
Aste Santuko opor egun gehienetan euria goian behean egin badu ere, astelehenean eguzkia agertu zen eta Antion Pazko Bigarreneko jaia ospatu zuten. Urte batean baino gehiagotan, eguraldi txarragatik festa Zumarragako Euskadi plazan egin izan dute; iaz, adibidez. Aurtengoan eguraldiak lagundu du, eta zumarragar ugari elkartu da Antioko erromerian.
Auto asko zegoen aparkalekuan, bidean gora jende gehiago zihoan. Baselizaren alboko zelaian musika jartzen ari ziren, eta haurrak jolasean ari ziren jada. Jendea belardietan jarrita zegoen, eguzkiaz gozatzen, egun euritsu askoren ondoren.
Jolastoki bihurtutako gunearen ondoan prest zegoen mahaia, Arkaitzeta elkartetik ekarriko zuten txokolatea banatzeko. Gero, Zumarragako Udaleko ordezkari politikoen txanda iritsi zen. Antioko Ama Birjinaren irudiari bisita egin zioten. Aldarearen aurrean ipini ziren, eta baselizako gidariak, irudiari begira, Belokiko Amaren inguruko abestia kantatu zuen.
Ordurako aizkolariek hasia zuten erakustaldia. Dorronsoro eta Zaldua bikotea, Larrañagaren eta Ugartebururen kontra aritu zen. Sei kana erdiko ebaki zituzten. Larrañagak eta Ugarteburuk irabazi zuten norgehiagoka.
Jende asko bildu zen erakustaldia ikusteko. Xabier Dorronsoro zeraindarra Jabier Aranberri Elorriaga zumarragarraren ordez aritu zen. «Aranberri ez dago bere onenean, eta ez da etorriko», esan zuen aizkolarietako batek. Aranberrik Eusko Label Banakako Aizkora txapelketan ere ez zuen parte hartu, aurreko igandean.
Xabier Zalduaren bikoteak galdu zuen erakustaldia. Apirilaren 22an Tolosako zezen plazan hitzordua du aizkolari zumarragarrak. Olasagastiren kontra arituko da, eta hura ez da erakustaldia izango. 12.000 euro jarri dituzte jokoan.
Antioko Pazko Bigarreneko jaiari musikak lagunduta eman zioten amaiera.
Aintxinako Ama txistulari taldeko musikariek parte hartu zuten; eta, trikitirik gabeko erromeriarik ezagutzen ez denez, han izan ziren Zumarragako trikitilariak ere.