San Joan sagarra, berandu baina seguru
Lierni Elortza • Ordiziako azokako berriemalea Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu aurten atzeratuta datozela fruitu eta barazkiak, eta horren adibide izan ziren atzo lehen aldiz agertu ziren San Joan sagarrak. Urteko lehen sagar mota izan ohi da, hemendik aurrera banan-banan makina bat izango dugu bai ferian salgai, eta baita gure inguruko sagardietan ere. Ez du ematen hain sagar urte ona izango denik. «San Joan sagarra behintzat kanika sagarra aurten, eta beranduxeago izango ditugunak ere ez du ematen handiagoak izango direnik», aipatu zuen atzo Maria Jesus Oriak Ezkio-Itsasoko Eztalagoiti baserrian dituzten sagarrondoei buruz. Lehen hauek 10,5 euroan salgai ziren. Frutekin segiz, Aramakoen deigarritasuna ere beste behin aipagai. Zurutuza ahizpek india-mahatsa gehitu zioten azken astetako magurdi, marrubi, eta andere-mahats gorri eta beltzei. Barazkietan apio hosto berriak 50 zentimotan salgai zituen Edurne Jauregik: «Gustu berezia dute eta hau ere ikasi egiten da, baina behin ohituz gero motela geratzen da bota ezean». Oraindik ilarrak eta babak zenbait postutan ikusten badira ere, ia onenak emanda gehienak, eta hauen tokia hartzen ari dira uda-udakoak diren tomate, piper, leka, luzoker eta abarrak. Eta neguko jana ziurtatu nahi duenak atzoz geroztik lonbarda-aza landareak ere erosi ditzake, 8 euroan ehuneko sorta. Bestalde, udaberriko zizak uzten ari diren tokia [...]
Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu aurten atzeratuta datozela fruitu eta barazkiak, eta horren adibide izan ziren atzo lehen aldiz agertu ziren San Joan sagarrak. Urteko lehen sagar mota izan ohi da, hemendik aurrera banan-banan makina bat izango dugu bai ferian salgai, eta baita gure inguruko sagardietan ere.
Ez du ematen hain sagar urte ona izango denik. «San Joan sagarra behintzat kanika sagarra aurten, eta beranduxeago izango ditugunak ere ez du ematen handiagoak izango direnik», aipatu zuen atzo Maria Jesus Oriak Ezkio-Itsasoko Eztalagoiti baserrian dituzten sagarrondoei buruz. Lehen hauek 10,5 euroan salgai ziren.
Frutekin segiz, Aramakoen deigarritasuna ere beste behin aipagai. Zurutuza ahizpek india-mahatsa gehitu zioten azken astetako magurdi, marrubi, eta andere-mahats gorri eta beltzei.
Barazkietan apio hosto berriak 50 zentimotan salgai zituen Edurne Jauregik: «Gustu berezia dute eta hau ere ikasi egiten da, baina behin ohituz gero motela geratzen da bota ezean». Oraindik ilarrak eta babak zenbait postutan ikusten badira ere, ia onenak emanda gehienak, eta hauen tokia hartzen ari dira uda-udakoak diren tomate, piper, leka, luzoker eta abarrak. Eta neguko jana ziurtatu nahi duenak atzoz geroztik lonbarda-aza landareak ere erosi ditzake, 8 euroan ehuneko sorta.
Bestalde, udaberriko zizak uzten ari diren tokia hartzen ari direla onddoak baiezta daiteke. Oraindik ere kanpokoen kopurua da nagusi, baina bertako 50 kilotik gora onddo ere baziren atzo plazan.
Feria, ekintza sozialetarako gune ere bai
Negoziotarako bakarrik ez, beste hainbat ekintza sozial ere bete ditu feriak goierritarren artean. Hona Eusebio Igartzabal gabiriar bertsolariari jasotako pasarte bat.
Gabiriako gizon ezkondu eta hiru alaben aita bat joan omen zen feriara eta han topo egin Segurako mutil gazte batekin. Hasi dira hizketan, eta Gabiriakoak galdetu omen zion maiorazgoa ote zen eta andregairik ba ote zeukan. Segurarrak «ez bat eta ez bestea» erantzun. Orduan gabiriarrak, hark bazeukala harentzako moduko alaba, bera ere etxerako modukoa iruditzen zitzaiola eta hala pentsatzen bazuen Gabirian etxea non zegoen esan omen zion.
Gaizki ez iruditu nonbait, eta segurarra joan zen bada hango ezagutzak egitera. Etxera bueltan Gabiriara ezkondutako batekin topo egin eta hasi dira hizketan:
– Hik ze etten dek hemen?
– Lehengo asteazkenean Villafrankan juntau nintzen hor beheko baserriko gizonakin eta esantzien alaba zeukala netzako moukoa, ta pentsatzen banon ikusi bat emateko ta hortxe izan naiz.
– Ta gustau al tzak neskea?
– Bueno neskea ez da polit-politte re baino etxe horrek dauken mandioa…
Ezkondu eta ondorengoak oraindik jarraitzen dute.














