Santos Regil: «Igandeko partida inflexio puntua izatea nahi dugu»
Hamabi urterekin hasi zen errugbian Santos Regil (Ordizia, 1974), eta 14 eta 23 urte bitartean internazional modura jokatu zuen maila guztietan. Ekainean eskaini zion ORE Ordiziako Rugby Elkarteko zuzendaritzak kargu berria, eta «erronka polita» zela iritzita, baiezkoa eman zuen. Azken urteetan beheko mailetako eta bigarren taldeko jokalariekin aritu da lanean, eta gaur-gaurkoz, haren arduren artean dago klubeko talde guztien lana planifikatzea. Zer moduz bizitzen ari zara kirol zuzendari modura ari zaren lehen hilabeteak? Gustura, alde batetik etxeko jende asko ari zaidalako laguntzen, eta babes hori sentitzen dudalako. Baina beste alde batetik, derrigorrezko nerbio horiek pasatu beharra daude, eta oso gaizki pasatzen duzu batzuetan, ez zenuelako pentsatzen horrenbesterainokoa izango zenik. Momentu batzuk daude partidetan… baina baita ere saiatzen naiz partidatik urrundu eta pixka bat gainetik ikusten. Bestela, denbora guztian entrenatzaile bezala baldin bazaude, talde guztiekin desgastatzen zara… Nik entrenatzaile lanak bigarren taldearekin egiten dut batez ere, eta beste guztiekin egiten dudana da batez ere planifikazioa, eta talde bakoitzaren entrenatzaileei delegatzen dizkiet bere lanak. Zerbaitek bereziki harritu al zaitu postu horretan zaudenetik? Goi mailako jokalariekin tratuan oso ondo, beldur pixka bat baineukan kontu horrekin, orain arte gaztetxoekin aritu naizelako batez ere. Alderdi horretatik oso ondo, oso sorpresa positiboa. Eta gero, ba saihestu [...]
Hamabi urterekin hasi zen errugbian Santos Regil (Ordizia, 1974), eta 14 eta 23 urte bitartean internazional modura jokatu zuen maila guztietan. Ekainean eskaini zion ORE Ordiziako Rugby Elkarteko zuzendaritzak kargu berria, eta «erronka polita» zela iritzita, baiezkoa eman zuen. Azken urteetan beheko mailetako eta bigarren taldeko jokalariekin aritu da lanean, eta gaur-gaurkoz, haren arduren artean dago klubeko talde guztien lana planifikatzea.
Zer moduz bizitzen ari zara kirol zuzendari modura ari zaren lehen hilabeteak?
Gustura, alde batetik etxeko jende asko ari zaidalako laguntzen, eta babes hori sentitzen dudalako. Baina beste alde batetik, derrigorrezko nerbio horiek pasatu beharra daude, eta oso gaizki pasatzen duzu batzuetan, ez zenuelako pentsatzen horrenbesterainokoa izango zenik. Momentu batzuk daude partidetan… baina baita ere saiatzen naiz partidatik urrundu eta pixka bat gainetik ikusten. Bestela, denbora guztian entrenatzaile bezala baldin bazaude, talde guztiekin desgastatzen zara… Nik entrenatzaile lanak bigarren taldearekin egiten dut batez ere, eta beste guztiekin egiten dudana da batez ere planifikazioa, eta talde bakoitzaren entrenatzaileei delegatzen dizkiet bere lanak.
Zerbaitek bereziki harritu al zaitu postu horretan zaudenetik?
Goi mailako jokalariekin tratuan oso ondo, beldur pixka bat baineukan kontu horrekin, orain arte gaztetxoekin aritu naizelako batez ere. Alderdi horretatik oso ondo, oso sorpresa positiboa. Eta gero, ba saihestu ezin dena: jendeak kalean gelditzea eta gauzak esatea… Baina hori ere polita da, horrek esan nahi baitu errugbia kalean dagoela, Ordizian eta Goierrin geroz eta gehiago hitz egiten dela errugbiaz, eta gainera, beti bilatu du klubak hori horrela izatea.
Presiorik sentitzen al duzu, edo ardura da sentitzen duzuna?
Hasieran beti sentitzen da presio hori, eta uste dut presio pixkat norberak bere buruari sartzea ona dela, baina neurri bilatzea ere ez da erraza. Azkenean erraza baita baso bat uretan itotzea. Baina zentzu horretan, ondoan daukadan jendearekin gustura nago, babestu egiten nautela sentitzen baitut. Nik uste dut aurrerago ikusiko dela presioaren kontu hori nola doan, oraingoz oraindik ondo. Epe batzuren barruan ari gara lanean, eta printzipioz, epe horren barruan egiteko jarritako lana betetzen ari gara. Denbora badago.
Zein da zehazki azken hilabeteetan egin duzun lana? Non ari zarete inziditzen?
