“Dugun erronketako bat herritarren parte hartzea bultzatzea da”
Iñaki Ugalde orain bederatzi urte izendatu zuten lehen aldiz Mutiloako alkate. Urte asko igaro dira ordutik, baina lanerako ilusiorik ez du galdu. Erronka ugari dituzte esku artean. Batzuk epe motzekoak eta besteak luzekoak. Ugaldek garrantzia berezia herritarren parte hartzea bultzatzeari ematen dio. Bederatzi hilabete pasatu dira udal hauteskundeetatik. Zein lan duzue une honetan esku artean? Lan dezente ditugu esku artean, baina lehentasuna plaza inguruan egiten ari diren mediku etxeak, ludotekak eta etxebizitzek dute. Helburua datozen hiru hilabeteetan ludoketa eta mediku etxe berria irekitzea da. Zerbitzu horien gainean dauden etxebizitzak ere saldu nahi ditugu. Bat edo beste jada erosita daude, baina denak ez. Azken urteetan egindako obrarik garrantzitsuena dela diozue. Zer ekarriko dio horrek Mutiloari? Bizia herri erdian egiten dugu, denok hemen egoten gara, eta beraz, nik uste dut kohesioa eta bizitasuna emango diola herriguneari. Gainera, uste dut helburua hori izan behar dela. Zerbitzuak herrigunean eta bateratuta edukitzea ere garrantzitsua da. Jada bederatzi urte daramatzazu alkate lanetan. Udaleko martxa honez gero hartuta duzu, ezta? Beti sortzen dira gauza berriak eta aldaketak ere izaten dira, baina ez da hasieran bezala. Udalaren barruko funtzionamendua ezagutzen dut jada, eta zentzu horretan urteetan zehar hartutako esperientziak bidea erraztu egiten du. Alkate moduan egin zenuen urte [...]
Iñaki Ugalde orain bederatzi urte izendatu zuten lehen aldiz Mutiloako alkate. Urte asko igaro dira ordutik, baina lanerako ilusiorik ez du galdu. Erronka ugari dituzte esku artean. Batzuk epe motzekoak eta besteak luzekoak. Ugaldek garrantzia berezia herritarren parte hartzea bultzatzeari ematen dio.
Bederatzi hilabete pasatu dira udal hauteskundeetatik. Zein lan duzue une honetan esku artean?
Lan dezente ditugu esku artean, baina lehentasuna plaza inguruan egiten ari diren mediku etxeak, ludotekak eta etxebizitzek dute. Helburua datozen hiru hilabeteetan ludoketa eta mediku etxe berria irekitzea da. Zerbitzu horien gainean dauden etxebizitzak ere saldu nahi ditugu. Bat edo beste jada erosita daude, baina denak ez.
Azken urteetan egindako obrarik garrantzitsuena dela diozue. Zer ekarriko dio horrek Mutiloari?
Bizia herri erdian egiten dugu, denok hemen egoten gara, eta beraz, nik uste dut kohesioa eta bizitasuna emango diola herriguneari. Gainera, uste dut helburua hori izan behar dela. Zerbitzuak herrigunean eta bateratuta edukitzea ere garrantzitsua da.
Jada bederatzi urte daramatzazu alkate lanetan. Udaleko martxa honez gero hartuta duzu, ezta?
Beti sortzen dira gauza berriak eta aldaketak ere izaten dira, baina ez da hasieran bezala. Udalaren barruko funtzionamendua ezagutzen dut jada, eta zentzu horretan urteetan zehar hartutako esperientziak bidea erraztu egiten du.
Alkate moduan egin zenuen urte hura gogoan al duzu?
Egia esan ez nintzen alkate lanetan bat batean hasi. Lehen zinegotzi zereginetan arituta nengoen. Aitortu behar dut ez dela gauza bera alkate edo zinegotzi izatea, baina pentsatzen dut gutxienez zinegotzi moduan eskarmentua edukitzeak abantaila ematen duela.
Zinegotzi lanetan aritu zinen lehendabiziko urtea nolakoa izan zen?
Denok berriak ginen, eta ez genekien nola jokatu. Erabat galduta sentitzen ginen, batez ere hasieran. Horregatik uste dut garrantzitsua dela jende berria sartu arren, eskarmentua daukan jendea ere udalean egotea. Azkeneko urteetan hori egiten saiatu gara.
Lehenengo alkate izan zinenetik zer aldatu da?
