Zaldibian errekara jauzi egitea eta presan igeri egitea debekatuta dagoela gogorarazi du udalak
Zaldibiako Udalak debekatu egin du Amundarain errekan eskolaren pareko zubitik behera jauzi egitea eta han bertan dagoen presa pneumatikoaren inguruan igerian aritzea. Uda partean, bainulariek aspalditik erabili izan dute eremu hori errekan bainatzeko; baina, «presa pneumatikoa jarri zenetik gero eta gehiagora» doa saltoka aritzeko ohitura, udalak ohar bidez adierazi duenez. «Zaldibiako ibaiaz gozatzera datozen inguruko herrietako hainbat gaztetxok eta herriko beste batzuek eskolako zubitik salto egiten dute errekara. Ondoren presa peumatikoaren gainean korrika eta salto egiten dute», azaldu du udalak. Jarduera horiekin «kezka» agertu du, bainularientzat daukaten arriskuagatik. Batetik, zubitik salto egitearen arriskua dago, ibaiko putzuaren hondoa edo ertza jotzekoarena, hain zuzen. Orain bi aste Donostian 18 urteko gazte bat tetraplejiko geratu zela gogorarazi du udalak, gisa horretako jauzi bat egin eta bizkarrezurra minduta. Bestetik, presa pneumatikoaren gainean ibiltzea bera ere arriskutsua da, errekaren korrontearen eta uraren emariaren indarraren arabera automatikoki mugitzen delako. «Aurreko hilean presa horiek egin zituen teknikaria ekarri genuen, errebisio bat egitera. Uda garaian gazteen praktikaren berri eman genion, eta ezin zuen sinetsi. Izugarrizko arriskua dagoela jakinarazi zigun», dio udalak. Urak eramateko arriskua ere bai Presaren gainetik beherantz irrist eginda erortzeko arriskuaz gain, presa automatikoa jaitsiko balitz, presaren eta zubiaren artean dauden igerilariak «urak berarekin eramango lituzke, [...]
Zaldibiako Udalak debekatu egin du Amundarain errekan eskolaren pareko zubitik behera jauzi egitea eta han bertan dagoen presa pneumatikoaren inguruan igerian aritzea. Uda partean, bainulariek aspalditik erabili izan dute eremu hori errekan bainatzeko; baina, «presa pneumatikoa jarri zenetik gero eta gehiagora» doa saltoka aritzeko ohitura, udalak ohar bidez adierazi duenez.
«Zaldibiako ibaiaz gozatzera datozen inguruko herrietako hainbat gaztetxok eta herriko beste batzuek eskolako zubitik salto egiten dute errekara. Ondoren presa peumatikoaren gainean korrika eta salto egiten dute», azaldu du udalak.
Jarduera horiekin «kezka» agertu du, bainularientzat daukaten arriskuagatik. Batetik, zubitik salto egitearen arriskua dago, ibaiko putzuaren hondoa edo ertza jotzekoarena, hain zuzen. Orain bi aste Donostian 18 urteko gazte bat tetraplejiko geratu zela gogorarazi du udalak, gisa horretako jauzi bat egin eta bizkarrezurra minduta.
Bestetik, presa pneumatikoaren gainean ibiltzea bera ere arriskutsua da, errekaren korrontearen eta uraren emariaren indarraren arabera automatikoki mugitzen delako.
«Aurreko hilean presa horiek egin zituen teknikaria ekarri genuen, errebisio bat egitera. Uda garaian gazteen praktikaren berri eman genion, eta ezin zuen sinetsi. Izugarrizko arriskua dagoela jakinarazi zigun», dio udalak.
Urak eramateko arriskua ere bai
Presaren gainetik beherantz irrist eginda erortzeko arriskuaz gain, presa automatikoa jaitsiko balitz, presaren eta zubiaren artean dauden igerilariak «urak berarekin eramango lituzke, erremediorik gabe».
Amundarain errekan urmaela sortzen du presa pneumatikoak, Lardizabal eskolaren aurrean. Gomazko oztopo puzgarri batek egiten ditu hesi lanak. Errekaren emariaren arabera, goratu edo beheratu egiten da presa pneumatikoa; ur gutxi datorrenean altxa egiten da, korronteari eutsi eta putzua sortzeko. Aldiz, erreka haziago datorrenean, beheratu eta urari jare egiten dio.
Arriskuak ikusita, udalak debekatu egin du eskola pareko zubiaren eta presaren artean bainatzea, baita errekara jauzi egitea ere. «Erabiltzaileei eta haien arduradunei» neurriak hartzeko eta betearazteko eskatu die, «konpondu ezineko istripu tamalgarriren bat gertatu aurretik».