Elikaduraren burujabetza eskatu du EH Bilduk Ordiziako azokan
Elikaduraren inguruko gogoeta egiteko Ordiziako azokan izan da goizean Iñaki Lazarobaster, EHNE sindikatuko kideak. EH Bildu koalizioak lehen sektorearen inguruan dituen proposamenez aritu da hizketan Lazarobaster, “gaur egun elikaduraren inguru...
Elikaduraren inguruko gogoeta egiteko Ordiziako azokan izan da goizean Iñaki Lazarobaster, EHNE sindikatuko kideak. EH Bildu koalizioak lehen sektorearen inguruan dituen proposamenez aritu da hizketan Lazarobaster, “gaur egun elikaduraren inguruan hartzen diren erabaki garrantzitsu guztiak baserritar arruntetatik eta herritarretatik oso urruti” hartzen direlako. Erabaki gune horietan elikadura “merkantzia huts bezala” ulertzen dutela salatu du EHNEko kideak, eta ondoren erabaki horien eragina Euskal Herrian eta mundu zabalean hedatzen dela.
Erabaki horien ondorioak baserritarrek eta arrantzaleek bizi dituztela gaineratu du Lazarobasterrek, eta horrez gain, “elikadura osasuntsu baten galera, ingurumenaren kaltetzea eta abar luze bat” dakartela. Guzti horrekin amaitzeko “elikaduraren burujabetza” da EH Bilduk egiten duen proposamena, Euskal Herriak “nekazaritza, arrantza eta elikadura politikak defendatzeko daukan eskubidea” gogoratuz.
Elikaduraren burujabeza “ezkerreko mugimendu askoren aldarrikapena” bihurtu dela esan du Lazarobasterrek, eta “urtetik urtera ozenago entzuten” dela. Horregatik, krisitik ateratzeko bide gisa planteatzen du elikaduraren burujabetza koalizioak, bide horretan pausoak emanda “beste gizarte eredu bat” eraikitzeko.