Gauzak beste patsada eta lasaitasun batekin hartzen saiatzen naiz. Hori ikasten da denborarekin.
Lanarekin batera uztartzen duzu alkatetza.
Bai, ez nago liberatuta. Normalean astearte eguerditan etortzen naiz Mutiloako udaletxera, eta hemen pasatzen dut arratsaldea. Tarteka bestelako bilerak tokatzen direnean, lanean baimena eskatu behar izaten dut.
Aurten 250 biztanleko kopurua gainditu egin duzue. Hurrengo agintaldian zinegotzi bat gehiago izateko aukera duzue. Zer esan nahi du horrek zuentzat?
25enbat urte izango dira horrelakorik gertatu ez dela, eta biztanle kopurua mantentzen bada behintzat, hurrengo hausteskundeen ondoren zazpi zinegotzi izango ditugu, orain baino bat gehiago. Lanak banatzeko garaian aldea nabarituko dugu. Zenbat eta jende gehiago orduan eta hobe.
Nola funtzionatzen duzue udalean?
Batzorderik ez dugu bere zentzu hertsian, baina badaude besteak beste, herriko jaiak, azokak eta ingurumenarekin lotutako gaiak lantzen dituzten taldeak. Herri batzarrak ere egiten ditugu. Gainerakoan zinegotziak eta ni astero elkartzen gara udaletxean. Bakoitzak bere ardurak betetzen ditu, eta gero denon artean tratatzen ditugu gaiak. Badira noski halakorik eskatzen ez duten gaiak ere. Arinagoak direnak, nolabait esateko. Nik uste dut garrantzitsua dela jendeak parte hartzea: Udalak zein proiektu dituen ezagutzea, iritzia ematea, ideiak planteatzea…
Txerri Gorri elkarte sortu berriak ere paper garrantzitsua jokatuko du, ezta?
Udalaren ekimenez sortutako elkartea da. Herritarren parte hartzea bultzatzeko filosofiarekin jaio zen. Ez dugu nahi bazkariak eta afariak egiteko elkarte bat soilik izatea. Horregatik helburua da kulturari eta kirolari lotutako ekintzak bertakoek antolatzea. Herritarrek beraien artean harremanak izateko eta herri mailan giroa sortzeko ere gune aproposa da.
Turismoari begira Bide Berdea berritu duzue Ormaiztegirekin elkarlanean. Zein asmo duzue aurrera begira?
Mineralak garraiatzeko erabiltzen zuten trenbidea berreskuratuta dago. Orain minerala tratatzen zuten lekura iritsi gara, eta hainbat lan egin ditugu bertan. Aurrera begira minerala erretzen zuten puntura iristea da asmoa, azkeneko gunera, hain zuzen. Bertan, besteak beste, ibilbideak lotu nahi dira eta meatze zuloak sendotu. Oso proiektu zabala da, ordea, eta pixkanaka joan beharrekoa. Epe motzean, 2012an zehar, beste ibilbide zati bat errekuperatuko dugu, eta bertako espezieak landatuko ditugu gune batean. Hezeguneetako espezieak ere babestu nahi ditugu.
Mutiloa herri txikia da. Haztea nahi duzue?
Duela 10 urte hausnarketa egin zen herri mailan, eta gutxiengo zerbitzuak bermatu ahal izateko 300bat biztanlera iristea txarra ez litzatekeela ondorioztatu zuten herritarrek. Egun 250 bizilagun daude Mutiloan, eta beraz, zertxobait gehiago hazi daiteke, baina ez askoz gehiago. Mutiloak 1900 inguruan 500 bat biztanle izan zituen, baina ez dut uste kopuru horretara iritsi behar dugunik. Nik uste dut hemendik aurrera neurrian hazi behar dugula. Nire ustez garrantzitsua da hemendik aurrera bertan bizitzen geratu nahi duten belaunaldiek Mutiloan geratzeko aukera izatea. Hori bermatuta edukitzea.
Haur eskola badago Mutiloan, baina 3 urtetik aurrerako haurrek beste herri batzuetara joan behar izaten dute eskolara. Eman duzue urratsik eskola sortzeko?
Eskola Txikia duela 40 urte itxi zuten Mutiloan. Saiakera bat egin genuen berriz sortzeko, baina Eusko Jaurlaritzak esan zuen ez zegoela bermatuta ume gehiago izango zenik. Zentzu horretan inbertsio handia zela eta ezezkoa eman zuen. Nik, dena den, uste dut eskola garrantzitsua dela herri baterako, eta baliteke aurrera begira beste zerbait egitea.
