Dolumina, kolorez eta argiz jantzita
Lierni Elortza • Azokako berriemalea Tenperatura atsegina eta eguzkiaren distira lagun izan zituen atzoko feria koloretsuak. Datorren astean loreen salerosketak goia joko du. Atzo, berriz, ondo saldu arren, batez ere loreak enkargatzeko aprobetxatu zuten askok goiza. Oso aukera zabala aurkeztu zuten, gustu eta poltsiko guztietara egokitzeko modukoa. Aramako Maria Dolores Mendizabalek esaten zigunez, «lehen moztutako loreekin egindako zentroetara gehiago jotzen zuen jendeak, iaz hasi zen eta aurten are eta gehiago somatzen da lore biziak erostearen aldeko joera». Hala, prezioak oso esparru zabala hartzen du. Adibide batzuk aipatze aldera: dozena krabelin erabiliz egindako zentroak 30 euroan daude salgai, eta handienek, gladiolo, lilium, larrosa… konbinatuz, 90 arteko prezioa izan dezakete. Lore potak merkeagoak dira: krisantemok 8 euroz geroztik lor daitezke; eta lore sortei dagokionez, krabelin dozena 15ean eta gladioloena 18an aurki daiteke. Azken momentuan erosteko utzi duenak jakin beza datorren asteazkenean egun osoan izango direla lore saltzaileak Ordiziako plazan; baita ostegun goizean ere. Bestalde nobedade izan ziren mizpirak, sagar errezilak, arto opilak… datorren astean aipagai izango ditugunak. Salmenta edo erakusketa? Galdera egiteko adinekoa zen Lasaren postuak atzo agertu zuen itxura. Zortzi onddo eta perretxiko mota konta zitezkeen atzo ferian, eta hori espezie bakoitzak izan ditzakeen bariedade ezberdinak kontuan hartu gabe. Ondoan agertzen [...]
Tenperatura atsegina eta eguzkiaren distira lagun izan zituen atzoko feria koloretsuak. Datorren astean loreen salerosketak goia joko du. Atzo, berriz, ondo saldu arren, batez ere loreak enkargatzeko aprobetxatu zuten askok goiza. Oso aukera zabala aurkeztu zuten, gustu eta poltsiko guztietara egokitzeko modukoa. Aramako Maria Dolores Mendizabalek esaten zigunez, «lehen moztutako loreekin egindako zentroetara gehiago jotzen zuen jendeak, iaz hasi zen eta aurten are eta gehiago somatzen da lore biziak erostearen aldeko joera».
Hala, prezioak oso esparru zabala hartzen du. Adibide batzuk aipatze aldera: dozena krabelin erabiliz egindako zentroak 30 euroan daude salgai, eta handienek, gladiolo, lilium, larrosa… konbinatuz, 90 arteko prezioa izan dezakete. Lore potak merkeagoak dira: krisantemok 8 euroz geroztik lor daitezke; eta lore sortei dagokionez, krabelin dozena 15ean eta gladioloena 18an aurki daiteke. Azken momentuan erosteko utzi duenak jakin beza datorren asteazkenean egun osoan izango direla lore saltzaileak Ordiziako plazan; baita ostegun goizean ere.
Bestalde nobedade izan ziren mizpirak, sagar errezilak, arto opilak… datorren astean aipagai izango ditugunak.
Salmenta edo erakusketa?
Galdera egiteko adinekoa zen Lasaren postuak atzo agertu zuen itxura. Zortzi onddo eta perretxiko mota konta zitezkeen atzo ferian, eta hori espezie bakoitzak izan ditzakeen bariedade ezberdinak kontuan hartu gabe. Ondoan agertzen den zerrendan erreparatzea aski da.
Ordizia eta Extremadura
Extremadurak ere bere presentzia bazuen atzo Ordizian. Batetik usoak Caceres inguruan ehizatuak zirelako, eta bestetik, aurtengo azeituna garaiari hasiera eman dioten oliba freskoak Badajoztik ekarriak zirelako; «aire batean saldu ditugu ekarritako kiloak» aitortu zigun Teo Muñozek.
Laster hasiko da artzainentzat urteko garairik lanpetuena. Gehienak tratuak etxetik bertatik egiten dituzte eta horien berri ere izango duzue lerro hauetan. Atzokoari dagokionez Ordiziako baskulan 5 arkume pisatu ziren, hiru kiloko 4 euroan saldu zituzten, eta beste biak 5 euroan.














