Emakume baserritarrei aitortza
Ordiziako Kimetz emakume elkarteak asteazkenero-asteazkenero azokan biltzen diren emakume baserritarrei omenaldia egiteko baliatu zuen atzoko eguna, ekitaldi xume baten bidez. Bi emakumeri eskultura bana eman ondoren, azokako emakume baserritar guztiei oroigarri bana oparitu zieten Kimetzekoek, «emakumetik emakumera, egiten duten lana aitortzeko». Goizean goizetik, gainera, Kimetzek eta Farapi Antropologia Aplikatuko zentroak egindako Gaur 8 azokan ikus-entzunezkoa ikusi ahal izan zuten azokara inguratu zirenek, plazaren bueltan jarritako dozena erdi telebisten bidez. Kimetz elkartearen helburuen artean dago emakumeek edozein esparrutan egiten duten lana ikusarazi eta balioan jartzea, eta atzoko omenaldiak haien helburuekin «bete-betean» egiten duela bat esan zuen Belen Balerdi elkarteko kideak. «Asteazkenero-asteazkenero azokan eta etxean egiten duten lana aitortu nahi dugu omenaldi honekin». Omendu eta goraipatu Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Laura Gomezek eta Ordiziako alkate Igor Egurenek ere parte hartu zuten ekitaldian. Gomezen esanetan, emakumeen lana «ezkutatu» egiten da, eta hori agerian jartzeko ahalegina egiten jarraitu behar da. «Zer egingo lukete Ordiziak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak emakumeen lanik gabe?», galdera ere bota zuen Gomezek. Egurenek metafora bat erabili zuen emakumeen lana goresteko. «Gizon handi guztien atzean emakume handi bat dagoela esaten da, baina hori gezurra. Historia gizonezkoek idatzi dute, baina historia benetan egin dutenak emakumeak dira». Hitz horien ondoren, Agustina Lopetegiri [...]

Itziar Etxeberria eta Agustina Lopetegi, erdian, emakume baserritarra irudikatzen duen eskulturarekin.
Kimetz elkartearen helburuen artean dago emakumeek edozein esparrutan egiten duten lana ikusarazi eta balioan jartzea, eta atzoko omenaldiak haien helburuekin «bete-betean» egiten duela bat esan zuen Belen Balerdi elkarteko kideak. «Asteazkenero-asteazkenero azokan eta etxean egiten duten lana aitortu nahi dugu omenaldi honekin».
Omendu eta goraipatu
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Laura Gomezek eta Ordiziako alkate Igor Egurenek ere parte hartu zuten ekitaldian. Gomezen esanetan, emakumeen lana «ezkutatu» egiten da, eta hori agerian jartzeko ahalegina egiten jarraitu behar da. «Zer egingo lukete Ordiziak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak emakumeen lanik gabe?», galdera ere bota zuen Gomezek.
Egurenek metafora bat erabili zuen emakumeen lana goresteko. «Gizon handi guztien atzean emakume handi bat dagoela esaten da, baina hori gezurra. Historia gizonezkoek idatzi dute, baina historia benetan egin dutenak emakumeak dira».
Hitz horien ondoren, Agustina Lopetegiri –azokako emakumezko saltzaile beteranoena–, eta Itziar Etxeberriari –haren familiak lau belaunaldi daramatza udaletxe azpian gazta saltzen– emakume baserritarra irudikatzen duen eskultura bana oparitu zieten Kimetz elkartekoek. Lopetegi Altzagan jaio zen, Beasainen bizi da eta Ezkio-Itsason du baratza. Bederatzi urterekin joan zen lehenengoz azokara, eta 83 urte ditu gaur egun.
Etxeberriak, berriz, birramonak hasitako bideari jarraitzen dio. Haren amonak eman zion segida azokan egoteari, amak geroago eta orain bera aritzen da gazta saltzen udaletxeko arkupeetan. Bosgarren belaunaldirik egongo den ez daki –seme-alabarik ez du eta lau ilobetatik bakarra da emakumezkoa– baina familiaren tradizioari eustearekin «oso harro» dago. Aurresku batekin bukatu zen ekitaldia.
Bost andreren testigantzak
Kimetzek eta Farapik Estiko ekoiztetxearekin elkarlanean egindako Gaur 8 azokan dokumentalaren aurkezpena egiteko ere baliatu zuten atzoko eguna. Adin eta jatorri ezberdinetako bost emakume baserritarren testigantzak bildu dituzte lan horretan. Hauek dira protagonistak: Miren Jauregi (Aiesta-Beltza baserria, Arama), Amaia Alkorta (Kalbario baserria, Idiazabal), Itziar Etxeberria (Lizarraga baserria, Ordizia-Zaldibia), Maria Rosario Urretabizkaia (Agerre baserria, Arama) eta Anttoni Murgiondo (Beheko etxe, Gabiria).