Aurreneko lana izan da entrenatzaileen ikuspegia aldatzen saiatzea, edo berritzen saiatzea. Azkeneko urteetan hobetu egin dugu arlo horretan, baina eredu bezala hartzen baditugu Irlanda edo Argentina, oraindik falta zaigu. Entrenatzailearen figurari garrantzia handia ematen diote herrialde horietan. Irlandan, esaterako, eskolako maisuek erakusten dute errugbia, eta pedagogia arloa kontutan hartuta irakasten dute. Hemen ohituta gaude gauzak esatera, baina nahi duguna da jokoaren bidez erakutsi, hau da, hitzetatik ekintzetara pasatzea izango litzateke. Aldaketarik handiena izango litzateke planifikazio lan hori aldatu dela; lehen entrenamendu bat prestatzen zenuen hamar minutuan, eta orain derrigorrez ordubete pasa behar duzu paperaren aurrean entrenamendua prestatzeko. Aurreko lan horretan hobetu nahi dugu, mutilek ikus dezaten dena ondo antolatuta dagoela. Seriotasuna transmititu nahi dugu, ez gauzak esanez, baizik eta hainbat adibide eta eredu jarrita.
Eta zer moduzko emaitzak ematen ari da aldaketa hori?
Aurreneko hilabeteetan antzeman dena da jokalarientzako ere berria dela lana egiteko era hau, baina segituan ulertu dutela zer den transmititu nahi duguna.
Eta zein da zuzendari tekniko modura betetzen duzun lana? Zeintzuk dira zure lanaren helburuak?
Arlo teknikoan ari naiz ni batez ere. Zer landu, nola landu, zer adinetan, noiz hasi gauza bat egiten, noiz hasi bestea egiten… Kirol zuzendariaren lana beste bat izango litzateke, fitxaketei eta diruari buruz hitz egiten delako batez ere. Beheko taldeekin formazioan sakontzen ari gara, eta aurreneko taldearekin garatu beharreko estrategiak lantzen ari gara. Formazioaren alorrean, lortu nahi duguna da hogei urteko mutil bat lehen taldean jokatzeko moduko izateko zer lan egin beharra daukagun.
Zuk, gainera, ondo ezagutzen duzu kluba, beheko mailetan ere aritu izan baitzara.
Igor Saizek eta biok nazioarteko mailako ikastaroak egin ditugu, titulua ere badugu, eta klubeko beste bost mutilek lehen maila ere egina daukate. Maila bakoitzean titulazio hori duen norbait jartzea garrantzitsua dela uste dugu, horrek ematen baitigu aukera mundu guztian erabiltzen den sistema pedagogiko martxan jartzeko. Argentinan, Inglaterran eta Frantzian erabiltzen den metodoa da, besteak beste. “Ondo egin badezakezu, ez gaizki egin”. Hori da klubean barneratzen saiatzen ari garen mezua. Kostatu egingo da, gauza bat delako esatea, eta beste bat egitea, baina nik uste dut bidea hori dela, mutilei kalitate ukitu hori ematea.
Erritmo falta dela, jarrera falta, zortea… Ampo Ordiziaren liga hasiera gorabeheratsu samarra izaten ari da. Zein da zure iritzia? Zer balorazio egiten duzu?
Gorabeheratsua izan daiteke hitza, bai. Baina gorabehera horiek normalak izaten dira horrenbeste aldaketa egon diren etxe batean, eta horretarako denbora behar izaten da. Clinton Sills etorri da guregana, Zeelanda Berriarekin Hego Afrikarekin aurka seven-a jokatuta dagoen mutil bat, baina ikusten ez duguna da 22 urte dauzkala, bere etxetik milaka kilometrotara dagoela, ez duela inor ezagutzen, eta hau beste mundu bat dela berarentzat. Sills jokalari bat da, baina beste lau dauzkagu egoera berean. Eta etxekoekin, nahi eta nahi ez, beti daukagu itxoiteko joera hori, ea zer ematen diguten aurten. Batzuk itxoiten egon direlako, eta beste batzuk egokitzeko denbora behar dutelako, oreka falta izan zaigu. Oreka hori lortzeko lanean ari gara, baina lan hori ez zelai barruan bakarrik egin beharrekoa, baizik eta talde lana egin beharra daukagu, eta kanpotik etorritako jokalariak egokitzeko ekimenak ere sustatu beharra dauzkagu.
Orain arte zeuden atzerritarrek bazeramaten denbora bat Ordizian…
Bai, hemen bizi ziren, jendea ohituta zegoen haiek kalean ikustera, eta haiekin hitz egitera, eta nahi duguna da fitxatu berriekin gauza bera gertatzea bi hilabetean, eta hori ezinezkoa da. Patxadaz hartu behar dugu lan hori. Entrenatzen ondo ari gara, jende gogotsu dago, baina falta zaiguna da ditugun adar guztiak ondo saretzea. Lan hori egiten hasiak gara, eta lan horren emaitzak jasotzen hastea falta zaigu orain. El Salvadorren aurkako partida hori inflexio puntu bat izango da zentzu horretan.
