Aurresku eta soinu zahar txapelketak egingo dituzte asteburuan
Aurtzaka Dantza Taldeak 21. urtez antolatu du Beasaingo Aurresku eta Soinu zahar Txapelketa. Asteburuan egingo dute, bi saiotan banatuta; aurrenekoa, bihar izango da, 16:30ean, eta bigarrena berriz, etzi, 11:00etan. Sarrera doain izango da. Txapelket...
Aurtzaka Dantza Taldeak 21. urtez antolatu du Beasaingo Aurresku eta Soinu zahar Txapelketa. Asteburuan egingo dute, bi saiotan banatuta; aurrenekoa, bihar izango da, 16:30ean, eta bigarrena berriz, etzi, 11:00etan. Sarrera doain izango da. Txapelketa horrekin, «dantzariak txikitatik Gipuzkoako pausoetan trebatzea eta dantzarien maila hobetzea» lortu nahi dute.
Beasaingo txapelketa, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkaren barruan jokatzen diren kanporaketa saioetako bat da. Aurresku txapelketa mutilei zuzenduta dago, eta soinu zaharrekoa, neskei. Ligaxka urrian hasi eta maiatzera bitartean jokatzen da, eta kanporaketa horietan punturik gehien lortzen dituzten dantzariek, maiatzean jokatuko dute finala.
Dantzariak bi sailetan banatuta ariko dira. Batetik, larunbatean, 7 eta 11 urte artekoek egingo dute dantza. Aurresku txapelketan, Alpargata eta Agurra egingo dituzte, eta soinu zaharrean, Punta-motz eta Uztai txikiko zortzikoa. Igandean berriz, 12 eta 15 urte artekoen txanda izango da. Aurreskukoek Desafioa eta Jorrai Dantza egingo dituzte, eta soinu zaharrekoek, Hondarribi handia eta Upelategi dantza.
Dantzariak Hego Euskal Herriko hamazazpi herritatik etorriko dira; Goierriko ordezkari bakarrak, Legazpiko dantzariak izango dira.













