
Tolosako Hiltegiak Ordiziako Udalari jakinarazi dionez, bihartik abuztuaren 29a bitarte (bi egunak barne) ez da arkume pisaketarik egingo Ordiziako azokan, eta Makila zerbitzua ere ez dute emango. Tarte horretan Tolosako Hiltegia itxita egongo da.

Lazkaon bizi den Alberto Carrascal madrildarra jaso du aurten Goiekik antolatutako Enpresa Ekimen Berrien XV. Sariketa, enpresen adimen artifizialean eta datuen azterketan oinarritutako proiektu batekin. Sari nagusia, ordea, Goiener kooperatibako Joanes Maizarekin partekatu behar izan du Carrascalek, nahiz eta diru proportzio bera ez jaso. Lehen sariari 4.000 euro eman dizkiote aurten, eta bigarrenari 2.000 euro. Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onenaren saria, berriz, Sinertecnic S.L. enpresarentzat izan da (3.000 euro).

Ordiziako Herri Antzokiak hiru saio berezi emango ditu gaur, bihar eta etzi. The Amazing Spiderman proiektatuko dute hiru dimentsiotan hiru egun horietan, ordutegi honetan: gaur, 19:30ean; eta bihar eta etzi 21:00etan.

Ordiziako Mendizaleak elkartekoak Pirinioetako Tena bailaran (Hueska, Espainia) izan dira asteburuan. Eguraldi ederra lagun, Gran Facha (3.005 metro) mendia, Arrielgo lakuak, Foratatako lepoa eta Anayet mendi-gainak ezagutu zituzten, eta Sallent de Gallego herria ere bisitatu zuten. Igandero-igandero etxe inguruan egin dituzte ibilaldiak Ordiziako Mendizaleak taldekoek, eta uztailero Pirinioetara antolatzen duten ibilaldi honekin ematen diote bukaera 2011-2012 ikasturteko jardunari, irailean berriz martxan hasteko. 21 urte daramatzate uztailero Pirinioetara joaten.
