Hamar elkarrizketatik ia lau euskaraz dira Ordizian, espero baino gehiago
Uste baino datu baikorragoak utzi ditu Soziolingustika Klusterrak Ordiziako hizkuntza-erabilerari buruz iaz egindako kale neurketak: Ordiziako herritarren hamar elkarrizketatik ia lau (%38,6) euskaraz dira. Datua espero baino hobea dela nabarmendu dute herenegun egin zen aurkezpenera inguratu ziren herritarrek; izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenak garatutako formula baten arabera, eta Ordiziako errealitate soziolingustikoa aintzat hartuta, %27koa da Ordizian espero zitekeen euskararen kale erabilera. Olatz Altuna Klusterreko kideak gidatu zuen aurkezpena, herenegun. Ez da lehen aldia Ordizian antzeko kale neurketa bat egiten dela. Orain dela 18 urte erdigunean egin zen behaketa baten arabera, %23,4 ziren soilik euskarazko elkarrizketak, eta gaur egun, nabarmen hazi da euskararen erabilera (%42,5) erdigunean. Iaz egindako neurketan Ordiziako 1.592 herritarren elkarrizketak entzun zituzten behatzaileek –lagina 4.754 herritarrekoa da–, eta erdigunea ez ezik, herri osoa hartu zuten aintzat, herria lau gunetan banatuta. Erdiguneko datu horren arabera, euskararen erabileraren bilakaera positiboa da. Euskaraz gehien, erdigunean Kalean jendeak zenbat euskara erabiltzen duen jakiteko lehen neurketa 1989an egin zen, eta geroztik lauzpabost urtean behin egiten da. Neurketa egiteko, aurrez, egun, ordu eta ibilbide batzuk zehazten dituzte behatzaileek, eta kale horietan topatutako jendea zein hizkuntzatan hizketan ari diren neurtzen dute, hiztunei zuzenean ezer galdetu gabe. Behatzaileek elkarrizketetan erabilitako hizkuntza apuntatzen dute, [...]
Ez da lehen aldia Ordizian antzeko kale neurketa bat egiten dela. Orain dela 18 urte erdigunean egin zen behaketa baten arabera, %23,4 ziren soilik euskarazko elkarrizketak, eta gaur egun, nabarmen hazi da euskararen erabilera (%42,5) erdigunean. Iaz egindako neurketan Ordiziako 1.592 herritarren elkarrizketak entzun zituzten behatzaileek –lagina 4.754 herritarrekoa da–, eta erdigunea ez ezik, herri osoa hartu zuten aintzat, herria lau gunetan banatuta. Erdiguneko datu horren arabera, euskararen erabileraren bilakaera positiboa da.
Euskaraz gehien, erdigunean
Kalean jendeak zenbat euskara erabiltzen duen jakiteko lehen neurketa 1989an egin zen, eta geroztik lauzpabost urtean behin egiten da. Neurketa egiteko, aurrez, egun, ordu eta ibilbide batzuk zehazten dituzte behatzaileek, eta kale horietan topatutako jendea zein hizkuntzatan hizketan ari diren neurtzen dute, hiztunei zuzenean ezer galdetu gabe. Behatzaileek elkarrizketetan erabilitako hizkuntza apuntatzen dute, eta horrekin batera, euskararen erabileran eragina duten eta neurketetan kontuan hartzen diren aldagai batzuk: sexua, adina eta haurren presentzia. Altunaren arabera, metodologia horrek «diskrezio osoz» jokatzeko aukera ematen die behatzaileei.
Iaz egindako neurketan lau gune edo ibilbidetan banatu zuten Ordizia. Lehenengo gunean Foruen pasealekua, Gudarien Etorbidea eta Orexa parkea daude, besteak beste; bigarrenean, Kale Nagusia, Plaza Nagusia, Garagartza Plaza, Urdaneta kalea eta Joseba Rezola pasealekua; hirugarrenean Nafarroa Etorbidea, Gipuzkoa kalea eta Otatza plaza, besteen artean; eta laugarrenean, Euskal pilota, Majori kiroldegia eta Altamira.
Zonalde horiek kontuan hartuta, «nabarmen gehiago» entzuten dea euskaraz hizketan erdigunean (lehen gunean %44,1 eta bigarrenean %41,6), Gipuzkoa plaza eta Altamira inguruan baino (%33,8 eta %31,1 hurrenez hurren). «Orain arteko neurketak Ordiziako erdigunean egin izan direnez, ez dakigu beste eremuetako urteetako bilakaera nolakoa izan den», esan zuen Altunak.
Datuen alderaketa
Hamar hizketalditatik ia lau euskaraz badira ere, gaztelaniaz dira elkarrizketa gehienak Ordizian, %57,8. Eta beste hizkuntzatan ematen diren elkarrizketak ere nabarmendu zituen Altunak, %3,6koa baita portzentaje hori. «Hori etorkin kopuruaren araberakoa da, baina kopuru altua da». Euskal Herrian bataz beste kaleko hizketaldien %13,3 dira euskaraz, eta Gipuzkoan %32,7. «Ordizian, beraz, zifra altuagoan gabiltza, kontuan hartuta %58,2 direla euskaraz dakitenak».
Inguruko tamaina bertsuko beste herri batzuekin alderatuz, Ordizian eta Legazpin antzeko ezagutza maila baldin badago ere –Legazpiren kasuan %57–, Ordizian gehiago entzuten da euskaraz Legazpin (%28,3) edota Zumarragan baino (%22,3).
Umeen eragina helduengan
Euskal Herriko eta Gipuzkoako datuetan gertatzen ez den bezala, Ordizian gehiago hitz egiten duten emakumeek euskaraz gizonezkoek baino (%41,6 eta %35,3 hurrenez hurren). Bestalde, adinak euskararen erabileraren garrantzia duela ondorioztatu du ikerketak: zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskaraz: umeek %57, gazteek %44,1, helduek %30,1 eta adinekoek %24,8.
Azterketak erakutsi duen beste datu bat da haurrek eragina dutela helduen hizkuntzan; izan ere, helduen eta umeen arteko ia hizketaldi erdiak (%48,1) dira euskaraz. Helduen artean %24,6ra jaisten da euskararen erabilera.