Krisi ekonomikoa pil-pilean dagoen gaia da. Zein da Mutiloako Udalaren egoera ekonomikoa?
Beste udal askoren antzeko egoeran gaudela esango nuke. 2012ko aurrekontua estua izango da. Dena den, herri txikiek askotan bizi izan ditugu larrialdi egoerak. Foru Funtsaz aparte sarrera gutxi izaten dugu, eta beraz, beti diru laguntzen menpe egoten gara. Diru laguntzak sartu ahala egin izan dira gauzak herri honetan. Orain krisia dela eta, diru laguntzak murriztuz gero, gauza gutxiago egingo ahal izango dugu. Horixe da egoera. Ez gaude horren gaizki, baina obra potolo bat egiteko diru laguntzen premia dugu.
Zein dira etorkizuneko erronkak?
Erronketako bat da Errotatxo, errota izandako eraikina, zaharberritzea eta erabilpen berri bat ematea. Energia berriztagarriak sustatzeko eskola bat sortu nahi dugu bertan, Hezkuntza Sailarekin hitzarmena eginda. 265.000 euroko diru laguntza jaso genuen. Horrekin zaharberritzearen zati bat soilik egin daiteke, ordea, eta momentuz ez ditugu lanak hasiko, beste horrenbeste behar baitugu. Diru kopuru hori gorde egingo dugu momentuz. Luzapena jada eskatuta dago, eta epea bukatzean beste horrenbeste egin beharko dugu. Herritarren parte hartzea bultzatzea da beste erronketako bat. Gazteentzako zerbait egitea ere ez dugu baztertzen. Orain arte adin bereko gazte gutxi egon da Mutiloan, baina egoera aldatu egingo da laster, eta interesgarria litzateke beraientzako zerbait egitea, bizia herrian egin dezaten.
Tentsio altuko linea Mutiloatik pasatu daiteke. Udalak zein jarrera du gai horrekiko?
Tentsio altuko linearen aurkako mozioa onartuta dago, eta beraz, udal bezala proiektuari ezezkoa eman diogu. Informazioa zabaldu dugu herritarren artean, eta autobia elektrikoaren aurkako plataformako kide gara. Plataformako bilera guztietan parte hartu dugu, eta erabakiak hartu ahala joango gara urratsak egiten.
CESPAk zabortegia du Mutiloan aspalditik. Zer diote herritarrek gai horren inguruan?
Cespak duela 10-12 urte eskuratu zuen zabortegia, baina aurretik ere bazegoen. Guri esaten digutenez kontrolak egiten dituzte bertan. Eusko Jaurlaritzatik ere joan beharko lirateke jarraipena egitera. Bestalde, CESPAk hilero hilero datuak pasatzen dizkio Mutiloako Udalari: zenbat tonelada eta zein gauza sartu diren zehaztuz. Herritarrei urtean behin gutxienez bertara joateko aukera ematen diete. Herritarrei dagokionean bakarren batek zerbait galdetzen du tarteka, baina horrez gain herritarrek ez dute aipamenik egiten.
Zaborren kudeaketa eta kudeaketa modu diferentek pil-pilean daude. Zein kudeaketa eredu hobesten dute mutiloarrek?
Agintaldi honetan ziur asko gai horren inguruan erabakiren bat hartu beharko dugu, baina oraindik ez dugu eztabaidarik eman. Informazioa jasotzen hasi gara orain. Dena den, herritarrei informazioa eman eta gero egin beharko dugu zerbait.
Zer lortu nahiko zenuke lau urte hauetan?
Lehen aipatutako erronka horiek abian jartzen baditugu ez da gutxi izango. Bestalde, Mutiloan bizi garela kontutan izanda, baserri bideak eta beste horrelako zenbait gai ere kontutan izan beharko ditugu. Maila pertsonalean lau urte horietan herritarren parte hartzea bultzatzea lortuko bagenu poztuko nintzateke.
Erreleboa ematea pentsatu duzu noizbait?
Momentuz gustura ari naiz lanean, ilusiorik izango ez banu ez bainitzateke hemen egongo. Beraz, ez naiz ari erreleboan pentsatzen, baina egunen batean iritsiko da hori ere.













