Memoria lantzeko saioa eta barreterapia saioa antolatu dituzte Seguran
Segurako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Solidaridad Internacional taldeak, Gipuzkoako EHNEren laguntzarekin bi saio antolatu dituzte: memoriaren treba- kuntza tailerra eta barreterapia tailerra, hain zuzen. Saio horien helburua hirugarren adineko perts...
Segurako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Solidaridad Internacional taldeak, Gipuzkoako EHNEren laguntzarekin bi saio antolatu dituzte: memoriaren treba- kuntza tailerra eta barreterapia tailerra, hain zuzen. Saio horien helburua hirugarren adineko pertsonak zaintzen dituzten familiako kideei laguntzea da. Bi tailerrak Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek finantzatuko dituzte.
Bi saioek 30 orduko iraupena izango dute guztira, eta parte hartzaileek ez dute dirurik ordaindu beharrik izango. Tailerrak noiz hasiko diren ez dago erabat zehaztuta, baina martxoaren 19an hasiko direla aurreikusten dute, eta ziurrenik ere arratsaldean izango dira. Ordutegia tailerretan parte hartuko dutenen artean adostuko dute.
Interesatuek izena Segurako udaletxean eman behar dute, martxoaren 12a, astelehena, baino lehen. Bertara joan ezin duenak udaletxeko telefono zenbakira ere deitu dezakete: 943 80 10 06 zenbakira.
Tailerren helburuak
Memoriaren trebakuntza tailerraren helburuak ezagutzaren zein oroimenaren funtzioak estimulatzea eta behaketa, atentzioa eta oroimena lantzea dira. Baita gaitasun intelektuala, autonomia, ongizatea edota egoera funtzionala hobetzea ere. Horretarako, eguneroko jarduerak simulatzen dituzten ariketak erabiliko dituzte adituek.
Barreterapia tailerrean taldeko dinamika desberdinez baliatuz, barrea eta algara sustatuko dituzte gorputzeko tentsioak, blokeo emozionalak, fisikoak, mentalak eta sexualak askatzeko helburuarekin. Halaber, dinamika horrekin parte hartzaileek beraientzako denbora hartzea lortu nahi dute antolatzaileek, eta momentua bizitzen ikastea.













