Legazpi Gipuzkoako artzainen topagune
Iraileko lehenengo igandearekin bat, aurten ere Gipuzkoa guztiko artzainen topaleku bihurtu da Legazpi. Eguraldi onak lagunduta giro bikaina izan zen herenegun goiz osoan Euskal Herria plazan eta herriguneko gainontzeko txokoetan. Goizean gauzatu ziren, batez ere, Artzain Eguneko ekintza nagusienak. Eguerdira bitartean artzainen eta horien ogibidearen inguruko makina bat erakusketa ikusteko aukera izan zen plazan: artisau erakusketa, Euskal Herriko Ardi Latxaren arrazako ardi eta aharien erakusketa edo ardi mozte erakusketa, batzuk aipatzearren. Gaztari eta ardiari lotutakoa lehiaketak ere izan ziren, guztien artean garrantzitsuena, Gipuzkoako Ardi Gazta Lehiketa. Aurten 28. aldiz egin da, eta Goierrin gelditu da sari nagusia, Joseba Insausti ordiziarrarena izan baita epaimahikoen ustez aurkeztutako hamabost gazten artean onena. Beste horrenbeste urtetan aurkeztu da Insausti Legazpiko Artzain Eguneko gazta lehiaketara, hamabost alegia, eta aurtengoa izan da sari nagusia eskuratu duen lehen aldia. Iban Garate aktore azkoitiarraren eskutik jaso zuen saria. Legazpin aurkeztu duen gaztagatik galdetuta, gatzagin naturalekin egindako gazta dela esan du Insaustik. «Gazta zaharra da aurkeztutakoa, otsailean egindakoa. Ketu gabekoa da, baina bixi puntu bat duena. Gazta zaharra izanda beste batzuk baino eginagoa dago», gehitu du. Bere gazta izan zen epaimahai ofizialarentzat onena. Baina urtero, haurrek egiten duten dastatzean ere, berea izan zen aurkeratu zutena. Legazpin saria irabazteak «ilusio [...]
Iraileko lehenengo igandearekin bat, aurten ere Gipuzkoa guztiko artzainen topaleku bihurtu da Legazpi. Eguraldi onak lagunduta giro bikaina izan zen herenegun goiz osoan Euskal Herria plazan eta herriguneko gainontzeko txokoetan.
Goizean gauzatu ziren, batez ere, Artzain Eguneko ekintza nagusienak. Eguerdira bitartean artzainen eta horien ogibidearen inguruko makina bat erakusketa ikusteko aukera izan zen plazan: artisau erakusketa, Euskal Herriko Ardi Latxaren arrazako ardi eta aharien erakusketa edo ardi mozte erakusketa, batzuk aipatzearren.
Gaztari eta ardiari lotutakoa lehiaketak ere izan ziren, guztien artean garrantzitsuena, Gipuzkoako Ardi Gazta Lehiketa. Aurten 28. aldiz egin da, eta Goierrin gelditu da sari nagusia, Joseba Insausti ordiziarrarena izan baita epaimahikoen ustez aurkeztutako hamabost gazten artean onena. Beste horrenbeste urtetan aurkeztu da Insausti Legazpiko Artzain Eguneko gazta lehiaketara, hamabost alegia, eta aurtengoa izan da sari nagusia eskuratu duen lehen aldia. Iban Garate aktore azkoitiarraren eskutik jaso zuen saria.
Legazpin aurkeztu duen gaztagatik galdetuta, gatzagin naturalekin egindako gazta dela esan du Insaustik. «Gazta zaharra da aurkeztutakoa, otsailean egindakoa. Ketu gabekoa da, baina bixi puntu bat duena. Gazta zaharra izanda beste batzuk baino eginagoa dago», gehitu du. Bere gazta izan zen epaimahai ofizialarentzat onena. Baina urtero, haurrek egiten duten dastatzean ere, berea izan zen aurkeratu zutena.
Legazpin saria irabazteak «ilusio berezia» egin diola esan du artzain goierritarrak. «Sari honekin, nahiakoa dut urte guztirako», aitortu du. Hala ere, bihar Ordiziako Euskal Jaian egingo den Idiazabal gazta lehiaketan jarrita ditu begiak. «Hori da artzain guztiontzat urteko egunik garrantzitsuenetakoa», dio.
Hain zuzen, atzo eraman zuen Insaustik Ordiziara biharko leihaketan aurkeztuko duen gazta. «Legazpin aurkeztutakoaren antzekoa da, pare bat egun lehenago egindakoa. Gazta biguna da», zehaztu du.
Omenaldiak ere bai
Gaztarenaz gainera, beste hainbat lehiaketa ere egin zituzten herenegun. Gazta Dastatze Herrikoian, aurten ere, herritarrek egin zituzten epaile lanak. Arantxa Garaibururen gazta izan zen onena horien iritziaren arabera. 21. aldiz egin zen, bestalde, Gipuzkoako ardiki sukaldatze lehiaketa. Okila elkartearentzat izan zen lehen saria, epaimahaiaren iritziaren arabera.
Lehiaketekin amaitzeko, arratsaldean Urtatzako zelaian Gipuzkoako 44. Artzain Txakurren Txapelketa egin zen . Gipuzkoako zazpi txakurrek hartu zuten parte, eta Jose Mari Plazaola arrasatearraren Gure txakurra izan zen txapelduna.
Aipatutako erakustaldiez eta lehiaketez gainera, omenaldietarako tarterik ere izan da aurtengo Artzain Egunean. 25 urtetan zehar artzainen eta artzaintzaren alde egindako lanagatik Idiazabal Jatorrizko Izendapenari omenaldia egin zioten Legazpin.
Bestetik, Oñatiko Urtigain baserriko Julian Korta eta Zegamako Buenavista baserriko Juan Aldasoro artzainak ere omendu dituzte Gipuzkoako Artzain Egunean. Urtero bezala, Amerikan artzain izandako euskaldunak ere gogoan izan dituzte aurten. Martin Irazoki eta Santiago Mitxeltorena izan dira aurten Legazpin omendu dituzten bi artzainak.