Zaleak, esate baterako, oso kritiko azaldu ziren Gernikaren aurka etxean galdutako ligako partidaren ondoren. Foroetan-eta hitz gogorrak entzun ziren.
Foro horietan mundu guztiak dauka bere iritzia emateko aukera, eta guk, egia esan, beti nahi izan dugu jendeak errugbiari buruz hitz egitea, nahiz eta kritikak izan. Gernikaren aurkako partidan oso ondo hasi ginen, baina bigarren zatian dena aldapa gora jarri zenean, dena aldatu egin zen zelaian. Bazirudien etxeko jokalariak atzerriko jokalarien zain zeudela haiek zer egingo, eta atzerrikoak ere berdin etxekoei begira. Konfiantza falta hori sumatu zen bigarrengo zatian, kohesio falta. Eta hau guztia esaten dut Gernikari ezer kendu gabe, oso talde indartsua baita. Hasieran partidetan normala da hori, eta pixkanaka hobetuko dugu.
Zaleen exijentzia maila horrekin bat egiten al duzu? Edo iazko denboraldia bikainak gauzak zaildu egin dizkizue aurtengoari begira?
Zaleen partetik jarrera hori izatea normala da, azkeneko 15-18 hilabeteetan gauza oso politak bizitzera ohitu baitira. Gurdi horretatik ez du inork jaitsi nahi, baina beharbada hori ez da gaur egungo errealitatea, nahiz eta denboraldi bukatzerako horrelako zerbait errepika daitekeen. Zaleen artean denetik dago, eta denetik egon behar du. Nik esango nukeena da Ordiziak ez zukeela horrenbeste jende mugiaraziko lortu duena lortu izan ez balu. Jende asko mugitzen duzunean hori gertatzen da. Zale batzuk badaude asko exijitzen dutenak, eta orain dela urtebete ez zekitenak zer zen errugbiko baloi bat. Guk garbi daukaguna da gure helburua denboraldiaren bukaeran goian egotea dela, baina denak bere denbora behar duela.
Beraz, pazientzia da eman nahi duzuen mezuetako bat.
Bai. Bero-bero eginda zaudenean horrelako gauzak normala izan daiteke, baina hotzean gauzak beste modu batera ikusten dira. Etxeko mutilak lehengo taldean ikusi nahi ditu jendeak, baina gero ez dakit zein talderen aurka galtzen badugu, kritikak etortzen dira. Nik uste dut gauzak ondo egiten ari garela, eta lan horrek bere fruituak emango dituela epe ertain batean.
Mikel Aizpurua da denboraldi hasieratik lehen taldearekin ari denetako bat.
Bai, eta Aizpuruaz aparte, Joanes Mujika eta Asier Korta ere hor daude, besteak beste. Jubeniletan azkeneko urtea duten jokalari interesgarri batzuk ere baditugu, txikitatik internazional jokatu dutenak, Euskadiko selekzioarekin txapelketa guztietan jokatu dutenak… Entrenatzen-eta pausuak ematen ari dira, gorputza hartzeko ere pare bat urteko lan fisikoa behar dute, baina etorkizuna badago. Behar duguna da jokalari horiek etorkizuna izatea, eta ez oraina.
Datorren asteburuan denboraldi honetako lehen partida erabakigarrienetako jokatuko duzue etxean El Salvadorren aurka. Kopako finalerdietara sailkatzea dago jokoan. Superkopako finalari ez zenioten beharbada behar adina garrantzia eman, baina igandekoa beste kontu bat da ezta?
Bai, eta horretaz aparte, gure zelaian eta gure jendea aurrean dugula partida on baten beharra daukagu, gure buruan sinesteko eta aurrerapauso hori emateko. El Salvador hartzea, edo El Salvadorren zelaian jokatzea, alde handia dago. Asteburuko partida hori baliatu behar dugu inertzia positibo hori hartzeko, eta gora begira jartzeko. Horretarako ari gara lanean, eta mutilak ere ilusio horrekin ari dira. Lehen esan bezala, El Salvadorren aurkako partida inflexio bat izatea nahi dugu.
Quesosen aurkako ligako partida, esaterako, ona izan zen, nahiz eta azkenean ez irabazi. Hor sumatu zenuten aurrerapauso hori?
Partida oso ona izan zen. Berrogei minutu oso onak jokatu genituen, eta ordu laurden bat oso txarra, eta tartean, hogei minutuan, 13 jokalari 15 jokalariren aurka aritu ginen. Pepe Rojon sekulako punturik lortu gabe geunden, puntu batekin etorri ginen, eta jendea ez da horrekin gogoratu ere egiten. Urtea luzea da, baina egia dena da etxean hasi behar dugula daukagun potentziala erakusten.
