Errauste plantaren aurkako mosaikora joateko deia egin du Zero Zaborrek
Goierri Zero Zaborrek lehen agerraldi publikoa egin du Ordizian, Oianguren parkean. Bertan taldearen asmoak zeintzuk diren azaldu dute eta ekainaren 17an Donostian egin behar den errauste plantaren aurkako mosaiko erraldoiera azaltzeko dei egin diete goierritar guztiei.
Goierri Zero Zabor taldea hondakinen kudeaketen inguruan «ikusle hutsak izateari utzi eta Goierriko hainbat herritan herritarrak elkartu eta denon arazoa den honi irtenbidea emateko» sortutako talde multzoen batura bat da. Taldearen asmoa «Zero Zabor filosofia zabaltzea» da, «hondakinek irtenbidea badutela erakusteko».
Goierriko taldeak kolorea erabili nahi du zaborren aurrean. Azaldu dutenez, «grisa da porlana, grisa errautsa, grisa zaborra. Grisa gaixotasuna. Grisa kea eta grisa kutsadura. Grisa da etsipena. Grisa da batzuek ekarri nahi diguten etorkizuna». Hala, «gristasun» horren aurka eta «etsipenaren aurrean» kolorea erabiltzea proposatzen du Goierri Zero Zabor taldeak.
Kolore horren bidez «arrazionaltasuna eta iraunkortasuna» adierazi nahi dute; izan ere, haien ustez «koloreak badu etorkizuna». Osasuna, itxaropena eta etorkizuna kolorez bete nahi dutela adierazi dute agerraldian, «etorkizunean sinesten dugulako».
Goierri Zero Zaborren ustez, orain artean arazoa hondakinak nola bildu izan da, baina bilketa modu ezberdinen «ondorioez gutxiegi hitz egin da». Hala, galdera luzatu diote gizarteari eta arduradunei: «Nork nahi du zabortegia bere herrian? Nork nahi du errauste planta bere herrian? Erantzuna denok dakigu. Inork ere ez ditu nahi».
Mosaiko erraldoia
Ekainaren 17an Donostian egingo den mosaiko erraldoiaren bidez «Zero Zabor norabidean urratsak egiteko oztopo izango litzatekeen errauste plantaren proiek- tua bertan behera gera dadin» eskatuko da. Hala, «kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena» izango dira zero zaborraren aldeko taldeek mosaikoarekin egingo duten eskaintza eta aldarria. Elementu guztiak islatuko dira bertan, milaka herritarrek gorpuztuko duten mosaiko erraldoi baten bidez; kolorezko haize errota erraldoia irudikatuko dute guztien artean.
«Aire garbiak bira dezan» eskatzen duen haize errota koloretsua irudikatuko da bertaratutako guztien artean. Mosaikoa milaka herritarren artean osatuko da, eta horretarako bakoitzak mosaikoa osatzeko banatuko diren piezak eraman beharko ditu.
Ordizian, Legorretan, Seguran, Lazkaon, Beasainen, Zaldibian, Ormaiztegin, Zumarragan eta Urretxun banatuko dituzte kartulinak, herri bakoitzean egun eta ordu ezberdinetan. Zenbait herritan ekintza gehiago ere prestatu dituzte zero zaborraren aldeko taldeek.
«Goierriko herritar guztiak Zero Zabor taldeetan parte hartzeko» deia ere egin dute taldekideek, eta «hondakinak denok sortzen ditugunez», arazoaren zati herritar guztiak direla azaldu zuten. Horregatik «soluzioaren parte izateko» gonbita egin diete goierritar guztiei.













