Leteren omenezko kantaldia bihar zortzi egingo dute, Antzizar kiroldegian
Xabier Lete kantariaren omenez antolatu dute Sortuko dira besteak ikuskizuna ekainaren 9an iritsiko da Beasainera. Dozena bat kontzertu egingo dituzte Euskal Herrian barrena, eta horietako bat izango da Beasaingoa. Antzizar kiroldegian egingo dute, 22:30ean, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Beasaingo eta Goierriko hainbat puntutan. Leteren omenezko ekitaldiak antolatzen jardun du Jose Angel Arbelaitzek. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, «Letek harreman estua izan du Goierrirekin eta Goierriko jendearekin». Hala, haren aurreneko kontzertua eta azken errezitaldia Goierrin egin zituela gogorarazi du. «1966. urtean, Seguran egin zuen lehen emanaldia, Lourdes Iriondorekin batera. Benito [Lertxundi] zen etortzekoa, baina gaixotu egin zen eta Letek hartu zuen haren tokia». Azken errezitaldia berriz, Ataunen egin zuen, hil baino hilabete lehenago. Leteren omenez, Xabier Lete gogoan ikuskizuna egin zuten aurrena, bere garaiko kantari ezagunekin. Orain berriz, Sortuko dira besteak ikuskizuna osatu dute. «Beste irekitasun bat eman nahi izan diogu, belaunaldi gazteago bateko kantariekin». Denen artean, «publiko guztientzako moduko saioa» antolatu dutela uste du Arbelaitzek, eta orain arteko saioetan, «jendeak ia kontzertu osoa kantuan» pasa duela azaldu du. Hiru belaunaldi batera Ekitaldian parte hartuko dutenetako bat da Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea. Sei musikarik osatutako taldea ariko dela azaldu zuen, kantariekin batera. Hau bezalako «kontzertu kolektibo bat» antolatzea ez dela erraza izan esan zuen, eta kontzertuan, «hiru belaunaldi ezberdin» elkartuko [...]
Xabier Lete kantariaren omenez antolatu dute Sortuko dira besteak ikuskizuna ekainaren 9an iritsiko da Beasainera. Dozena bat kontzertu egingo dituzte Euskal Herrian barrena, eta horietako bat izango da Beasaingoa. Antzizar kiroldegian egingo dute, 22:30ean, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Beasaingo eta Goierriko hainbat puntutan.
Leteren omenezko ekitaldiak antolatzen jardun du Jose Angel Arbelaitzek. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, «Letek harreman estua izan du Goierrirekin eta Goierriko jendearekin». Hala, haren aurreneko kontzertua eta azken errezitaldia Goierrin egin zituela gogorarazi du. «1966. urtean, Seguran egin zuen lehen emanaldia, Lourdes Iriondorekin batera. Benito [Lertxundi] zen etortzekoa, baina gaixotu egin zen eta Letek hartu zuen haren tokia». Azken errezitaldia berriz, Ataunen egin zuen, hil baino hilabete lehenago.
Leteren omenez, Xabier Lete gogoan ikuskizuna egin zuten aurrena, bere garaiko kantari ezagunekin. Orain berriz, Sortuko dira besteak ikuskizuna osatu dute. «Beste irekitasun bat eman nahi izan diogu, belaunaldi gazteago bateko kantariekin». Denen artean, «publiko guztientzako moduko saioa» antolatu dutela uste du Arbelaitzek, eta orain arteko saioetan, «jendeak ia kontzertu osoa kantuan» pasa duela azaldu du.
Hiru belaunaldi batera
Ekitaldian parte hartuko dutenetako bat da Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea. Sei musikarik osatutako taldea ariko dela azaldu zuen, kantariekin batera. Hau bezalako «kontzertu kolektibo bat» antolatzea ez dela erraza izan esan zuen, eta kontzertuan, «hiru belaunaldi ezberdin» elkartuko direla. Batetik, Leteren garaikide den Pier Paul Bertzaiz abeslari zuberotarra dago. Bestetik, «Leterekin, Laboarekin edota Imanolekin jo izan dugun musikari taldea, zubi lana egiten dugunak». Eta azkenik, kantari gazteagoen taldea dago, hala nola, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Petti edota Alex Sardui. Artista horiek denak batera oholtza gainean ikusteko «aukera ezinhobea» izango dela dio Goikoetxeak, eta elkartze horren atzean, euskal musika eta kantaera ulertzeko modu bat dagoela.
Sarreren salmenta puntuak:
Kontzerturako sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai, 15 euroan, Beasaingo eta Goierriko hainbat tokitan:
- Beasainen: Basakana, Arrano, Antzizar eta Plazape tabernetan, Antzizar kiroldegian eta Bareak elkarteko dendetan.
- Ordizian: Amonane eta Olano tabernetan.
- Zaldibian: Joxepane tabernan.
- Lazkaon: Heren eta Gerriko tabernetan.
- Ataunen: Troskaeta tabernan eta Bittor jatetxean.
- Ormaiztegin: Itxune tabernan.
- Idiazabalen: Xume tabernan.
- Seguran: Elorripe tabernan.
- Legorretan: Olaso tabernan.
- Interneten, Kutxasarrerak webgunean.