Azoka biziberritzeko lehen sektorea indartzea beharrezkotzat jo du udalak
Azokaren 500. urteurrenean murgilduta dabil azken egunetan Ordizia. Udalerriaren eta Goierriren bilakaera sozio-ekomomikoa astez aste baldintzatu duen gertakizuna izan da azoka, eta datorren igandean, hilak 18, tamainako omenaldia egingo diote azokari berari eta asteazkenero azokara joaten diren saltzaileei eta baserritarrei. Udalak hainbat elkarteren laguntzarekin antolatu du igandeko festa, baina ez du festa hutsa izaterik nahi. Hori dela eta, azoka biziberritu ahal izateko lehen sektorea indartzearen aldeko ahalegina egingo duela nabarmendu du udalak. Igor Eguren alkateak eta Juan Mari Gereñu zinegotziak aurkeztu zuten atzo urteurren ekitaldia D’elikatuzen. San Bartolome auzoko baselizaren inguruan egin ziren lehen salmenta-trukeak orain hamar mende, eta ibilia-ibilian gaur egunera iritsi da. Orain 500 urte Ordizia erre ondotik –edo erre egin zutenetik, nahita eragindakoa izan ote zen mahaiaren gainean baitago– Juana Eroa Gaztelako erreginak asteazkenero zergarik gabeko azoka egiteko baimena eman zion hiribilduari, eta harrezkero, Euskal Herriko azokarik «erreferenteetako» bat da, Egurenek azaldu duenez. Lehen sektorearen adierazle «Ordiziako azoka lehen sektorearen adierazle garbia da. Azokarekiko dugun kezka ez da egun bakar batera mugatzen. Ez dira bakarrik fokoak eta kamerak, baizik eta epe luzera pentsatu beharreko zerbait. Astez aste Ordiziara etortzen diren saltzaile eta baserritarrei esker dago bizirik azoka. Horregatik, urteurren eguna saltzaile horien guztien omenezko eguna bilakatu nahi [...]
Azokaren 500. urteurrenean murgilduta dabil azken egunetan Ordizia. Udalerriaren eta Goierriren bilakaera sozio-ekomomikoa astez aste baldintzatu duen gertakizuna izan da azoka, eta datorren igandean, hilak 18, tamainako omenaldia egingo diote azokari berari eta asteazkenero azokara joaten diren saltzaileei eta baserritarrei. Udalak hainbat elkarteren laguntzarekin antolatu du igandeko festa, baina ez du festa hutsa izaterik nahi. Hori dela eta, azoka biziberritu ahal izateko lehen sektorea indartzearen aldeko ahalegina egingo duela nabarmendu du udalak. Igor Eguren alkateak eta Juan Mari Gereñu zinegotziak aurkeztu zuten atzo urteurren ekitaldia D’elikatuzen.
San Bartolome auzoko baselizaren inguruan egin ziren lehen salmenta-trukeak orain hamar mende, eta ibilia-ibilian gaur egunera iritsi da. Orain 500 urte Ordizia erre ondotik –edo erre egin zutenetik, nahita eragindakoa izan ote zen mahaiaren gainean baitago– Juana Eroa Gaztelako erreginak asteazkenero zergarik gabeko azoka egiteko baimena eman zion hiribilduari, eta harrezkero, Euskal Herriko azokarik «erreferenteetako» bat da, Egurenek azaldu duenez.
Lehen sektorearen adierazle
«Ordiziako azoka lehen sektorearen adierazle garbia da. Azokarekiko dugun kezka ez da egun bakar batera mugatzen. Ez dira bakarrik fokoak eta kamerak, baizik eta epe luzera pentsatu beharreko zerbait. Astez aste Ordiziara etortzen diren saltzaile eta baserritarrei esker dago bizirik azoka. Horregatik, urteurren eguna saltzaile horien guztien omenezko eguna bilakatu nahi dugu», adierazi du alkateak.
Orain urte gutxira arte Ordiziako eta Goierriko etxe asko jakiz hornitzeko gunea izan da azoka, baina «gizarteak jasan dituen aldaketekin eta komertzio handien sorrerarekin» sektoreak behera egin du. «Hori da indartzen saiatu beharko ginatekeena. Garaiak aldatu egin dira, eta globalizazioak ere eragin du horretan, baina gure indarrek lehen sektorearen defentsan eta ahaleginean egon behar dute».
Azokaren arrakastaren oinarrian dauden faktoreak ere aipatu ditu Egurenek: produktuak trukatzeko gunea izatea, jaki hornitzailea izatea, aberastasuna sortzea eta elikadura subiranotasunaren sustatzaile izatea. «Azokaren beraren salmenta indizeek behera egin arren, oinarri horri eusten zaio oraindik». Alkateak gogoratu du Ordiziako azoka eta Gernikako azoka direla Euskal Herriko nekazal produktuen prezioak zehazten dituztenak, eta «erreferentzialtasunetik haratago, azokaren beraren premia erakusten» duela horrek. «Datorren igandea efemeride bat da, baina efemeride potolo bat, eta udalak efemeride horretan parte hartu nahi izan du».
Ekitaldi ugari egun bakarrean
Urteurren horren harira dagoeneko martxan da uztailera arte egingo duten pintxo-poteoa, eta baita hileko azken asteazkenetan merkatariek produktuak kalera ateratzeko abiatutako ekimena ere. Hala ere, igandean Ordizian egingo den egun osoko festak du zeresana orain. Haur, gazte eta helduentzako moduko egitaraua prestatu dute, eta denetan nabarmenena baserritar eta saltzaileei omenaldia egiteko izango den herri bazkaria da.
Emaneurre taldeak antolatutako 500 urte, 500 plaza baietz erronka ere bitxia suertatuko da, Plaza Nagusiko perimetroaren 153 metroei 500 itzuli eman nahi badizkiote sei orduan, 76, 5 kilometro osatzeraino –edonork har dezake parte–. Urtean zehar, berriz, azokari buruzko hitzaldi sorta bat ere izango da Ordizian, eta V. mendeurrena gogoratzeko argitalpen bat ere aterako dute.













