira ere “alderdien arteko kontsentsua bilatzen” jarraituko dutela esan zuen, eta uda aurretik, legealdiko plana osatzea dela beraien asmoa. Segaderi, “proposamen gutxien eta oztopo gehien” jarri dituena bera dela leporatu zion. Aldasorori berriz, etxebizitzaren inguruan, beraien helburua “etxebizitza berriak eraiki aurretik etxe hutsak betetzea” zela erantzun zion, eta horretarako, Bizigune programa indartu nahi dutela.
Bozketaren garaia iritsita, Bilduk, Aralarrek eta H1!ek eman zuten aldeko botoa; 8 bozka guztira. Kontra, PSE-EEko bi zinegotziak eta PPkoa agertu ziren; EAJko sei zinegotziek berriz, abstentziora jo zuten. Horrenbestez, onartuta gelditu dira 2012. urteko udal aurrekontuak.