Erdi Aroko artisautza azoka egingo dute lehenengo aldiz Legazpin
Artisautza azoka egingo dute lehenengo aldiz Legazpin, bihar hasi eta igandera bitartean. Pegasus Mercats Tematic enpresa katalanak antolatuko du azoka, Nabarrherri Ekimena diruz laguntzeko helburuarekin, eta Legazpiko Udalak ere bere babesa eskaini du. Artisautza azoka Erdi Aroan girotuta egongo da, eta estatuko herrialde ezberdinetatik etorritako 50 artisau inguru batuko ditu. Iñigo Gallartzagoitia Nabarrherri Ekimeneko koordinatzaileak adierazi duenez, helburua «kalitatezko azoka tematiko bat» antolatzea da. Memoria historikoa Nabarrherri ekimena memoria historikoa, ondare kulturala eta Euskal Herriko historia lantzen dituen taldea da. Horrela laburbildu du Gallartzagoitiak aldarrikatzen dutena: «Euskal Herria inoiz zerbait izan bada, Nafarroa izan da. Nazio kultura –Euskal Herria– eta nazio politikoa –Nafarroa– txanpon bere bi aurpegiak dira». Mendeetan atzera eginda, Nafarroaren, eta ondorioz baita Euskal Herriaren historia politikoa ere, Orreagako batailoian, Eneko Aritza errege izendatu zutenean eraikitzen hasi zela uste du Nabarrherri ekimenak. Euren ustez, «beharrezkoa da nondik sortu garen jakitea, nora joan nahi dugun ulertzeko». Asteburu honetan egingo den artisautza azoka, datorren asteburuan Agorreko Santikutz jaien barruan egingo den Nabarrherri eguna finantzatzeko izango da. Gallartzagoitiak jakitera eman duenez, «momentuz 50 bat artisauek baieztatu dute azokan euren parte hartzea». Estatuko herrialde ezberdinetakoak izango dira, «Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Kantabriatik, Andaluziatik, Madrildik eta Euskal Herritik bertatik ere etorriko dira», zehaztu du. [...]
Artisautza azoka egingo dute lehenengo aldiz Legazpin, bihar hasi eta igandera bitartean. Pegasus Mercats Tematic enpresa katalanak antolatuko du azoka, Nabarrherri Ekimena diruz laguntzeko helburuarekin, eta Legazpiko Udalak ere bere babesa eskaini du.
Artisautza azoka Erdi Aroan girotuta egongo da, eta estatuko herrialde ezberdinetatik etorritako 50 artisau inguru batuko ditu. Iñigo Gallartzagoitia Nabarrherri Ekimeneko koordinatzaileak adierazi duenez, helburua «kalitatezko azoka tematiko bat» antolatzea da.
Memoria historikoa
Nabarrherri ekimena memoria historikoa, ondare kulturala eta Euskal Herriko historia lantzen dituen taldea da. Horrela laburbildu du Gallartzagoitiak aldarrikatzen dutena: «Euskal Herria inoiz zerbait izan bada, Nafarroa izan da. Nazio kultura –Euskal Herria– eta nazio politikoa –Nafarroa– txanpon bere bi aurpegiak dira».
Mendeetan atzera eginda, Nafarroaren, eta ondorioz baita Euskal Herriaren historia politikoa ere, Orreagako batailoian, Eneko Aritza errege izendatu zutenean eraikitzen hasi zela uste du Nabarrherri ekimenak. Euren ustez, «beharrezkoa da nondik sortu garen jakitea, nora joan nahi dugun ulertzeko». Asteburu honetan egingo den artisautza azoka, datorren asteburuan Agorreko Santikutz jaien barruan egingo den Nabarrherri eguna finantzatzeko izango da.
Gallartzagoitiak jakitera eman duenez, «momentuz 50 bat artisauek baieztatu dute azokan euren parte hartzea». Estatuko herrialde ezberdinetakoak izango dira, «Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Kantabriatik, Andaluziatik, Madrildik eta Euskal Herritik bertatik ere etorriko dira», zehaztu du.
Artisautza eta gastronomia
Kultura eta herri ezberdinetako artisautzak eta gastronomiak egingo dute bat Euskal Herria plazako inguruetan. Gastronomiari dagokionez, «aparteko zerbait aipatzearren, Galiziako olagarroa eskainiko duen taberna bat» izango dela jakinarazi du Gallartzagoitiak. Gainerakoan, leku ezberdinetako gaztak, gozoak, eztia, ogia, krepeak, gozokiak, patata frijituak, mojitoak eta edari izoztuak edo olioak izango dituzte bisitariek aukeran.
Artisautza produktuetan ere eskaintza zabala izango da. Arropa, bitxiak, larruz egindako osagarriak, oinetakoak, kandelak eta apaingarriak edo perfumeak eta intsentsuak, batzuk aipatzearren. Euskal Herria plazan jarriko dituzten postuez gainera, musika animazioa eta kale antzerkia ere izango dira bihar arratsaldean eta larunbatean eta igandean egun osoan zehar.
Azokak jarraipena izango du nolabait hurrengo asteburuan. Hilaren 15ean Nabarrherri eguna antolatu dute. «Euskal kultura eta nafar identitatea lantzeko» gune berezia izango da.