
Kristauek festa egingo dute bihar Zumarragan. Gipuzkoako haur misiolarien topaketa egingo dute eta 600 ume inguru elkartuko dira. Autobusez eta trenez iritsiko dira. Geltokitik, Urretxuko Iparragirre plazara joango dira, eta La Salle-Legazpi ikastetxean amaituko dute ibilaldia, Zumarragan. «Martxan pankarta bat eramango dute aurrean, eta haurrek zapi bana jantziko dute lepoan», azaldu du Leire Atxega Donostiako Eliz Barrutiko Misio Ordezkaritzako kideak.
Bost koloretako zapiak jantziko dituzte, kolore bat kontinente bakoitzeko. Topaketaren izenburua Amerikako haurrekin Jesusi buruz mintzatu da. «Urtero kontinente bat aukeratzen dugu. Iaz Afrika izan zen, aurten Amerika eta datorren urtean Europa izango da», gaineratu du Atxegak.
Haur misiolarien kanpaina urtarrilean egin ohi dute, eta urtero lelo bat aukeratzen dute.
Zumarragan bilduko diren haurrak 6 eta 12 urte bitartekoak izango dira. Katekesira doazen umeak dira. «Umeez gain, senitartekoak ere elkartuko dira», azaldu du Atxegak. Katekesian lantzen duten gaietako bat dago, hain zuzen, topaketaren ardatzean. «Gure gaia eliza kristauaren gai bat da, Jesusekin mintzatzea da. Topaketaren helburua umeek katekesian ikasten dutena lurrazalera eramatea da», dio Atxegak.
Topaketa honen antolatzaile dira eliz barrutiko misio ordezkaritza, haurren idazkaritza eta, aurtengoan, Zumarragako artzapez barrutia, Urretxu eta Legazpi ere hartzen dituena. Gipuzkoako misio ordezkaritzak 500 misiolari ditu 65 lurraldetan lanean. «Egun, haur misiolariak direnak, beharbada, etorkizunean kanpora aterako diren misiolariak izango dira. Gu, umeak direnean, bizitzarekiko fedea eta Jesusen berri ona irakasten saiatzen gara. Hori guztia, haurren mailara jaitsita».
Biharko topaketan eliz barrutiak abian jarriko duen beste egitasmo bati hasiera emango diote. «Milurteko honetarako garapen helburuen artean, pobrezia desagertarazteko helburua landuko dugu haurrekin, ikasturtean zehar. Gobernuek 2015erako ez zela pobreziarik egongo esan zuten, eta argi dago gezurra dela», jarraitu du. Lan guztia Jesusen figuraren inguruan egiten dutela dio, «espiritualki egiten dugun lanketa, sozialki aplikatu behar da, gizartera eraman, alegia», zehaztu du Atxegak.
Topaketa
Egitaraua
• 11:00. Haur misiolarien iritsiera Zumarragako geltokira. Taldea elkartzean koloretako zapiak emango dizkiete haurrei, lepoan jartzeko.
• 11:30. Urretxuko Iparragirre plazaraino martxa bat egingo dute.
• 12:30. Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxera joango dira. Han Eliz Barrutiko Ongi Etorria egingo diete.
• 13:30. Bazkaria.
• 14:30. Ekintzak, jokoak eta tailerrak egingo dituzte.
• 16:30. Ospakizuna eta otoitza. Jose Ignazio Munilla Donostiako Eliz Barrutiko gotzainak parte hartuko du ospakizunean.
• 17:00. Topaketaren amaiera.
Misioen Lagunak, zortzi urtez Haitiri elkartasuna adierazten
Zumarragako Misioen Lagunen taldeak zortzi urte daramatza Haitiko Errepublikako biztanleekin elkarlanean. Elkartasuna ardatz, Jacmel lurraldean, Haitiko hego-ekialdean, proiektu bat baino gehiago burutu dute jada, bertako Mesedetako Lekaimeen bitartekaritzarekin.
Aurreko asteburuan, Misioen Lagunek elkartasun afaria egin zuten. Aintzane Arizmendiarrieta taldeko kidearen arabera, «dagoeneko egonkortutako ekintza da. Aurtengoan, ehun lagun inguru izan ginen. Bakoitzak ekarri zuen jatekoa, eta hainbatek diru apur bat». Guztira, 1.500 euro bildu dituzte elkartasun afarian.
Afaldu aurretik hitzaldia eskaini zuen Leire Atxegak Gipuzkoako Eliz Barrutiko langileak. Haitiko egungo egoeraz aritu zen. Zumarragatik eta Goierriko beste hainbat herritatik bidalitako laguntzaren nondik norakoa ere hizpide izan zuen.
«Lekaimeekin zuzenean egiten dugu lan. Beraiek laguntza hori zertan erabiltzen duten azaltzen digute, baita egindakoaren irudiak bidali ere», dio Arizmendiarrietak. Urte horietan guztietan, osasun zentro bat eta haurrentzako elikadura zentro bat eraikitzen lagundu dute. «Auzoetan elikaduraren gainean jendea trebatzeko proiektuan ere lagundu dugu», gehitu du Arizmendiarrietak.
Misioen Lagunek Gabonetan elkartasun denda ireki zuten, eta loteria saldu. Bi ekimen horiekin jasotako dirua eguzkitako lanparatan inbertitu dute. Lanparak Haitira bidaliko dituzte. «Argindarrik ez daukate, eta haurrek eta gaztetxoek lanparak behar zituzten beren etxeetan ikasteko. Etxeko guztientzat balioko dute, sabaitik zintzilikatzeko lanparak baitira», azaldu du.
Martxoaren 24an, edukiontzi bat prestatuko dute Lazkaon, Herriak Elkarlanean erakundearekin batera. Gipuzkoa osoan bildutako elikagaiak eta oinarrizko materialak bidaliko dituzte Haitira. Aurten, aurreko urteetan ez bezala, janari bilketarik ez dute egingo Zumarragan.