Eitzagan aldapako azken eraikinari lotuta egingo dute lehen etxebizitza blokea
Zumarragako Eitzaga auzoan egingo dituzte eraikuntza berriko hurrengo etxebizitzak. Lur mugimenduak azaroan amaituko dituzte. Lehenengo fasean Antio hiribideko aldapan goran, azkeneko eraikinari lotuta egingo dituzte lehen etxebizitzak.
Eraikin berrian San Gregorio kaleko 37. zenbakiko bizilagunentzako izango dira 12 etxebizitza, eraikin hori bota egingo baitute. Eraikineko beste etxebizitzak babes ofizialekoak izango dira. Goenaga eraikuntza enpresak eremu guztia urbanizatuko du; barneko errepidea, jolas parkea eta berdegunea egingo dituzte.
Urrian egitekoak ziren babes ofizialeko lehenengo etxebizitzen zozketa, baina ez dute oraindik zozketa iragarri. Goenaga enpresa baimen batzuen zain dago, eta horiek lortu bezain pronto zozketa egingo dutela esan du Mikel Serrano Zumarragako alkateak: «Etxebideri eman dizkiogu dagoeneko zerrendak».
Aldapari jarraiki segituko dute etxebizitza blokeen eraikuntzarekin. Babes ofizialeko 224 etxebizitza eraikitzekoak dira Eitzagan, eta guztira 410 inguru egingo dituzte, etxebizitza libreak barne. Eitzaga auzoaren, Intxausti baserriaren eta hilerriaren arteko eremuaren itxura erabat aldatuko du hirigintza proiektu honek.
Semaforoa Eitzagan
Zumarragako auzoan beste berrikuntza bat ere egingo dute aurki. GI-632 errepidean, Eitzaga gainean, semaforoa jarriko dute. Parke botanikotik auzora doan errepidea segurtasunez zeharkatzea erraztuko du semaforoak. «Bizilagunekin hartutako konpromisoari erantzungo diogu», esan du Serranok.
Korta taberna ondoko arrapalari ere konponbidea emateko asmoa daukate. Bertako garajeetako sarbidea saihestu, eta errotondatik sartu ahalko dira erabiltzaileak.














