
Iñaki Mendiluze
Txugi-ren omenez kimuen futbol txapelketa egingo dute bihar, Zumarragako Argixao futbol zelaian. Aurtengoa, lehiaketaren hamazazpigarren edizioa da.
Iñaki Mendiluze zumarragarra Itsasondon erail zuten 1995. urtean. Ordutik, urtero-urtero, Urola futbol taldeak omenaldi hau egin ohi du Aste Santuko ostegunean. Izan ere, Mendiluze Urolako jokalaria izan zen urtetan. Urretxuko eta Zumarragako Udalen laguntza jasotzen dute antolatzaileek.
Euskal Herriko onenak
Urolako lehendakari Asier Muruaren arabera, «urtero, Euskal Herriko talde onenak Zumarragan egoteko saiakera» egiten dute. Aurten ere, txapelketak maila altua izango duela iragarri du Muruak.
Biharkoan, Argixaoko futbol zelaian ondoko taldeak lehiatuko dira: Athletic, Real Sociedad, Tudelano, Osasuna, Alaves, Mirandes, Zarautz eta Urola.
2000. urtean jaiotako haurrez osatutako taldeak lehiatuko dira, kimuen mailan, eta Futbol 8 delako modalitatean jokatuko dute. Txapelketa 09:15ean hasiko da, Zumarragako futbol zelaian; 13:15ean sari banaketa egingo dute, eta Mendiluzeri omenaldia egingo diote.