Industrializaziotik jaio zen auzoa
Legazpiko San Inazio auzoak 65 urte betetzen ditu aurten. Egun, San Martin auzoarekin batera, 1.000 bat biztanle dituen gunea da. San Inazio auzoak 40. hamarkadaren erdialdean du sorburua, urte haietan Gipuzkoan eman zen industrializazioaren susperraldiaren testuinguruan. Urteurrena jai giroan ospatu nahi dute bizilagunek, eta horregatik, Buskabaso auzo-elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu larunbaterako. San Inazio auzoaren historia, Patrizio Etxeberria lantegiarekin estuki lotuta dago. 1920 eta 1940 urteen artean Legazpiko biztanleria %48,31 hazi zen. Industrializazioaren urrezko aroa zen. Ondorioz, Legazpin etxebizitza eta azpiegitura berrien premia handia sortu zen. 1941ean Patrizio Etxeberriak berak, San Inazio auzoa egiteko asmoa erakutsi zuen. Legazpin eraiki zen lehenengo langile auzoa izan zen. Rafael Gomez, Buskabaso elkarteko kideak adierazi duenez, «1947an eman zituzten lehenengo etxeen giltzak». Auzoko lehen maizterrak arabarrak eta nafarrak izan ziren, baina 60. hamarkadatik aurrera, batez ere, Extremaduratik eta Gaztela eta Leonetik ere jende ugari joan zen auzora. «Ni 1961ean iritsi nintzen Legazpira, Patrizio Etxeberrian lan egiteko», gogoratu du Gomezek. Auzoa eraikitzerako orduan etxe lerrokatuak eta independienteak tartekatu zituzten. «Ingeniarientzat eta lantegiko nagusientzat espresuki egindako etxebizitzak zeuden. Langileentzako beste batzuk egin ziren», dio Gomezek. Etxebizitzez gainera, beste hainbat azpiegitura ere eraiki behar izan ziren, eskolak, pentsioak edo osasun zerbitzua eskaintzeko gune bat, adibidez. Ondoren, auzo [...]
San Inazio auzoaren historia, Patrizio Etxeberria lantegiarekin estuki lotuta dago. 1920 eta 1940 urteen artean Legazpiko biztanleria %48,31 hazi zen. Industrializazioaren urrezko aroa zen. Ondorioz, Legazpin etxebizitza eta azpiegitura berrien premia handia sortu zen. 1941ean Patrizio Etxeberriak berak, San Inazio auzoa egiteko asmoa erakutsi zuen. Legazpin eraiki zen lehenengo langile auzoa izan zen. Rafael Gomez, Buskabaso elkarteko kideak adierazi duenez, «1947an eman zituzten lehenengo etxeen giltzak».
Auzoko lehen maizterrak arabarrak eta nafarrak izan ziren, baina 60. hamarkadatik aurrera, batez ere, Extremaduratik eta Gaztela eta Leonetik ere jende ugari joan zen auzora. «Ni 1961ean iritsi nintzen Legazpira, Patrizio Etxeberrian lan egiteko», gogoratu du Gomezek. Auzoa eraikitzerako orduan etxe lerrokatuak eta independienteak tartekatu zituzten. «Ingeniarientzat eta lantegiko nagusientzat espresuki egindako etxebizitzak zeuden. Langileentzako beste batzuk egin ziren», dio Gomezek.
Etxebizitzez gainera, beste hainbat azpiegitura ere eraiki behar izan ziren, eskolak, pentsioak edo osasun zerbitzua eskaintzeko gune bat, adibidez. Ondoren, auzo gehiago ere egin zituzten, Arantzazu, Itxaropen edo San Juan, besteak beste.
Auzoaren gainbehera
Gomezen hitzetan lehen «bizi asko zuen» auzoa zen San Inazio. Urteekin ordea, «auzoan zeuden bi dendak eta taberna itxi zituzten», dio eta horrek nabarmen eragin zuen auzoaren egunerokoan. Xabier Baztarrika elkarteko kideak 20 urte daramatza auzoan. San Inaziori kaleko bizitza «falta» zaiola dio. Dendak eta taberna itxi zirenetik auzotarrek ez dutela elkartzeko gunerik azaldu du. Hain zuzen, helburu horrekin sortu zen 2001ean Buskabaso elkartea. Baina gainera, auzotarren eta udalaren arteko zubi lana ere egiten du elkarteak.
San Inazio, biztanle ugariko auzoa izatetik, «poliki poliki husten» joan den gunea bihurtu da. «Ni hona iritsi nintzenean bizilagunen batez besteko adina oso altua zen», azaldu du Baztarrikak. Azken urteetan, dena den, joera aldatzen ari dela diote, «gero eta gazte gehiago ari da etortzen». Orain urte gutxi herrigunetik auzora udalak jarri duen igogailua ere «aurrerapauso nabarmena» izan da, auzoa herrigunera gehiago gerturatu baitu.
65 urteko historiak ospatzea merezi duela eta, bazkaltzera elkartuko dira auzotarrak larunbatean. «80 bat izango gara eta Aitxurin elkartuko gara», esan du Baztarrikak. Aurretik meza izango dute, eta goizean zehar auzoko Txirbil taila elkarteak erakustaldia eskainiko du. La Bellota extremadurar elkarteko kideek, bere aldetik, mokadu batera gonbidatuko ditu auzotarrak. Eta bitartean, denboraren joanean, San Inazio auzoak bere historia idazten jarraituko du.