«Pixka bat zirikatuz gero jendeak dantzatzen du»
Euskal musika tradizionala dantzarako aldarrikatzen du Aiko talde bizkaitarrak. Araman bizi den Aitor Furundarena (Ordizia, 1970) da musikarietako bat. Azken bost urteotan lan monografikoak egin ostean, Oinak kantuz bigarren diskoarekin (Elkar, 2012) doaz plazetara, euskal tradizioan oinarrituta baina pieza guztiak berri-berriak. Aikoren azken lana aurreko astean aurkeztu zenuten. Baina ez duzue etenaldirik egin. Ez, ez dugu etenaldirik eduki. Gauza desberdinak egiten ditugu: erromeria edo dantzaldi gidatuak, ikastaroak ere bai, monografikoak, jauziei edo muxikoei buruzko lana… gauza bat baino gehiago. Orain, azken diskoan lehenagoko erromerietako errepertorio orokor bat hartu dugu. Sustraietara itzuli zarete? Egin ditugun lan guztiak hor oinarrituta izan dira lehen ere. Kasu honetan, plazako dantza orokorrean pentsatu dugu; euskal tradizioan oinarrituta. Goitik behera pieza berriak egin ditugu, baina zaharren estiloan. Aikon helburua erromeria, dantzaldiak eta betiko euskal dantza-folklorea plazetan indartzea duzue. Orokorra hori da. Dantzariak eta musikariak gaude, eta zehatzago esateko dantza aldetik bideratuta dago. Baina saiatzen gara musikarien aldetik dantzarientzat jotzeko modu bat jorratzen. Zeren azkeneko urte askoan musikarien artean ia soilik entzuteko jotzeko modua landu da. Saiatzen gara dantzatzeko moduak lantzen, jotzeko era desberdina delako. Soinu txikia, adibidez, lehen dantza egiteko jotzen zen esklusiboki; momentu batean hasi ziren beste modu batzuk lantzen; kontzertuak emateko, jotzeko soilik. Hori [...]
Euskal musika tradizionala dantzarako aldarrikatzen du Aiko talde bizkaitarrak. Araman bizi den Aitor Furundarena (Ordizia, 1970) da musikarietako bat. Azken bost urteotan lan monografikoak egin ostean, Oinak kantuz bigarren diskoarekin (Elkar, 2012) doaz plazetara, euskal tradizioan oinarrituta baina pieza guztiak berri-berriak.
Aikoren azken lana aurreko astean aurkeztu zenuten. Baina ez duzue etenaldirik egin.
Ez, ez dugu etenaldirik eduki. Gauza desberdinak egiten ditugu: erromeria edo dantzaldi gidatuak, ikastaroak ere bai, monografikoak, jauziei edo muxikoei buruzko lana… gauza bat baino gehiago. Orain, azken diskoan lehenagoko erromerietako errepertorio orokor bat hartu dugu.
Sustraietara itzuli zarete?
Egin ditugun lan guztiak hor oinarrituta izan dira lehen ere. Kasu honetan, plazako dantza orokorrean pentsatu dugu; euskal tradizioan oinarrituta. Goitik behera pieza berriak egin ditugu, baina zaharren estiloan.
Aikon helburua erromeria, dantzaldiak eta betiko euskal dantza-folklorea plazetan indartzea duzue.
Orokorra hori da. Dantzariak eta musikariak gaude, eta zehatzago esateko dantza aldetik bideratuta dago. Baina saiatzen gara musikarien aldetik dantzarientzat jotzeko modu bat jorratzen. Zeren azkeneko urte askoan musikarien artean ia soilik entzuteko jotzeko modua landu da. Saiatzen gara dantzatzeko moduak lantzen, jotzeko era desberdina delako. Soinu txikia, adibidez, lehen dantza egiteko jotzen zen esklusiboki; momentu batean hasi ziren beste modu batzuk lantzen; kontzertuak emateko, jotzeko soilik. Hori guztiz zilegi da, baina galduz joan da musikarien artean dantza egiteko jotzeko kontzeptua.
Dantzaldia nola antolatzen duzue?
Dantza eta musika uztartzen dugu. Horretarako dantzariak eta musikariak beti elkarrekin aritzen gara. Gure bide printzipala erromeriak dira, eta dantzaldi gidatu formatuan egiten ditugu. Plazaren erdian dantza maisu bat jarri mikrofonoarekin, eta gutxi gorabehera esplikatzen du egin behar dugun dantzaren pausoak nondik nora doazen; eta egitera. Azkenean, praktikan, pedagogia pixka bat egiten du, baina animatu asko. Musikariok askotan esaten dugu, «ez da dantzatzen batere», bereziki Gipuzkoan, motzagoak baikara. Askotan, nahikoa da erdian norbait egotea zirikatzeko; batzuk dantzan jartzen dira eta jendea animatu egiten da.
Ohitura aldaketari gain hartzeko?
Azkeneko urteotan kontzertuak izan direnak —zeren, azken batean, dantzaririk ez baldin badago kontzertua da— formatu honek dantzaldi bihurtzen ditu. Gauza batzuetarako ohiturak galduta daude, eta pixka-pixka bat gidatzea da, baina gehienbat animatzea. Erraztu egiten du jendeak dantza egitea. Emaitza da, musikariekin bakarrik ez bezala, plazan dantzari pila bat aritzea.
Jendeak dantzatzeko gogoa badu, baina ez da ausartzen?
Bai. Kuriosoki, kantuarekin gauza igual-iguala gertatzen da. Azken urteotan gauza oso antzekoa gertatu izan zait, pertsonalki, kantu bazkari edo afariak egitea tokatu zaidanean. Gaur egun, paperik eramaten ez baduzu, jendeak ez du batere kantatzen. Aldiz, aurrean paperak jarriz gero, kristoren gogoarekin kantatzen dute, asko. Dantzarekin ere berdina gertatzen da: akuilu lan pixka bat eginda jendeak dantza egiten du, eta beste satisfazio batekin bukatzen du. Ez du zerikusirik dantzaldi batean dantza eginda; ordubete aritzea gorputzak ere asko eskertzen du.













