Pili Barandiaranek irabazi du Ataungo mondeju beltzaren herriko lehiaketa
Udazken freskoaren eta umelaren osagaiekin ospatu dituzte astebukaeran Ataun San Martin auzoko eta Aramako festak. Barru girorako gonbita gehiago egiten bazuen ere, pentsatuta bezala garatu zituzten jai-egitarauak bi herrietan. Ataunen IV. Mondeju Lehiaketa egin zuten, larunbat eguerdian, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Udaletxepeko arkupeetan aurkeztu zituzten herriko mondejugileek hestebeteak, herrian ohitura den bezala ardi odolarekin eta gantzarekin egindakoak. Pili Barandiaranek irabazi du mondeju lehiaketa. Bigarren Juanita Bikuñak egin du, eta hirugarren postuan hirukote bat geratu da, Jon Lasa, Marijose Baztarrika eta Nekane Aldasoro, batera aurkeztu baitziren. Epaimahaia Milagros Iturriozek, Santos Aldasorok eta Iker Markinezek osatu zuten. Haien aburuz, «partaide guztiek oso kalitate oneko mondejua» egin dute. Igandea, zaindariaren eguna izateaz gainera, herriko jubilatuentzat aparteko festa jartzeko ere baliatu zuten. Erretiratuen egunean, lagunarteko bazkaria egin zuten, mezaren eta ondorengo saldaren jarraian. Jentilen Etorrerak ere urteroko hitzorduari eutsi dio. Kale ibilaldia egin dute aurten, jaien azken puntua ipintzeko, igande arratsean. Plazatik Iztatorrera joan-etorria osatu zuten, lehenbizi agintarien eta herritarren saldoa joan, eta jentilekin eta sorginekin batera etorri. Araman herri giro paregabea Aramarrek hiru eguneko jardunaldia izan dute, herritarren artean elkartu eta jaiak bertan pasatzeko. Ostiralean hasita, kirolak eraman du egitarauaren haria, egunero izan baitira lehiaketak. Hiruna jokalariko saskibaloi txapelketak sustraiak bota ditu Araman, [...]
Ataunen IV. Mondeju Lehiaketa egin zuten, larunbat eguerdian, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Udaletxepeko arkupeetan aurkeztu zituzten herriko mondejugileek hestebeteak, herrian ohitura den bezala ardi odolarekin eta gantzarekin egindakoak.
Pili Barandiaranek irabazi du mondeju lehiaketa. Bigarren Juanita Bikuñak egin du, eta hirugarren postuan hirukote bat geratu da, Jon Lasa, Marijose Baztarrika eta Nekane Aldasoro, batera aurkeztu baitziren.
Epaimahaia Milagros Iturriozek, Santos Aldasorok eta Iker Markinezek osatu zuten. Haien aburuz, «partaide guztiek oso kalitate oneko mondejua» egin dute.
Igandea, zaindariaren eguna izateaz gainera, herriko jubilatuentzat aparteko festa jartzeko ere baliatu zuten. Erretiratuen egunean, lagunarteko bazkaria egin zuten, mezaren eta ondorengo saldaren jarraian.
Jentilen Etorrerak ere urteroko hitzorduari eutsi dio. Kale ibilaldia egin dute aurten, jaien azken puntua ipintzeko, igande arratsean. Plazatik Iztatorrera joan-etorria osatu zuten, lehenbizi agintarien eta herritarren saldoa joan, eta jentilekin eta sorginekin batera etorri.
Araman herri giro paregabeaAramarrek hiru eguneko jardunaldia izan dute, herritarren artean elkartu eta jaiak bertan pasatzeko. Ostiralean hasita, kirolak eraman du egitarauaren haria, egunero izan baitira lehiaketak.
Hiruna jokalariko saskibaloi txapelketak sustraiak bota ditu Araman, urtero egiten baitute lehiaketa. Irabazleak Julen Zufiria, Itsaso Garmendia eta Ainitze Aiertza izan dira aurten. Ostiralean herri afaria egin zuten gero, 70 bat lagunek. Toki Alai tabernak antolatutako mozorro lehiaketa Alaine Goikoetxeak, Amets Arteagak, Unai Galparsorok eta Jon Barbadillok irabazi zuten.
Haurren egunean, larunbatean, 23 neska-mutiko elkartu ziren bazkarian. Helduek, berriz, mus txapelketa jokatu zuten. Zortzi bikote aritu ziren, eta txapeldun Igor Olazabal eta Haritz Urretabizkaia atera ziren, Mikel Turrientes eta Jose Manuel Ezkerra finalean menderatuta. Seiko urre txapelketan Sabina Aldasoro izan zen garaile. Iluntzeko gaztaina janera «jende asko» inguratu zen, udaletik azaldu dutenez.
Igandean, Oroith Txiki abesbatza ordiziarraren emankizunaren ondotik, hamaiketakoa eskaini zuen udalak. Toka txapelketa ere jokatu zuten. Ekhi Irribarriak, Lierni Iztuetak eta Haritz Urretabizkaiak eraman zituzten maila bakoitzeko sariak.
Azkenik, pilota jaialdian, esku huskako erakustaldian Iker Irribarria aramarrak eta Tolosak 22 eta 20 irabazi zioten Olaetxea-Sanchez bikoteari. Aramako 20. Pala Txapelketako finala ere jokatu zen. Alaine Goikoetxea eta Axier Mujika izan ziren txapeldun, 25 eta 19 irabazi baitzieten Marijo Olazabali eta Asier Unanueri. Herriko bi taldek herri-kirol saioa egin zuten ondoren.















