
Herrian bizi diren jatorri ezberdinetako herritarrek kultura eta tradizioak ezagutzeko asmoarekin, Kultur Aniztasunaren Eguna ospatzen ari dira Legazpin. Oripavi elkarteak antolatu du ekimena, eta denera, hamasei jatorri edo kultura ezberdinetako produktuak, jantziak eta jakiak ikusi eta probatzeko aukera dago Euskal Herria plazako arkupeetan jarri dituzten postuetan. Eguerdi partean hasi da festa pizten. Pixkanaka baina azkenerako jende dezente gerturatu da, postuak ikustera. Besteak beste, Txina, Sahara, Pakistan, Senegal, Guatemala, Maroko edota Txileko jakiak eta produktuak dituzte postu horietan; beste batzuk, berriz, artisau lanak eta pitxi edo apaingarriak. Plazan berriz, Saharako jaima edo estalpe moduko bat zegoen. Umeentzako jolasak eta tailerrak ere prestatu dituzte antolatzaileek. Horrela, umeek ere kultur aniztasuna landu dezaten. Izan ere, Lorratz aisialdi taldearekin, munduan zehar egiten diren jolasak ikasteko aukera izan dute. Umeen artean arrakastarik handiena izan duena, ordea, plazan jarri duten ahari erraldoia izan da, barruan txirrista bat zuena. Folklore jaia Kultur ezberdinetako produktuen azokak bete du goiz parteko egitaraua, baina arratsaldean, munduko folklore erakustaldia egin dute. Herrialde ezberdinetako dantza eta musika taldeak uztartuz, ikuskizun koloretsua osatu dute. Legazpiko Sustraia dantza taldekoek zabaldu dute ekitaldia, Euskal Herriko dantzarik esanguratsuenen errepaso bat eginaz. Segidan, Hego Amerikako herrialde ezberdinetako etorkinak elkartzen dituen Kari-Wari elkarteko bi kidek, Ekuadorko bonba dantza [...]

Auzoko jaiak ospatzen ari dira Ordiziako Altamiran. Atzokoa izan zuten estreinaldia, eta gaur, umeen txanda izan da goiz partean. Gaztetxoentzako krosa egin dute aurrena, eta marrazki lehiaketa ondoren. Jenderik gehiena, ordea, eguerdi parterako hasi da plaza ingurura biltzen, orduan hasi baita patata tortilla lehiaketa. Zazpi bikote edo taldek parte hartu dute aurten, batzuk abilezia handiarekin, komeri gehiagorekin besteak. Trikitilariek lagunduta poteoa ere egin dute gero. Arratsaldean segiko du festak, mus txapelketarekin eta Iban magoak umeentzat egingo duen saioarekin. Eguneko ekitaldi nagusietako bat, 18:00etan hasiko dena izango da. Altamira, Otegienea-Majori eta Eskarabilla auzoen arteko herri kirol saioa egingo dute. Gauean bertso afaria izango da, eta Drindots taldeak joko du gero. Mozorro lehiaketa eta matutina ere egingo dituzte, goizaldean.
