Azken urteetako turismo datuak errepikatu dira Goierrin aurtengo udan
Udako oporraldia amaituta, ohiko turismo datuen gora beherak aztertu dituzte eskualdeko bi turismo eragileek, eta jada egin dituzte kalkuluak. Datuak aztertuta orokorrean azken urteetako joera mantendu dela esan liteke. Bisitari kopuruari dagokionez 10.994 bisitari kontatu ditu Goiturrek, eta UGGASA Urola Garaiko Garapen Agentziak 8.885 bisitari. Goiturrek ateratako ondorioen arabera, turismoa %1,8 igo da aurtengo udan Ataun, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo ekipamendu turistikoetan. Uztailean jaso dituzte bisitari gehien Goierri beheko turismo bulegoetan –5.765 bisitari– , baina abuztuan ere gertu ibili dira –5.229 bisitari–. Iaztik aurtengo udara emandako igoera kontuan izanda, Goierrin «turismoa aurreruntz doan sektore ekonomikoa» dela azaldu du Goiturrek. Uggasa Urola Garaiko Garapen Agentziak emandako datuen arabera, berriz, Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko turismo baliabideak bisitatzen 7.815 turista izan dira. Bisitari gehien jaso dituen baliabidea Antioko baseliza izan da, 5.621 bisitarirekin. Ondoren daude zerrendan Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoa eta Legazpiko Euskal Burdinaren Museoa eta Mirandaolako Burdinola. Eskualdera gerturaru diren turistei dagokionean, ia urtero bezala Euskal Herriko turistak eta Herrialde Katalanetako bisitariak izan dira gehiengoa. Orokorrean, ordea, Espainiako erkidego eta probintzia guztietako jendea izan da eskualdean. Turista atzerritarren kopuruak ere nabarmen egin du gora aurten uztailean eta abuztuan, eta Europarrak eta Iparramerikarrak izan dira batez ere oporrak [...]
Goiturrek ateratako ondorioen arabera, turismoa %1,8 igo da aurtengo udan Ataun, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo ekipamendu turistikoetan. Uztailean jaso dituzte bisitari gehien Goierri beheko turismo bulegoetan –5.765 bisitari– , baina abuztuan ere gertu ibili dira –5.229 bisitari–. Iaztik aurtengo udara emandako igoera kontuan izanda, Goierrin «turismoa aurreruntz doan sektore ekonomikoa» dela azaldu du Goiturrek.
Uggasa Urola Garaiko Garapen Agentziak emandako datuen arabera, berriz, Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko turismo baliabideak bisitatzen 7.815 turista izan dira. Bisitari gehien jaso dituen baliabidea Antioko baseliza izan da, 5.621 bisitarirekin. Ondoren daude zerrendan Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoa eta Legazpiko Euskal Burdinaren Museoa eta Mirandaolako Burdinola.
Eskualdera gerturaru diren turistei dagokionean, ia urtero bezala Euskal Herriko turistak eta Herrialde Katalanetako bisitariak izan dira gehiengoa. Orokorrean, ordea, Espainiako erkidego eta probintzia guztietako jendea izan da eskualdean. Turista atzerritarren kopuruak ere nabarmen egin du gora aurten uztailean eta abuztuan, eta Europarrak eta Iparramerikarrak izan dira batez ere oporrak Goierrin igaro dituztenak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako turisten eta inguruko erkidegoetako bisitarien presentzia ere nabarmen igo da.
«Kanpainaren ondorio»
Bisitan izan diren turistek gainera, egonaldi luzeagoak egin dituzte aurtengo udan Goierri behean: batez beste 4 edo 5 egunetik gorako egonaldiak izan dira. Goierri garaiko datu zehatzik gabe, «abuztuan alojamenduak kubrituta» egon direla zehaztu du Edurne Etxeberria turismo teknikariaren esanetan.
Uztaileko eta abuztuko joerak irailean ere hala jarraituko duela gehitu du Etxeberriak, eta lehen bi asteetan behintzat alojamenduak «nahiko beteta» izango direla zehaztu du.
Goiturren esanetan «Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban eginiko kanpaina promozionalek bere eragina izan dute museoetan». Eguneko bisitari kopuruan somatu du hori Goiturrek. Horrez gain, krisi egoera dela-eta, «euskaldunak egun gutxiagotarako joan dira oporretara» turismo agentziaren ustez, eta «etxean igaro dituen egunetan bertako errekurtso turistikoak bisitatu ditu».
Kanpainaren barruan egin duten ekintzetako bat Donostiako turismo bulegoan Goierriko turismoari buruzko inprimakiak jartzea izan da, eta eskualdeko turismo bulegoetan Donostiako gidak banatzea.
Jatetxeetan gastu gutxi
Turismo datuetan aldaketa nabarmenik egon ez bada ere, diru sarrerak ez dira berdin iritsi sektoreko atal edo zerbitzu guztietara. Turistek eta bisitariaek alojamenduetan egin dute gasturik handiena, baina gastu hori ez da berdin islatu jatetxeen erabilpenean. Hostalaritzan turismoaren mugimendua atzeman bada ere, gastu gehiena garraioan, erosketetan eta alojamenduan egin da.
Esan behar da, gainera, aurtengo udako bero boladek ez dutela gehiegi lagundu Goierriko turismoa bultzatzeko. Izan ere, bero aurtengo udan egindako bero sargoriak jendea kostaldera eraman du, eta horrek eragina izan du eskualdeko turismo datuetan.














