Lau harakinek parte hartuko dute datorren igandeko
Zumarragako 30. Buzkantza Lehiaketa izango da datorren igandean, Busca Isusi gastronomo zumarragarraren omenezko 27. edizioa. Aurtengo txapelketan lau harakinek parte hartuko dute.
Berritasun bakarra dakar lehiaketak, aurretik txapelketari erakusketa gehitzen bazioten, oraingoan lehiaketa baino ez dute egingo. «Gastuak murriztearren baliabideak optimizatu ditugu, jarduera guztiekin jarraitu ahal izateko», azaldu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak.
Lehiaketaren oinarrietan buzkantza definitu dute lehenengo eta behin: ardi odolez eta ardi gantzez egindako odolkia. Zehaztu dute kipulekin eta porruekin egiten direla, eta behiaren odola erabiltzea onartuko dutela «ardiarena nahastuz edo hura ordezkatuz».
Epaimahaia zortzi aditu inguruk osatuko du; tartean izango da Tito Busca, Jose Maria Busca Isusiren semea. Hamabost urte dira Usua Busca arrebari epaimahaikide lanak egiteko lekukoa hartu ziola. Familiaren izenean laguntzen du lehiaketan, eta horrek «lan serioa egitea» eskatzen dio, «derrigor».
Egun, parte hartzea asko jaitsi da. «Hasi nintzen urteetan, lehiaketa irekia zen, norberak etxean edo baserrian egindako buzkantza aurkeztu zitzakeen. Orain, harakin profesionalak baino ezin dira aurkeztu». Iraganean 40 eta 50 buzkantza egile inguruk parte hartzen zuten.
Onena aukeratzeko irizpideak
Buzkantza gutxienen produktua dela dio Buscak, «lehen ardi gehiago zegoen baserrietan, eta odolkiak ardi zaharrekin edo hiltzen zirenekin egiten zituzten. Zapore bizikoak izan ohi ziren». Egun, ardi gazteagoen gantza erabiltzen dute, «eta gantza da odolkiaren eta buzkantzaren arteko alde bakarra; izan ere, txerri eta behi odolak ere erabiltzen dira buzkantza egiteko».
Kalitateari dagokionez, buzkantzak urte batzuetan beste batzuetan baino hobeagoak direla dio, «nahiz eta zergatia zein den ez dakidan». Kalitateak, oro har, hobera egin du, baina «dagoeneko ez dira produktu merkeak. Lehen sastarrekin egiten ziren, orain sekulako lana egiten dute harakinek». Lan horren isla da lehiaketara eramaten dituzten buzkantzen artean onena aukeratzeko, «akats gutxien duena» hautatzen dutela.
Akatsa izan daiteke, adibidez, kanela gehiegi gehitzea, eta produktu gaziari gozoaren zaporea ematea, edo osagaiak hain txikituta egotea «gantza desagertu eta buzkantza konpaktuegia bihurtzea».
Epaimahaikideen artean adostasuna lortzeko arazo gehiegi ez dute: «Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean eta elkarri begiratuta besteak pentsatzen duena badakigu».
Tito Buscak badauka eskakizun bat, Serrano alkateari inoiz luzatu diona: «Herritarren parte hartzea bultzatu beharko litzateke elkarteetako kideak epaimahaira gonbidatuz. Emakumeen falta sumatzen da gehien».