El Salvadorrek garai hobeak ere bizi izan ditu, baina beti da aurkari zaila.
Amling Cup-era joan diren taldeek –guk ere izan genuen, baina uko egin genion, eta oraindik Gernika ari da– ordaindu egin duten aukera hori modu batera edo bestera, edo kirol aldetik edo ekonomia aldetik. El Salvadorrek beti eduki du eskola oso handia eta ona, eta kirol aldetik ez du asko antzeman, baina ekonomikoki bai, milioi erdiko zorra baitauka. Aurtengo taldea osatzerakoan jubenil batzuk igo dituzte, eta bost edo sei fitxaketa egin beharrean, hiru fitxaketa egin dituzte.
Beraz, Europari uko egitea erabaki zuzena izan zela esan daiteke.
Amling Cup-a jokatzeko prestatuta ez gaudela uste dut, ez gu, eta ezta beste euskal taldeak ere. Biarrizko zenbait jenderekin hitz eginda, haiek esaten ziguten aukera errealena zela Hego Euskal Herriko taldeek frankizia bat lortzea, eta klub guztien artean eustea frankizia horri. Horrek gizarte mailan ere eragina izan dezake, euskal marka bat Europan saldu ahal izateko. La Vilari gertatu zitzaion iaz, martxorako soldatak ordaindu ezinik zebilen, eta gero hori zelaian ikusi zen. Bizkaia Gernikak, berriz, ideiak argi zeuzkan, laguntza ere izango zuten, eta aurrera egin dute. Kirol mailan hazi nahi baldin badugu, urrats hori egin beharko dugu, bestela beti izango gara garenak.
Hamabost eguneko atsedenaren ondoren iritsiko zarete partida horretara, eta min hartutako jokalari bat baino gehiago errekuperatuta egongo dira ordurako. Zeintzuk dira igandeko partida irabazteko gakoak?
Aurtengo puntu potentea aurrelarietan daukagula uste dut. Iaz hiru laurdenak baldin baziren gure puntu fuertea, abiadura eta hori, aurten gure puntu fuertea aurreneko eta hirugarren lerroan daukagu, nahiz eta azken asteetan hiru laurdenetan ere hobetu egin dugun. Aurrelarietan gai gara bultza egiteko fuerte, baloia mantendu eta erritmoarekin jokatzeko, eta uste dut hortik joan beharko ginatekeela. Eta gero baloi onak baldin badauzkagu atzerako, jokalari azkar asko dauzkagu, eta Clinton Sills eta Phil Huxford bete-betean jartzen direnean, min asko egin dezakegu. Baina iaz baloi asko hiru laurdeneko lerrora joaten baziren, aurten aurrelariekin lan egiten ari gara partidetan.
Bestela ez al du sentsazioa ematen Ordiziarena plantilla murritz samarra dela? Non sumatzen dituzue hutsune nabarmenenak?
Hori ere egia da, baina kontutan hartuta mugatuta gaudela atzerriko jokalariak fitxatzeko, eta baita diru aldetik ere, etxeko mutilak igotzea ere ez da erraza, maila horretan jokatzeko prest egon behar baitute. Batzuk fisikoki prest egon daitezke, baina buru aldetik ez.
Zure lanetako planifikazioa dela aintzat hartuta, eta iaz Gorka Nuñez prestatzailearekin taldeak fisikoki oso ondo bukatu zuela aintzat hartuta, aurten ere antzera ari al zarete lanean? Hau da, denboraldi bukaerarako indarrak gordetzen ari al zarete?
Aurten bi talde gehiago daude ligan, eta orduan play off-etan ere lau partida jokatu beharko dira. Planifikazioa egiteko garaian helburua beti izaten da denboraldiko azken laurden horretan indartsu egotea. Orduan, bi denboraldi aurre daude; bat izaten da oso luzea eta fuerte, hori udakoa izaten da. Hor hobekuntza fisikoa antzematea zaila da, erritmoa partidaz partida hartzen baita. Eta gero beste denboraldi aurre bat, laburragoa, Eguberrietan izaten da, eta otsail inguruan antzeman beharko litzateke egindako lan guztia. Nik uste dut Eguberrietatik aurrera taldeak beste txispa bat izango duela, entrenamenduak ere zentzu horretan prestatzen ari baikara. Gorkarekin ere egiten ari garen lana integratuagoa da, hau da, fisikoa eta teknikoa uztartzen ari gara. Zentzu horretan asko hobetuko dugu urte pare batean, gaur egun gimnasioa zelaira jaitsi baitugu.













