Proposamenak aztertzeko garaia da etzira arte
Ia hamabost eguneko tartea izan dute alderdietako ordezkariek astelehenetik aurrera Eusko Legebiltzarrean jarraituko duten politika zein izango den azaltzeko. Hamaika ekitaldi egin dituzte hamahiru alderditako hautagaiek, herritarren botoa eskuratzeko hitzak, opariak eta estrategiak erabiliz. Orain, ordea, herritarren txanda da. Gaur da hauteskunde kanpainako azken eguna, eta bihar orain arte jasotakoa barneratzeko eta botoa zein alderdiri eman erabakitzeko unea.
Guztira, etzi, 45.428 goierritarrek izango dute botoa emateko aukera –iraileko azken zentsoaren arabera–. 09:00etan irekiko dituzte hauteslekuak, eta 20:00ak arte egongo dira irekita. Ordutik aurrera, zenbaketen garaia izango da. Hamahiru alderdiren artean egin beharko dute goierritarrek aukeraketa. EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta PP dira, inkesten arabera, boto gehien jasoko dituzten alderdiak, eta lehia estuena alderdi jeltzalearen eta koalozioaren artean egongo dela ditoe inkeste berdinek.
Lau alderdi horiez gain, Gipuzkoan UPyD, Equo-Berdeak, PACMA, Aulki Zuriak, Partido Humanista, PUM+J eta UEC dira, adibidez, zerrenda aurkeztu duten alderdiak. Hamahiru alderdi horien zerrendetan 14 ordezkari goierritar daude: EAJ-PNVko sei (Ane Urkiola, Garbiñe Mendizabal, Luke Uribe-Etxeberria, Felix Urkiola, Karlos Ormazabal eta Itziar Agirre), EH Bilduko lau (Juanjo Agirrezabala, Lorea Agirre, Josu Aztiria eta Mari Mar Zelaia), PSE-EEko bi (Fernando Fariñas eta Arantzatu Gonzalez), Ezker Batuko bat (Mari Jose Vazquez) eta PPko bat (Julio Herreros).
Emaitzen jarraipena HITZAn
Igandeko emaitzen inguruko jarraipen berezia egingo du Goierriko Hitza egunkariak webgune nagusian –goierri.hitza.eus–. Eskualdeko 22 herrietako emaitzak bilduko ditu bertan, datuen bidez eta irudi grafikoen bidez.
Arratsaldeko zortzietatik aurrera, hauteslekuak itxi orduko, Goierriko emaitza guztiak kontsultatzeko aukera egongo da.













